Sarean  IV. urtea // 128. zenbakia

EAEn 700.000 Internet-erabiltzaile izan dira urteko bigarren hiruhilekoan


Bizkaie!

Euskal Autonomia Erkidegoan 41.500 personatan igon zan internauten kopurua 2005eko bigarren hiruhilekoan eta, beraz, Internetek 700.000 erabiltzaile izan ebazan epe horretan, hau da, 2004ko laugarren hiruhilekoan baino % 2,2 gehiago, eta aurreko urteko hiruhileko berean baino %3,4 gehiago, Eustatek emondako datuen arabera. Sareko erabilera horregaz, azken hiru hilabeteetan Interneten sartu diran 15 urtetik gorako personen kopurua biztanle guztien % 38raino heldu da.

Eustaten arabera, internauten gehikuntza honen arrazoi bat da helduen artean (45 eta 64 urte artekoak) 26.900 erabiltzaile barri izan zirala. Bestalde, persona okupatuen kolektiboa da internauten erroldari ekarpen handiena egin deutsona: 40.600 lagun.

Interneten etxetik sartzen diran personen portzentajea (guztien % 72,8) Estadu espainiar osoko handienetakoa da. Halan dabe, 2005eko bigarren hiruhilekoan hazkundearen erritmoa moteldu egin da, % 1,1 bakarrik igon baita portzentajea.

Gipuzkoa da erabiltzaile tasetan buru, % 40,7gaz, eta % 5,7ko hazkundeagaz. Gero Araba dator, % 38,5egaz eta 1,1 puntuko hazkundeagaz. Bizkaian internauten hazkundea % 0,5ekoa izan da; beraz, tasarik txikiena: %36,3.

Bestalde, 2004ko laugarren hiruhilekoan internauten % 15,6k nabegetan eban Interneten euskeraz; 2005eko lehen hiruhilekoan, barriz, portzentaje hori %20,4raino igon da. Interneten ia-ia 143.000 internautek erabilten dabe euskerea.

Online erosketetan izandako gehikuntzearen arrazoietako bat izan daiteke Internet bidezko ordainketetan segurtasuna atzemoten dala, izan be, 2004ko laugarren hiruhilekoan, internauten % 55 Internet bidez ordainketak egiterakoan nahiko seguru sentiduten zan, eta 2005eko bigarren hiruhilekoan, barriz, portzentajea % 76,4 zan.

2005eko bigarren hiruhilekoan, teknologia barrien eta komunikazinoen teknologien ekipamentuetarako sarbideak gora egiten jarraitzen dau EAEn. Ordenadorearen erabilerea, 15 urtetik gorako biztanleen artean, % 59,6 da Euskal Autonomia Erkidegoan. 2004ko laugarren hiruhilekoaren aldean % 3,4 puntu igon da. Euskal familien % 50 baino gehiagok etxean ordenadorea dauka.