Lehengo buruan Txapela
Finaleko aleak
Igor Elorza
Doinua: 'Munduan libre bizi izatea' (zazpi puntukoa)
Mugikorraren epokaraino
pasa dan mendetik salto,
horrek ni poztu e(g)iten nau noski,
ahaztu dodaz mila malko.
Familiko ta lagun guztiak
konbidatu dodaz gaurko,
danak afaritarako
egun handia dalako,
hazurrak dodaz apur bat gogor
ta bihotza nahiko txarto,
baina umorea daukat ondino
beste ehun urtetarako.
Gorputza daukat nik zahartuta
baina bai bihotza gazte,
gaur be umorez ta barriketan
ibili naz aske-aske
ta beste batzuk hor dabiz beti
malaletxe eta peste,
zenbat ta zenbat gitxieste,
badogu nahiko kontraste,
egun barri bat argitzea da
niretzat pozteko beste
ta gazte asko ikusten dodaz
beti dabizenak triste.
Zelan izan lei hain gazte eta
bizi izatea tristerik,
holan badira igual ez dabe
merezi izango besterik.
Nik pentsau be ez egun bakar bat
debalde joaten ixterik,
beti urten da neugandik,
bihotza bueltaka jabilt.
Zaharra nago, bai, ta ez dot uste
ni hilezkorra nazenik,
neu be joango naz mundu honetatik
baina ez gozatu barik.
Unai Iturriaga
Doinua: 'Ez nau izutzen negu hurbilak' (Leteren bertsinoa hamabiko nagusi bihurtuta)
Kandelari putz eginda gero
desioa joan da kean,
ehun urte dira, mende bat horra,
pentsatu dot bat-batean.
Gaixotasunak eduki arren
luzaroan atakean,
ondino tente ta lasai nago
basarriko atartean,
neure famili ta lagunekin
bizi gura dot bakean
ta pozik nago inorentzako
karga ez nazen artean.
Hogeigarrengo mendean jaio
ta heldu naz urrutira,
ehun urteotan makinatxo bat
gauza be aldatu dira:
lehen begiratzen gendun gabean
izar txikien dirdira,
orain ilobak ikusten dodaz
makina bati begira.
Salto galanta emon dot beraz
istoriotik historira,
mendea(r)i gaina hartzea behintzat
posible dala ikusi da.
Dana txaloa, dana zorion,
dana erregalu papela,
zelebratzen da aitite zaharra
ondino be bizi dela.
Ezin ukatu, estimatzen da
famili giro itzela,
baina badakit gaur edo bihar
mundutik joango nazela,
horretarako konsziente izanda
jokatuko dot horrela,
eta patrikan gorde behar dot
ehun da batgarren kandela.
Iratxe Ibarra
Doinua: 'Munduan libre bizi izatea'
Mundu honetan gauza ugari
tokau jata ikustea,
gerra sasoia ta gero horrek
ekarren buruhaustea.
Eta gaur barriz inguratuta,
danak amaman eskea,
bihotza daukat askea,
nahiz gorputza izan tristea,
ehun urteraino ailegau jaku
garai bateko neskea,
honaino helduta gatx egiten jat
negar malkoei eustea.
Danak dinostee: ene amama,
zuk dozu gazte pintea!
Nire inguruan loba guztiek
egin dabe gaur juntea,
eta bizitza eduki arren
guztiok diferentea,
beti izan naz balientea,
buruz oso brillantea,
ta hemen nabil neure loberi
kantuz egiten zaunkea,
beste urtebete betetzea da
orain nire erronkea.
Beste nonogaz be eingo neuke
betetze hau erdibana,
baina aitite joan jakun da
orain neuk kontau behar dana.
Gure herrian beti euki dot
burugogorraren fama,
baina gogor da amama,
hau ez da urteen zama.
Hurrengoan be loba gazteoi
e(g)ingo deutsuet laztana
ta historia nahi badozue
lasai etorri nigana.
Amaitzeko, azken buruz-burukoan Igorrek eta Unaik kartzelakoan botatakoak jarriko doguz, gaiak zelan edo halan behartuta. Honeetan bertsoetan erabagi zan finala. Unaik eskura eukan txapela, baina akats tekniko txiki batzuk galarazo eutsien. Dana dala, berton sentiduazo euskun emozinoak asko balio dau. Goi mailan ibili ziran bi durangarrak.
