Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 128. zenbakia

Txinan fusilaturiko presoen azalaz egindako kosmetikoak


Jardun arrunta Txinan

Agenteak adierazo ebanez, Txinan oso arrunta da giza azalaren erabilkerea; horrexegaitik adierazo eban ez ebala ulertzen jardun horreek zergaitik aztoratu eitekezan kontsumitzaileak Sartaldean. Bere konpainiak Sartaldeko herrialdeetara esportetan dauz produktuak Hong Kong-en bitartez. 'Produktu mueta honeek esportetan hasi eta gure bezero atzerritarrak harrituta egozan Txinan giza kolagenoa egin daitekelako Sartaldean balio dauenaren % 5ean'.

Presoen azala lehenago merkeago egoan, 'gaur egun heriotza-zigorra ezarri eban auzitegiari tasa bat pagau behar jakolako'.

Zirujau plastiko batzuek egunkari britaniarrari esandakoaren ildotik, orain dala urte batzuk entzuten izan dira presoen gorpuetatik ataratako giza azala edertasun produktuetan erabilten diralako zurrumurruak.

Londresko gobernuaren kirurgia plastikoko gaietarako aholkulariak, Peter Butler-ek, jakinarazo eban zirujau txinatar batzuek presoen gorpuetako eskuak erabiliz trasplanteak egin dabezalako zurrumurruak dagozala. Ganera, antza danez, trasplanteetarako zentro bat presoak hilten dabezan lekuaren ondoan dago.
Txinako agintariek ukatu dabe presoen gorpuetako organoak erabilten dabezala baimen ofizial barik, baina Sartaldera iges egindako hainbat zientifikoren lekukotzek behin baino gehiagotan adierazo dabe holako jardunak egon badagozala.

Begiluzea

Produktuak Europara esportetan dauzen Txinako konpainia batek herrialde horretan hildako presoen gorpuak erabilten dauz kosmetikako produktuak egiteko, Britania Handiko “The Guardian” egunkariak aurreko astean salatu dauenez. Enpresa horretako agente batek, egunkariaren esanetan legezko arrazoiak dirala-eta ezin identifikau daitekena, Europako bezeroei jakinarazo deutse ezpanak tratau eta zimurrak kentzeko kolagenoa egin dabela fusilaturiko presoen azala erabiliz. Agentearen esanetan, Txinan heriotza-zigorrera kondenaturikoen azalaren erabilkerea “tradizionala” da eta ez dau zertan inor bildurtu edo ikaratu.

3.400 hildako, gaixotzeko arriskua eta abortuen fetoak

Anmesty International-ek emondako datuak kontuan hartuta, Txinak 3.400 persona exekutatu ebazan aurreko urtean.

Era berean, urte batzuk igaro arte, ez da aurreikusten Europako legeek kolagenoaren tratamentua kontroletako ezarpenik jasotea; hori dala eta, Britania Handiko hainbat osagilek eta politikok produktu mueta honeen kontsumitzaileek daukien arriskuaren barri emon dabe, produktu mueta horrek hainbat gaixotasun transmitidu leikezalako.

Komunen Ganberako Osasun Batzordeko diputaduek gaia aztertu eta ikerketa bat agindu leikie, euren buruak, Kevin Barron diputadu laboristeak esandakoaren arabera. Ganera, zirujau plastikoak gero eta arduratuago dagoz kosmetikoen tratamentuaren arloa arautzeko legerik onesten ez dalako.

“The Guardian” egunkariaren arabera, agente batek hildakoen azalaren erabilkerea onartu egin eban Hong Kong-eko negozio gizon baten zereginean jardun eban erreportari baten alkarrizketan. 'Ikerketa asko egiten doguz modu tradizionalean, exekutaturiko presoen azala edo abortuen fetoak erabiliz', autortu eban agente horrek. Material hori iparraldeko Heilongjiang lurraldeko konpainia bioteknologikoek erosten dabe.