Komunikabideek ez dagiela prozesua pikutara bialdu
Argi dago komunikabideak garrantzitsuak dirala Espainiako eretxi publikoa norabide batera eroateko orduan. Hemengo herritar gehienek uste dabe indarkeriaren arazoa mahai baten inguruan amaituko dala. Hain zuzen be, kontrako eretxia saldu izan dabe urteetan Espainian, hau da, poliziaren bidez posible zala ETAgaz amaitzea. Horri bueltea emotea ez da, gero, lan erraza izango.
Apurka-apurka beraz, eretxi hori sustraitu egin beharko da Espainian. Espainiarrek be begi onez ikusi beharko dabe indarkeriagaz amaitzeko negoziazinoa nahitaezkoa dala. Alderdi Popularra eta honek kontroletan dituan komunikabideak aurrean egonda posible izango ete da? Hortxe dago kakoa.
IƱaki Atxutegi
Ezin dabe gehiago ezkutau. Indarkeria egoereagaz amaitzeko berbetan dabiz. Ofizialak ala ez, berbaldiak martxan dagoz. Danok gurako geunke prozesua amaituta ikusi, baina itxaron egin beharko dogu. Madrileko Gobernua eta Alderdi Sozialistea prudentzia handiagaz dabiz, oraindino zer ospatzerik ez dagoalako. Lehenengo pausuak baino ez dira emon eta Zapaterok esan dauenez, prozesua luzea, bihurria eta gogorra izango da.
Badagoz, nire eretxiz baikor izateko beste seinale bi: alde batetik, Rafael Diez Usabiaga libre geratu da Entzutegi Nazionalean. Nekez sinisten dogu hau kasualidade hutsa izan danik. Patxi Lopezek gaiaren harian esandakoa entzun eta gero, uste dot nik Usabiagaren papela garrantzitsua izango dala hurrengo hilabeteetan. Alderdi Popularreko Gobernuak, bere garaian, ETAgaz berbetan hasi ziranean, bitartekariaren izena kaleratu eta gero, bestaldean egozan mahaikideak atxilotu ebazan.
Orain, ostera, ez da komunikabideetan azaldu bitartekari lanetan nor ala nortzuk dagozan (Zorionez, esango neuke!!). Era berean, komunikabideei mezu argia luzatu jake: negoziazinoaren bide beretik joan daitezela, hain zuzen.
Jakin badakigu komunikabideek papel haundia jokatu dabela Estaduan aurreko urteotan. Ez dogu erraz ahaztuko Lizarra-Garazi prozesua pikutara bialtzeko egin eben ahalegina. Ez jaku memoriatik joango 2001ean izan ziran hauteskunde autonomikoetan zelan jokatu eben Ibarretxeren gobernuaren kontra. Espainia osoak sinistu eban Ibarretxe oposizinora bialduko ebela, baina ez zan holakorik jazo.