Sarean  IV. urtea // 128. zenbakia

Lanorduak eta Internet


Gero eta gehiago nabigatzen da lan orduetan, batez be komunikabideetan: bisita gehienak goizeko bederatziak bueltan eta eguerdi partean izaten dira. Ikuspegi tradizionaletik aztertuta, nabigazino hau enpreseari egiten jakon iruzurra eta ‘lan denporea alperrik galtzea’ dira. Lan orduetan pantaileari begira egoteak ez dau esan gura lanean gabizanik, ezinezkoa baita zortzi orduz kontzentrauta egotea.

Ikuspuntu zabalago batetik aztertuta, langileak egiten dauen deskantsua bai berarentzat (deskantsua hartu eta gero lanari gogo gehiagoz ekiteko), baita enpresearentzat be onak dira. Izan be, beharginak Internet erabilten dauenean informazinoa batzen dau. Eguneroko gaiez jantzita dagoan behargin batek, akaso, erabagi zuzenagoak hartzeko gaitasuna dauka eta, azken baten, hori ona da enpresearentzat.

Hor dagoz, ba, ikuspuntu bi horreek: tradizionala eta zabalagoa. Lehenegoan, gure langile gizajoak pantaileari begira pasauko ditu lanordu danak. Etekinak, antza, ez dira hain garrantzitsuak, inportanteena zortzi orduak ahalik eta gitxien ‘alperrik galtzea’ da. Emongo jakon soldatea zortzi ordu horreen araberakoa izango da. Lanorduetan Interneten ibiltea enpresearen kontra egitea lakoa litzateke.

Bestean, zabalagoan, presentzia fisikoa ez da hain garrantzitsua. Hor dagoz, saiakerak baino ez badira oraindino, etxetik lan egiteko aukerak, etxeko ordenadorea enpresakoagaz konektauta. Bakotxak norberaren erritmora egiten dau lan baina bulegora be joan behar izaten da. Eta lanean egiten diran nabigazinoen ganean, bai langilearentzat eta baita enpresearentzat onuragarriak izan leitekez.

Gotzon Plaza,
informatikoa

Lan orduak nahiko ugariak dira. Hainbat eta hainbat ordu sartzen doguz gure lanpostuan, gure bizitzako zati handi bat bertan emoten dogu. Holan izan da beti, baina azken bolada honetan fenomeno barri bat ikusten dogu, batez be bulego mailako lanari jagokonean: teknologia barriakaz, lan orduak bulegotik kanpo be sartuko dira.

Bihar-etzi, gure eguneroko ordutegia ez da sarritan lanpostuko mahai ganean amaituko, handik kanpo be luzatuko jaku eta. Horretarako, daborduko badaukaguz hainbat tramankulu: fax makinea, ordenadore eroangarria, PDA, agenda elektronikoak, eskuko telefonoak, etxeko ordenadorea, Wi-Fi konekzinoak, posta elektronikoa eta, zelan ez, Internet. Hori dala eta, etxetik be laneko dokumentuak irakurri, aztertu, osotu, erantzun eta entzerakoak egiteko gai gara. Orduan, noiz amaitzen jaku lanordua? Zortzi ordu eta gero, etxean egiten dogun lana non sartuko dogu? Edo enpresatik eskuko telefonora ordutegi ‘normaletik’ kanpo deitzen deuskuenean, lanordu moduan hartu behar dogu?

Holakoak pasetan dira ‘geure denporeagaz’, baina, zer pasetan da ‘enpresearen denporeagaz’? Bulegoetan, ohiturak aldatzen doaz, teknologia barriakaz batera: lehen, deskantsu ugari hartzen ziran, askotan kafe makinearen inguruan. Orain, langileek Internet-en emoten dabez euren deskantsurako tarteak. Estadu Batuetan egindako neurketen arabera, atseden orduetan beharginen % 44k Internet gurago dau kafetegia baino.