Gaia: Gabon Gaba da. Etxean zagoz afaltzen, bakarrik. Mahai gainean plater bi.
Igor Elorza
Doinua: Manu Chaoren 'Clandestino' doinuaren bertsino propioa, Txapelketa Nagusiko finalerako pentsautakoa.
Bi plater dagoz mahaian jarrita,
bi plater ez dira zero,
nire maitea joan egin zan
ta bihotza daukat bero,
ai, bera hemen balego,
ni ez nengoke hain ero,
gaixoa joan egin zan urrin
hogei urte eta gero,
hil eban gaixoak edo,
ta polita goian bego,
ordutik hona mahaian jarten dot
bere platera urtero.
Ha joan zanetik jaungoikoari
ez deutsat bape eskerrik,
ez dago haixe ikusi gura
ez neukan toki bazterrik.
Etorri jakun okerrik
ez ziran izan alperrik,
gaur Gabon Gabaz akordatzeko
badot maitasun indarrik,
ta egin arren negarrik,
horrek zer dauka ba txarrik!
Bakar-bakarrik ei nago baina
ez naz sentitzen bakarrik.
Ordutik hona bizimodua
bihurtu jata petrala,
barrua daukat goibel-goibela
eta antzera azala.
Hau dena ez ei da normala,
entzuten dot ze makala!
Baina maitea hain zan jatorra,
polita eta apala,
inpresinoa dot hala,
bapatean berehala,
tinbrea din-don jo ta atetik
barriz etorriko dala.
Unai Iturriaga
Doinua: 'Ez nau izutzen negu hurbilak'
Larri ibili naz azken orduan
bisiguaz apuruan,
zuk badakizu enkargatuta
genduala abenduan.
Zelan prestatu bion artean
sarri berba egin genduan
eta mahairako gertu eukiko dot
gaur toketan dan orduan,
berba egingo dogu erregearen
diskursoan inguruan,
Navalcarneron egonagaitik,
hemen bazengoz moduan.
Baina alperrik ez dot joaten
itxiko gaurko aukera,
sentimentuak, zuk badakizu,
heldu leikez urrinera.
Ez zagozala nire ondoan
hamargarrena bete da,
entzun dodanez zeure ziegan
gose greban zauz gainera.
Gure harremanan irudia dan
argazkia hementxe da:
zure gosea eta nirea
betetzen dauzan platera.
Platera dogu katea eta
aiztoa barriz arantza,
zoratzen hasi ete nazen be
maitea badot zalantza,
bertan bazengoz lez hemen nabil
honantza eta harantza.
Zu beti urrin Navalcarnero,
Soto, Herrera de la Mancha,
halan da guzti prestatu deutsut
nik neuk urteroko txantxa:
sekula gustatu ez ei jatzun
nire gustoko intxaursaltsa.
'Bertsotan' atala oparo etorri jaku urteko azken alean. Bertsook merezidu izan dabe, ala? Urtea ezin hobeto amaitzeko aukerea eskeini deuskue. Urte barriagaz kontu gehiago, zorionez bertsolaritzeak iturri emonkorra izaten jarraitzen dau eta. Zuok, bien bitartean, izan zaiteze zoriontsu Gabonetan be.
IƱaki Aurrekoetxea
Lehengo buruan Txapela. Igor Elorzak lagunei berau eskaintzen botatako bertsoagaz amaitu zan Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2002. Gurean azala eta mamia, biak merezidu ditu txapeldunak eta atxakia polita emon deusku berton kantautako bertso ederrak lasai-lasai gozetako.
Bakarreko lanak aukeratu doguz, bertsolari bakotxak euskalkiaren lanketea zelan egin dauen egokien erakusten dabelakoan. Hasteko, lehen faseko kartzelako gaian, Igorrek, Unai Iturriagak eta Iratxe Ibarrak egindako lanak jarriko doguz. Zeozer aitatzearren, gozau egizuez Igorren diskurtsoa eta joskera landua (hirugarren bertsoa idatziz be nekez hobetuko geunke), Unairen errealismoa eta konkretutasuna eta Iratxeren fintasuna eta bizkaiera koherentea (bigarrenean deklinabidearen markea be erabilten dau errima legez).
Gaia: '100 urte bete dozuz gaur. Ondino buruz argi zagoz. Oraintxe amaitu dira ospakizunak'.