Badago Sarean 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' kongresuko mintegi birtuala
Iratxe Ormatza
Gasteizen euskal diasporearen ganeko kongresua egin zan maiatzean eta aurkeztu barri daben mintegia haren jarraipena da. Antolatzaileen esanetan, jarraipen birtuala 'abentura' bat da eta parte hartu gura dabenei zabalduta dago. Sarearen bitartez, mintegi birtuala euskaldunen lekua munduan zehar zabaltzeko asmoa daukie.
Foroan parte hartzeko, parte hartzaileek lehenengo izena behar dabe, eta horren ostean, galderak, eretxiak, burutazinoak eta abar bialdu leikiez. Urriaren 31ra arte zabalik egongo da mintegia. Oscar Alvarez Gila historialari eta kongresuko antolatzailearen berbetan, 'lehengo aldia da Internet bidez mintegi bat antolatzen doguna eta emoitzea ez dakigu zein izango dan. Halanda be, gurako geunke danak ondo urtetea'.
Ahalik eta parte-hartzaile gehien izatea da helburuetako bat. Gasteizera joan barik geratu ziranei euren eretxiak eta galderak plazaratzeko aukerea zabaldu gura deutsie.
Kongresuko web-orria euskosare.org da eta ondoko gaietan banatu dabe: euskal etxeak eta instituzinoak, Iturriak, bibliografia eta metodologia, Gerra Zibila eta erbestaldia, euskaldunen ganeko kanpoko ikuspegia; emakumearen historia, euskaldunen prentsa Ameriketan, sasoi koloniala; enpresa sareak, gaur egungo hartu-emonak diasporeagaz, euskaldunak Ameriketan XIX. eta XX. mendeetan.
Hurrengo kongresua Montevideon (Uruguai) egiteko amesa daukie, datorren urtean. Izan be, kongresua ibiltaria izatea da antolatzaileen helburua.