Bertsotan  IV. urtea // 128. zenbakia

Bertsolaritzearen irudia


Erdal komunidadeari euskeraz gozau leikenaren barri eskaintzeari ez eze, garrantzia emon jako kazetarien beharra erraztu eta horretarako baliabideak eskaintzeari. Asmo horregaz antolatu da kazetarientzako ikastaro berezia hilaren 26an Donostian. Egia esatera, bertsolaritzaz ezer gitxi jakinda idatzi behar izaten dauenak gustura jaso beharko leuke gonbitea. Horrezaz ganera, bertsozale.com web gunea goitik behera barriztuta aurkeztu dabe, eta Txapelketea dala-eta beren beregi sortutako web gunea be sareratu dabe: http://www.txapelketanagusia.com Informazinorik gertukoena eta eguneratua jaso ahal izango da berton. Kale animazinoa be antolatu dabe herririk herri, kamisetak, aurkezpen ekitaldi berezia hilaren 28an Donostiako Miramar Jauregian... eta asmo guztiak batzen dauzen kartela. Berbaz betetako papelezko pelotatxoa izango da 2005eko Txapelketa Nagusiaren ikurra. Bertsolaritzearen barrutik kanporako irudia.

Marketin ahalegin berezia igarten jako irudiari. Sinplea emoten dau, baina egon seguru ondo landutako prozesu baten ondorioa dala. Antolatzaileen asmoa eta marketing arloko profesionalen lana batu dauzen prozesuaren emoitzea. Gustau jat pelotea. Asko erakusten dau, ondo begiratu ezkero. Ahalegindu gaitezan geu be. Hasteko, papelezko pelotea da, eskuz egin eta inori botateko egin izan doguzan horreetakoak lez. Eta zer da bertsoa, berben artisauak sortu, biribildu, eta entzuleari botaten deutson jostailua baino? Bai, badakit, zakarrontzira be mila holakoak bota doguz, ahozko inprobisazino kantatuak arrisku hori dauka ezaugarrietako bat, zakarrontzira eta saskira, bietara doazen pelotatxoak sortuko dauz-eta. Goazen barrura. Zer dira pelotan agertzen diran berbak? Beste barik, zoriz hautatuak ete dira? Baita zera be! pelotearen tripak bertsogintzearen beraren tripak dira, bertsoaren bertsoa. Erdi erdian bertsoaren izateko arrazoia leidu leiteke ia osorik: “(B)OTATZEKO SORTU”. Kantau baino, bota egiten dalako bat-batean sortutakoa. Eta errimetan daben oinak ez dira betegarri hutsak, ezpadaze bertsolaritzeari bidea erakutsi gura deutsien hanka sendoak: ORTU, PORTU, NORTU, JATORTU (?)... Misterioa be ez jako faltetan. Halanda ze, ez dakit lehiari eta epaitu beharrari kritikea egiten deutson kikuke ikusi dogun ‘(Z)IGOR(TU)’ horrek, ala bola iragarleak legez, Andoniri txapela kenduko deutsonaren izena emon deuskun.

Pelotea bota deuskue, jaso dogu, eta bolatxoa desegiteko gogoa sortu jaku, barruko bertso eder hori ezagutu eta entzun gura dogulako. Txapelketa Nagusia noz hasiko irrikitan gagoz. Badakigu bertsolariak sormenaren galbahea astintzeko prestu dagozana, antolatzaileak joko zelaia atonduta daukie, eta aretoetako harmailak bertsozaleon beroa hartzeko zain dagoz. Bota pelotea. Bota bertsoa!

Iñaki Aurrekoetxea

Oraintsu aurkeztu dabe Bertsolari Txapelketa Nagusia 05. Udagoienean jokatuko dan txapelketeak barrikuntza nagusi bat izango dau: finala lehenengoz Donostiatik urten eta Bizkaira datorrela. Barakaldon izango da, abenduaren 18an, Bilbao Exhibition Center (BEC) erakustazokan. BECen jasoko dogu urte amaieran bertsolaritzearen irudi nagusienetako bat.

Lau urtean behin bertsolaritzeak daukan zita garrantzitsuak urriaren 9an ekingo deutso bideari, Lekunberrin, azken laurenetako lehenengo saioan. Danetara, 38 bertsolarik hartuko dabe parte, tartean txapeldun bakarra dala, Andoni Egaña, azken hiru txapelak jasotakoa. Beste mila datu emon geinkez, baina daborduko horreen barri gure irakurleek izango dabe, eta dudarik barik atal honetan be gertutik egingo deutsagu jarraipena txapelketeari datozen asteetan. Oraingoan txapelketearen komunikazino arloari eskaini gura geunskio arretea. Bertsozale Elkartea ahalegin berezia egiten ari da Txapelketa Nagusiari hedapen zabala emoteko eta komunikazino plan interesgarria imini dabe martxan. Txapelketearen helburuetan bertan sortzen da komunikazino behar hori, erdal komunidadea bertsolaritzara hurreratzeko ahalegina egitea aitatzen danean. Besoak zabalik daukazan bertsolaritzearen irudia.