Modearen menpe
Soinekoak Euskal Herrian
Erromatarrak eta Bisigotuak Euskal Herrian zehar ibili ziraneko kontakizunetan zera esaten jaku jaka eta jantzien ganean: orkatiletan larruzko kordoiak erabilita batzen ebiezan prakak euskaldunek. Oinak babesteko auntzaren larruagaz egindako sandaliak erabilten ebezen. Azkenik, ganetik ardiaren laneaz egindako mantea edo kapatxua erabilten eben. Erdi Aroko sasoi honetan erabilten ziran kapatxu honeek, mendeak aurrera joan ahala ‘kapusaia’ legez ezagutzen ziranak. Kapusaia, normalean, artzainek erabilitako kapa edo pontxo antzekoa zan. Zulo bakarra eukan aurrealdean burua sartzeko eta ardien larruagaz egindakoa zan. Euriaren kontrako babesa koipeak emoten eban.
Hurrengo mendeetan ikusitakoaren arabera, gizonezkoek praka zabal eta laburrak, orkatilera artekoak, eta emakumeak gonak erabilten ebiezan. Beharbada deigarriena emakumezkoek buruan eroiazan zapi antzekoak ziran. Burukoaren formearen arabera, emakumea ezkondua, ezkonbakoa edo alarguna zan jakiterik egoan sasoi baten.
XVII. mendera aldera, euskaldunen soinekoen ganean egindako deskripzinoak aldaketa gitxi batzukaz gaur egungo jantzietara ekarri deuskue. Manuel Larramendi ezagunak idatzitakoa ikusten badogu, abarkak mantentzen ziran, baita kapusaiak be. Emakumeen buruetan zapiak ziran nagusi. Larramendik emondako deskribapenean argi dago ez zala gauza bera lanerako soinekoa edo jai egunetan erabilten zana. Azken honeek, baserritarrak herrira joan eta ‘jantzietxeak’ deitutako etxeetan jaietarako jantziak jarten ebiezan.
Gizonezkoek jaka zabalak eta prakak erabilten ebiezan. Azpitik ‘atorra’, hau da, zati bakar batean linoz egindako alkondarea. Buruan txapela. Emakumeek, gonak. Azpitik, ‘atorramanka’ deitutako gonazpikoak. Antza, Gipuzkoa aldean emakumeen soinekoetan kolore zuria zan erabiliena. Buruan, azkenik, ‘ixaratxoa’ deitutako zapiak ulea guztiz tapetan eban.
Bai Larramendik zein sasoiko edo geroko idazleek behin eta barriro aitatzen dabe modeak eukan eragina. Emakumeek gastu ugari eukiezan, askotan handi-gureek etxekoei zorrak ekarten eutsiezan.
Ibilaldi labur hau egiterakoan honako hau argi geratzen da: gizon eta emakumeen beharrizanak soinekoen aldetik ez dira asko aldatu azken 30.000 urteotan. Bai aldatu dira, ostera, ohiturak eta modak, batez be. Modearen ondorioz, gure jantziek gero eta gitxiago irauten dabe. Urtero hainbat arropa erosten dogu eta askotan erabili be ez doguz egiten. Batzuk garapena eta modernidadea dala dinoe...
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Goizean altzau eta egiten dogun lehenengo gauzetariko bat zein erropa eroan behar dogun pentsetea izaten da. Eguraldia, sasoia, adina, gustua edo modak baldintzatzen gaitue, besteak beste, eroan behar doguzanak erabagiterakoan. Hurrengo lerroetan euskaldunak historian eroandakoei botako deutsagu begiradatxoa.
Atzeraka begiradea botata ez daukagu gatx jakitea zeintzuk izango ziran gure arbasoek eroandako lehenengo jantziak: narruzko soinekoak. Santimamiñen edo Axlorren bizi ziranak animaliak ehizan atrapau eta hareen narruagaz egiten ebezan jantziak. Gaur egun, antzinako jantzi honen lekuko gerrikoak eusteko eta apaingarri modura eroandako bitxiak baino ez jakuz geratu. Gero, jakina, hurrengo belaunaldietan eta ehiztariak izatetik nekazariak izatera pasau ziranean, oraindino mantendu ebezen jantzietan narrua eroateko ohiturea.
Ikertzaileen esanetan, sasoi honetakoa da baita oinetakoak eroatearen ohiturea. Beraz, ez dau jakiterik zehatz noiz hasi ziran gizonezkoak eta emakumezkoak oinetakoak eroaten, narrruzkoak izanda ez jakulako honeen arrastorik be geratu. Baina, zeozer gehiago jakiteko, ikertzaileek kontutan hartu dabe gure behatz txikiak izandako bilakaerea edo eboluzinoa. Hau da, gero eta txikiago eta gero eta indar gitxiago daukie gizonen behatz txikiek, beraz, horren esanahia zera da: gero eta gitxiago erabilten doguzala eta bere garaian ortozik ibilterakoan garrantzitsuak baziran be, behin oinetakoak erabilten hasita honen garrantzia gero eta txikiagoa izan dala eta egunen batean, milaka urte pasata, behatz txiki hori guztiz desagertuko dala, ordurako gizakirik badago, behintzat. Holan ba, ikertzaileen esanetan, behatz txiki horrek azken 20.000 edo 30.000 urteetan izandako bilakaeraren ondorioz jakin geinke gitxi gorabehera sasoi horretan hasi zirala gizon emakumeak oinetakoak erabilten. Ikusten dogunez, ba, narruzko oinetakoetatik guk ezagutu doguzan abarketetara ez dago salto handirik.