Musikea  IV. urtea // 128. zenbakia

Mikel Urdangarin: isiltasunaren ostean, ‘Dana’


Lanaren izenaren nondik norakoak azaltzeko orduan, kanta baten izenera eta barruko gogoaren islara jo dau kantariak, ‘azken baten, oso hur dagoz dana eta ezebeza’. Taldekideen lana behin eta barriro goraipatu dau eta diskoa ‘euren bihotzaren era arimearen zatia da’. Kantuak errespetu bereziz egin ditu, ‘ezin dalako edozein modura kantau; zintzotasuna behar da, errespetua, askotan kantak edozelan egiten diralako’. Horregaitik, zeozelako ahalegina eskatzen daben kanten alde egin dau Urdangarinek, entzuleen inplikazinoa topau gura dau lan honegaz.

Kontzertuak

Laster, datorren hilean, hasiko da Mikel Urdangarin disko barriaren aurkezpen-kontzertuakaz. Euskal Herriko zazpi probintziatan izango da, urriaren 12an hasi eta 16ra arte, ordena honetan: Azkena Antzokia (Gasteiz), Gayarre Antzokia (Iruñea), Kursaal Jauregia (Donostia), AIEC (Miarritze) eta Arriaga Antzokia (Bilbao).

Atxapunte

Hamabi hilabetez isilik egon ostean, labatik atara barri jatorku Mikel Urdangarin zornotzarraren ‘Dana’ lana. ‘Isiltasunak pentsetako balio dau eta indarra hartzen dozu. Indartsu sentiduten naz eta indar horrek emon deust gogoa’, onartu dau Urdangarinek. Ahaleginaren erakuslea diskoa bera da, zeozelan etapa barri baten hasierea marketan dauena. ‘Deskantsua hartu ostean, beti hasten da etapa barria. Isiltasunak egoera barria dakar eta oraingoan ilusinoz beteta hasi naz’.

Urdangarinen diskorik elektrikoena, erritmikoena da ‘Dana’. ‘Lehengo gaien ganean idatzi dot baina ikuspuntua, denporeak emoten deutsun ikuspuntu hori desbardina da. Denporeak aurrera egin dau eta ez alperrik, ganera. Diskoak berak erakusten dau hori’, zehaztu eban aurkezpen-egunean bizkaitarrak.