Urruzuno 2005: euskal literatura gaztea
-Idatzi.
-Zer? –harritzen zara.
-Oraintxe ikusi dozuna. Ikusi ez dozuna. Ikus zeinkena. Bizi egin gura dozu, negar egin, jakin, nabigatu?
Horretan behintzat zalantza gitxi.
-Bai ba.
Eta boltsikoan euki dozun Bic urdina eskuan dozu bat-batean eta paper bustiak dar-dar egiten dau. Ez dakizu zelan, ez dakizu zergaitik. Idatzi egiten dozu. Ezin dozu besterik egin. Seguru zagoz. Leonardoren istorioak, itsaslamiarenak, zeureak. Idatzi egiten dozu eta bizitza istorioetan taupadaka sentiduten dozu. Eta istorioak odola dira: zeurea. Eta zainak, berbaz blai.
Itzartzean ikusten dozu dana amesa zala. Gelako sabaian iretargia dago ondino. Itsatsita.
Imajinatu dozulako jainko ez zarala. Baina bazarala.
Gau mahaiko Bic urdina hartzen dozu. Zainetan daroazuzan istorioak margotzeko.
Eta goraka jausten zara.
Idazteko zaletasuna behera igoko ete da?
Xabier Paia
‘Hamabost urte daukazuzanean, mundua zeuk baino ez dozula ulertzen pentsetan dozu. Ezin dozu ulertu zergaitik jentea errietan dabilen eta zeuk errealidadearen egia kontau gura deutsazu mundu osoari. Orduan karpetan idazteari ekiten deutsazu, edota matematikako koadernoan.
Ostera, egun batean, zeure idazteko zaletasuna eskolako euskera irakaslearen belarrietara ailegetan da. Berak orduan Urruzuno literatur lehiaketearen barri emoten deutsu, zure matematikako koadernoa best-seller-a izan leitekeela esanaz.’
Holako istorio baten protagonista izan leitekez aurtengo Urruzuno sarira aurkeztu diran 511 lanen egileak. Akaso ez. Neuri euskerako irakasleak ez eustan ezer esan. Are gehiago, berak jakin ebanerako saria irabazi nebala, ni pare bat bidaia eginda egon nintzan. Kontua da Urruzuno saria irabazi dauen jente asko gaur egun komunikazino eta literaturaren esparruko erreferenteak dirala.
Momentu honetan, Euskal Herriko hogei gazte Polonian dagoz Urtzi Urrutikoetxeagaz batera. Azken urteotan urruzunotarrek idazle bat bidaide izan dabe, bisitauko daben herrialdeagaz loturea izan dauen literatura sortzaileren bat.
Berbarako, igaz Julen Gabiria eta Fernando Morillo Irlandara joan ziran irabazleakaz. Aurten, 2005eko Urruzunotarren liburuan Fernando Morillok atarikoa idatzi dau eta horren azken zati bat ekarri dot pantailara, idazle gipuzkoarraren berbakerea mendebalderantz ekarriz: