Rock and roll jaia Gasteizen The Hi-Risers, Eddie Angel eta George Milleregaz
Bizkaie!
Gasteizko Hala Bedi Irratiko 'El Pintalabios' saioak zortzi urte bete ditu eta urtemugea ospatzeko rock and roll jaialdi berezi eta ikusgarria antolatu dabe irratsaioko arduradunek zapaturako (hilaren 24rako) Arabako uriburuko Helldorado aretoan. The Hi-Risers, Los Straitjackets taldeko Eddie Angel eta The Kaisers taldeko George Millerek joko dabe 'El Pintalabios pre-Attack 2005' izeneko jaialdian.
Jaialdiaren antolatzaileen esanetan, The Hi-Risers taldeak bere twist-frat-party-rock ikuskizuna eskainiko dau gaueko 22:00etan hasita. Ondoren, Los Straitjackets taldeko gitarrista Eddie Angelegaz batera, 'Eddie Angel meets The Beatles' izeneko diskoko abestiak aurkeztuko dabez. Gainera, George Milleregaz batera, The Kaisers taldearen abestiak joko dabez eta jaialdia amaitzeko, jam-session ikusgarria egingo dabe guztiek batera.
The Hi-Risers taldea New Yorken eratu zan 1998an eta bost disko kaleratuta, argi itxi dabe 1960ko hamarkadako rock and rolla energiaz beterik joteko alkartu zirala. Orain gitxi sortu arren, ez dira heldu barriak, Hank Ballard, Pee Wee Ellis, Wanda Jackson edo Rosie Flores lako musikariakaz jo dabe eta. Euren musikan estilo ugari nahasten dabez, besteak beste, rockabilly, country, doo wop edota surf musikea. Mota askotako aretoetan jo dabe eta AEB osoa zeharkatu dabe. Oraingoan Gasteizen izango dira, Eddie Angelegaz batera kaleratu daben 'Eddie Angel meets The Beatles' diskoa eta euren abesti propioak aurkezteko.