Sarean  I urtea // 16. zenbakia - 2002ko abenduaren 15a

Microsoft eta Linux: bien arteko lehia


Batzuen ustetan, Linux ondo ikastea nahikoa gatxa da baina Interneten egon badagoz ikasteko gune aproposak. Hona hemen horreetako web orrialde batzuk:

http://www.linux.com (ingelesez)
http://www.linux.org (ingelesez)
http://www.linux.com/learn/ (ingelesez)
http://www.ctssn.com/ (ingelesez)
http://g.unsa.edu.ar/linux/novato-a-novato/novato-a-novato.html (gaztelaniaz)
http://structio.sourceforge.net/guias/AA_Linux_colegio/AA_Linux_colegio.html (gaztelaniaz)

Honako beste orrialde honetan, Linux sistemearen gaineko kontuak begiratu geinkez eta euskeraz gainera (danetara, 13 ikasgai dira):
www.linuxbaita.com

Beste orrialde hau be nahiko intesgarria da eta oso argia (gaztelaniaz), ikusi dodazanen artean onenetarikoa:
www.linux-es.com

Prestige eta enparauen gainean:

Galiziako kostaldean izandako ezbeharra gogoan, hona hemen Interneten topau dodan web orrialde interesgarria: bertako barriak irakurri eta gure eretxiak eta animoak be idatzi geinkez:

www.nuncamais.org

Gotzon Plaza,
Informatikoa.

Bill Gates danok ezagutzen dogun morroia da: munduko gizonik aberatsena ei da, Microsoft enpresako burua. Enpresa hau teknologiaren munduko enpresarik nagusienetarikoa izango da, nagusiena ez bada. Orain arte enpresa nagusiena izan bada be, eta holan jarraituko dau hurrengo urte askotan be, hasi dira bai konpetentziaren mamua ikusten. Zein ete da Microsoft enpresa erraldoiaren konpetentzia? Adituen ustez, nahiz eta pastelaren zatirik handiena Microsoft enpresarena izan, Linux da (eta aurrerantzean gehiago izango da) teknologiaren aldetik pastelaren zati gero eta handiagoak hartzen joango dan arerioa.

Azken urteotan mundu honetan entzuten dan izena da hau, Linux eta ondorengo lerroetan honen zehaztasun xume batzuk emongo doguz

Linux, beste batzuk Windows edo MacOS erabilten daben legez, ordenagailuaren sistema eragilea da. Sistema eragile barik gure ordenagailuan ezin izango geunke ezelako tresna informatikorik erabili. Linux sistemea aspaldiko UNIX sistema eragilean oinarritzen da eta ezaugarri bi ditu: alde batetik, librea da eta, beraz, ez dogu ezer pagau behar sistema hau erabilteko. Beste alde batetik, sistema honegaz batera bere kodeketa be badator (kodeketa edegia), eta gura izan ezkero, sistema honen kodeak aldatu geinkez gure eskakizunetara egokitzeko.

Linux sistema operatiboa gero eta preziatuagoa da profesional, programatzaile, zientifiko eta informatikoen artean eta apurka-apurka etxeetako ordenagailuetan be badoa sartzen. Linuxek ez dauka ezer faltan: leihoen sistemea nabegetako, jolasak, programak, datubase indartsuak eta tresneria ofimatikoak (Sun-en StarOffice). Ganera, sistema hau gaur egungo plataforma gehienetan erabili daiteke: Pentium, Pentium Pro, Pentium II/III/IV, Amiga, Atari, Alpha, ARM, MIPS, PowerPC eta SPARC plataformetan martxan ipinteko prest dagoz Linux eta bere bertsinoak.

1991. urtean, Linus Torvalds finlandiar informatika ikaslea lehen programak idazten hasi zan, Unix sistema oinarritzat hartuta baina bere asmoa, kode edegiez hornidutako programak idaztea izan zan (hortik jatorko izena, Linus+Unix=Linux). Hau da, edonork hartu leikez beste batek egindako programak eta bere gustora aldatu eta moldatu (benetan gauza pentsauezina Windows sistema eragileagaz). Hasieran nahikoa motela bazan be, gero eta azkarrago dabil eta Interneten mundu guztiko programatzaileak sartu ziran ideia honetan.

Lehen urteotan, Linux gure ordenagailuan instaletea nahiko gatxa bazan be, aspaldi honetan gauzak asko hobetu dira. Linux sistemea instaletako onena Interneten dagozan enpresa banatzaileakaz hartu-emonetan jartea da eta euren web orrialdeetara sartuta, Linuxeko artxiboak gure ordenagailuan instaletea (ezer baino lehen, komenigarria izango da web orrialde horreetan topauko dogun gida-liburua ondo leidutea). Honako enpresa banatzaileak oso onak dira: Redhat, Suse eta Debian (beste batzuk be badagoz egon) eta artxiboak FTP erabiliz ekarriko doguz gure ordenagailura (honako helbideetan topauko doguz artxibook: ftp.redhat.com/pub/ , ftp.suse.com, ftp.debian.org).

Erabiltzaileak oso pozik dagoz sistema eragile honegaz. Sistemea ez da 'jausten', oso arina da ordenagailuaren memoria hobeto aprobetxetan dalako eta ganera, dobaneko sistemea da. Ganera, gogoan hartzekoa da ez dogula ezelako enpresagazko menpekotasunik. Gero eta gehiago erabilten da eta Microsoft enpresea hasarre dago, negozioaren zati bat galtzeko arrisku bizia ikusten dauelako. Horregaitik, azken barrien arabera, Microsoft enpreseak presionau egin ditu AEBetako agintariak, administrazio publikoetan behintzat Linux sartu ez daien. Beste alde batetik, Hirugarren Munduko herrialde askok Linux sistemea aukeratzen dabe (dobanekoa dalako) euren sistemak antolatzeko eta, jakina, hori guztia ez da Microsoft enpresearen gustokoa. Honako puntu honetan, mundu mailako 'lobby' erraldoia preparetan dabil Microsoft software librea bultzatzen daben legeen kontra presionetako. Linuxen ospea gero eta zabalago dabil, besteak beste, oso azkarra eta segurua dalako eta gero eta posibilidade handiagoak eskaintzen ditualako beste sistema eragileen aurrean. Berbarako, EHUan zerbitzaileen % 20k sistema eragile honegaz behar egiten dabe.

Munduan zehar

India-n, Linux sistemea aukeratu ondoren, Bill Gates jn.ak 400 miloe dolarreko laguntzinoa eskaini eban. Hego-Afrikan, Microsoft enpreseak 32.000 ikaslerentzako dobaneko programa eskaintzea egin dau bertako Barrikuntzarako Kontseilu Aholkulariak gobernuari software librea erabilteko gomendioa emon eta egun batzuk geroago. Herri pobreek ezin dabe sistema eragileak lortzeko dirurik gastau eta, gauzak holan dirala, software libreak (Linux) aukeratzen ditue.

Beste alde batetik, IDC enpresa aholkulari multinazionalak argitaratutako ikerketan, Linux Windows 2000 sistema baino karuagoa izan daitekela adierazoten da. Ikerketa horretan, sistemearen gastu orokorra kontuan hartzen da eta, ganera, Linux ez dala hain ona ohartarazoten da. Dana dala, esan daigun IDC enpresa hau Microsoft enpreseak babesten dauela eta, beraz, ikerketa horretako ondorioak zalantzan jarteko modukoak dira. Microsoften sarea leku guztietara heltzen da eta presinoak be era guztietakoak izan daitekez Linux sistemearen zabalkundearen aurrean ahalik eta enbarazu gehien egiteko.