Princesas
Fernando León de Aranoa bazterreko taldeen bozeroale bihurtu da ostera be 'Princesas' film barri honen bitartez. Pelikula honek prostituta biren bizitzea kontetan deusku eta esanguren ñabardurak ondo be ondo ikusi daitekez film honetan.
Caye eta Zulemaren istorioa, auzo bateko prostituta baten eta horren lehiakide inmigrantearen kontakizun hau, giza bazterkeriaren ganeko narrazinoa da, baina batez be basatzatik sortzen dan adiskidetasunaren narrazinoa eta biek euren bizitzea duintzeko egiten dabezan eginahalen narrazinoa.
Prostituzinoa emakume biak kolpatzen dauzen errealidade bat da, biek daukien bizimodu bakarra da, baina beste kontu bat da horren barruan be bizitzeko beharrezkoak diran ameseteei eta ilusinoei ez eustea. Etsipenaren labanaren ahotik ibiliko dira behin eta barriz.
Azken puntu horretan dago, nire eretxiz, film honen akatsik nagusiena, etsipen sentsazino etenbakoan. Azkenean, giro ilun eta goibel horrek erritmo bako monotonia batean sartzen gaitu, ikus-entzuleak gogaitzeraino. Antzezpenak oso onak dira, gidoia burutsua eta istorioaren abiapuntua ona, baina filma inguratzen dauen tristeziaren laino trinkoak ez dau behin be argitzen, ez dau argi izpirik sartzeko tarterik ixten.
Alde horretatik, oraingoan Fernando León de Aranoak ez dau asmatu aurreko lan bikainetan erakutsi deuskun gizatasun bizi eta samur baten ikutuen bitartez bizitzearen tragikotasuna apurtzen. Lar monotonoa, lar aspergarria.
Joseba Terreros
- Zuzendari eta gidoia: Fernando León de Aranoa.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 113 minutu.
- Generoa: Drama.
- Antzezleak: Candela Peña (Caye), Micaela Nevárez (Zulema), Mariana Cordero (Pilar), Llum Barrera (Gloria), Violeta Pérez (Caren), Mónica Van Campen (Ángela), Flora Álvarez (Rosa), María Ballesteros (Blanca), Alejandra Lorente (Mamen), Luis Callejo (Manuel).
- Argazkia: Ramiro Civita.
- Muntaia: Nacho Ruiz Capillas.