Zinea  IV. urtea // 128. zenbakia

Donostiako 53. Zinemaldia abian


Atzera begirakoak

Zinemaldiak urtero ospatzen dau zinegile batzuen atzera begirakoa eta aurtengoan Abel Ferrara eta Robert Wise zinemagileen filmografiak berrikusiko dira. Ferrarak oraindino lanean jarraitzen dau eta bere azken film luzea, Mary Veneziako Mostran estreinatu eban. Wisek, barriz, bigarren mailako produkzinoak eta ikuskizun handiak buztartu dauz bere filmografian. Orson Wellesen muntaiari lez hasi zan Ciudadano Kane filmean eta ospea lortu eban West Side Story eta Sonrisas y lagrimas filmakaz.

Osogai guztiak prest Donostiako Zinemaldiaren 53. edizino honetarako; daborduko Euskal Herrian egiten dan Zinemaldi hau Europa mailako zine jaialdirik garrantzitsuenen eta ospetsuenen artean dago.

Joseba Terreros

Aurreko asteko eguenean ekin jakon aurtengo zinemaldiari. Sail ofizialean 19 film lehiatuko dira; dana dala, pantailaratzen lehenak, Montxo Armendarizen Obaba-k, sortu dau ikusminik gehien, bai eta kritika bikainak be; edozelan be, sail ofizialeko 19 film honeetaz ganera, atzera begirakoak, ziklo bereziak eta beste zinema jaialdietan saritutakoak izango dira ikusgai hamar egunean.

Donostiako 53. Zinemaldiak inoiz baino zine iparamerikar gitxiagogaz ekin deutso bideari. Donostiako Zinema jaialdia gizartearen arazoak erakusten dauzen filmak ekartzen ahalegindu da, ospe ona daukien zuzendariak eta ezagun bihurtu barri diran zinemagile gazteen lanak buztartuz.

Aurten be proiekzinoak amaitu arte Sail Ofizialaren maila ezezaguna izango dan arren, lehiatuko diran zinemagileen maila ikusita, Zinemaldiak ikuskizun ederra eskainiko deusku. Per Fly Drabet filmagaz, Manuel Martin Cuenca Malas Temporadasekin edota Simon Staho Bang Bang Orangutang film luzeagaz lehiatuko dira, beti be aurreko ekitaldietan parte hartu ebenean itxitako zapore onaren gomutaz.

Donostian ostera be lehiatuko diran zuzendarietatik Zhan Yang faboritoetariko bat da; izan be, 1999ko ekitaldian, Urrezurizko Maskorra irabazi eban La ducha filmarengaitik. Aurtengoan Girasol film luzearen bitartez lehiatuko da. Filmak aukeratu dauzan batzordeak zuzendari interesgarrien lanak eta gizartearen arazoak erakusten dabezan filmak opetsi gura izan dauz aurtengo ekitaldian, produkzino karuak eta estreinaldi ospetsuak aukeratu beharrean.

Faboritoak

Ikusmin handia sortu eragin dabe Terry Gilliam eta Michael Winterbottom zinemagileen azken lanek. Monty Phyton ospetsuen kide ohiak Tidelandfilma aurkeztuko dau, etxe zahar batean bizi diran bikote drogazalea eta beraren alabearen istorioa. Winterbottonek, barriz, Nine songs eta Codigo 46 esperimentuen ostean egin dauan A Cock and Bull history ekarriko dau Donostiara. Shadowboxer Lee Daniels zinemagilearen azken filma be ez da ez-jakinean pasako zinemalditik. Film luzeak hiltzaile-bikote baten istorioa kontetan dau. Bikoteak ez dauka errukirik biktimakaz, baina umedun dagoan emakume bat hilteko enkargua jasoten dabenean gauzak aldatu egingo dira.

Urregorrizko Maskorra irabazteko beste hautagai batzuk Anne Fontaineren Entre ses mains, Jan Cvitkovic esloveniarraren Odgrobadogroba filma, Andreas Dresen alemaniarraren Verano en Berlin, edo Roger Donalsonen The world’s fastest indian dira. Ganera, beste zinegile garrantzitsu batzuen filmak be opetsiko dira, Jim Jarmuschen Broken flowers, Bernard Travarnierren Holy Lola, Kim-ki Duken Hwal eta Woody Allenen Match Point besteak beste.

AEBetatik izar gitxi

Zinemaldian gaztelaniaz filmatutako pelikulek be eukiko dabe garrantzi handia. Adibidez, Alberto Rodriguezen 7 vírgenes, Manuel Martin Cuencaren Malas temporadas, Fabian Bielinskyren El aura, Chema de la Peña eta Gabriel Velazquezen Sud express edota Farida Benlyaziden La vida perra de Juanita Narboni filmeek Zinemaldian hartuko dute parte.

Zinemaldian guztira berrehun film eskainiko dira eta horreetatik hemeretzi lehiatuko dira Sail Ofizialean. 53. edizino honetan ez da Hollywoodeko izar asko hurreratuko Donostiara; hala eta guztiz be, Zinemaldiak Anjelica Houstonen presentzia eukiko dau, bera izango da-eta epaimahaiko buru. Antzezle iparamerikarrak 1999an Donostia saria irabazi eban eta aurten Veronica Forque eta Enrico Lo Verso aktoreak, Claude Miller eta Lone Scherfig zuzendariak, Antonio Skarmeta idazlea eta Dean Tavoularis arte zuzendaria eukiko dauz epaimahaikide.

Obaba danetan distiratsuena

Atzerritarren presentzia handia izan arren, bertoko filmek be eukiko dabe beren lekua. 2005eko Zinemaldiak Montxo Armendarizen Obaba filma eskainiko dau, Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuan oinarritutako film luzea. Pelikulak ikusmin izugarria sortu eban eta daborduko kritika bikainak eskuratu dauz. Euskerazko zineak, azkenean, film bat opetsiko deusku aurten, Telmo Esnal eta Asier Altunak zuzendu daben Aupa Etxebeste estreinatuko da eta. Ganera, hil barria dan Mikel Garmendia aktore donostiarra omentzeko Carlos Zabala eta Eneko Olasagastik zuzendutako Maite eskainiko da zine aretoetan.

Etxeko txikienek be eukiko dabe zineaz gozetako aukerea Belodromoan Spy Kids 3 emongo da eta. Bertan 15.000 gaztetxu batuko dirala itxaroten dabe antolatzaileek. Belodromoan bertan Camaron filma eskainiko da eta filma amaitu ostean, Tomatito gitarra jotzailearen kontzertua izango da.