Barriketan  IV. urtea // 128. zenbakia

Jaime Elias: ‘zentro zarratuek bildurtu egiten nabe'

Kartzelen egoereak arduratuta dauka gizartea. Egia da, askotan, heriotzek gogorarazoten deuskuela leku zarratu horreek. Urrunago joan barik, Langraitzen daukagu adibide garbia. Jaime Elias abogadua eta Salhaketa presoen aldeko alkarteko kidea da eta, ganera, Arabako kartzelako kasu garrantzitsu bat daroa berak, emakumezko bik salatutako sexu-jazarpenen ingurukoa. Berak azalduko deuskuz kontuaren nondik-norakoak eta beste hainbat gai be:

1.- Roquetas auzia, azken aldian kartzelatan izandako heriotzak, presoen eskubideen urraketak... Kartzela-sistemearen benetako egoerearen erakusle dira ala salbuespen kasutzat hartu behar doguz?

Ez da erraza esatea... Niretzat, adierazgarria da hainbat zentrotan giza-eskubideak urratzea. Holako leku zarratuetan berme bereziak egon behar dira eta danok egon behar dogu adi. Poliziek eta funtzionarioek argi izan behar dabe zeintzuk diran errespetau beharreko giza-eskubideak eta horretarako formakuntza berezia behar dabe.

Sistema demokratiko batean ezin da ulertu holako gauzak pasetea. Ganera, egoera horreek pentsetan doguna baino gehiagotan pasetan dira. Zoritxarrez, heriotzek marketan dabez erreakzinoak baina, askotan, heriotzak izan barik be, gertaera gogorrak izaten dira eta adi egon behar dogu. Azken baten, danon ardurea da.

2.- Langraitzeko (Araba) kartzelan, preso askok bere buruaz beste egin dabe azken aldian. Zein da bertako egoerea gaur egun?

Salhaketaren arabera, bederatzi preso hil dira azken bederatzi hilabeteotan. Kartzelan bertan bere buruaz beste seik egin eben eta beste hirurak handik urten eta lasterrera hil ziran.

Langraitzeko egoerea oso, oso larria da, mesfidantza handia dagoalako. Emoten dau azken aldiko kontua dala baina aspalditik dator. Orain dala pare bat edo hiru urte, tratamentuetarako arduraduna kargutik kendu eben. Nahiko herrikoia zan, hirugarren gradu asko emoten ebazan... presoei onurak emoten eutsiezan. Momentu horretatik aurrera, kargu garrantzitsuenak daukiezanek egoerea asko baldintzatu dabe.

Legeak eta arauak aldatu ebezan eta helburu bakarra jentea zigortzea zan. Zigor-arloan hamabost bat erreforma egon ziran, helburu bakarragaz: kaleak garbitzea. Gogoratu behar da Espainiako Konstituzinoan, kartzelearen helburua presoa bergizarteratzea dala; baina hori ez da beteten Langraitzen.

Osasunari eta garbiketeari jagokonean, egoerea negargarria da. Garai baten, arratoiak egozala zabaldu zan, zikinkeria da nagusi eta gaixorik dagozan presoek ez daukie behar beste atentzinorik jasoten. Benetan, egoera txarrean dagoz. Drogearen asuntua zelan kudeatzen dan be... Kontuan hartu behar da askok bere buruaz beste egin dabela.

3.- Presoen egoera psikologikoa zelakoa da?

Txarra, oso txarra. Bertako profesionalek onartzen dabe preso lar dagozala eta ezin jakela danei behar besteko tratamentua eskaini. Azken baten, emoten jaken tratamentua farmakologikoa da eta hori ez da nahikoa. Askok, arazo psikologikoak daukiez eta botikak baino zeozer gehiago behar dira gaixo horreek osatzeko. Droga kasu asko be badagoz, ganera.

Preso asko dagoz egoera txarrean. Kartzelea ezin da onartu jentea sartu eta ahaztuteko leku legez. Eta Langraitzeko egoerea kaotikoa da. Lehen, preso batzuk kartzelaz aldatu eta bertara joan gura eben baina, egoerea zelakoa dan ikusita, gurago izan dabe etxetik urrun geratzea. Bestalde, barrukoek be mesfidantza handia daukie eta ez dabe euren burua seguru ikusten. Horregaitik, benetako erantzuna emon behar jako arazoari.


4.- Nork edo zeinek emon beharko leuke erantzun hori?

Madriletik egin beharreko kontua da hori. Egin dabe plan bat, bai, baina 50 bat preso handik atarateko baino ez, eta hori ez da konponbide ona.

5.- Alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte taldeek, erakunde pulbikoek eta Arartekoak, besteak beste, egoerea konpontzeko eskatu dabe. Zein da, zure eretxiz, urtenbidea?

Nik, Madril aldetik ez dot ikusten benetako gogoa hau konpontzeko. Orain arteko erantzuna isilarazotekoa baino ez da izan. Urtenbidea eskumena Eusko Jaurlaritzeak izatea litzateke. Momentu egokia dala uste dot, ganera. Baina oraintsu erantzun dau Alonso ministroak ez daukiela hori egiteko asmorik.

Azken baten, Langraitzeko kontua kartzela-sistemearen akatsa da eta eskumena ez bada transferiduten, ez dago zer eginik. Guk, Salhaketak, kartzelea ixtea eskaten dogu, baina zer egiten dogu 700 persona horreekaz? Baina, eskuduntzea izanda, egoerea aztertuko geunke, nortzuk egon behar daben derrigorrez kartzelan, nortzuk egon daitekezan beste lekuren baten... Transferentzia lortu ezkero, legez, sakoneko planteamentu bat egitea posible litzateke.

Jentea, gizartea oso arduratuta dago eta, uste dot, jentea arduratuta dagoanean ez dala azaleko urtenbide bategaz konformetan.

6.- Arabako kartzelan dagozan emakumezko bik sexu-jazarpenak salatu dabez. Kartzelako segurtasun buru izandakoa bera dago auzipetuta. Epaiketea pasa dan astean izan da. Zelan dago kasua momentu honetan?

Segurtasun Zuzendariordea izandakoak eta Zuzendariak deklarau eben. Zuzendariak esan eban igazko irailean inputaduari Emakumeen Modulura beti beste funtzionario bategaz joateko esan eutsola. Halanda be, zuzendariordea gitxienez hamaika biderrez sartu zan modulu horretara bakarrik, zuzendariak esandakoari kasurik egin barik. Zoritxarrez, ikusten dogu Espainiako Estaduaren aldetik ez dagoala ezelako borondaterik kontu honetan gauzak argitzen laguntzeko; horren adierazle dira, besteak beste, datu honeek: inputaduaren abogadua Estatuko Abogadua da; fiskalak epaiketan galdera bat be ez eban egin;
akusadua ez dago Langraitzen, baina beste kartzela batean dago funtzionario legez; Langraitzeko Zuzendaria inputaduaren laguna da eta haren alde egiten dau.

Halanda be, instrukzioak aurrera jarraitzen dau. Txosten eta dokumentu garrantzitsu batzuk eskatu doguz, baita 15 lekukoren deklarazinoa eta presoaren eta inputaudaren aurrez-aurrekoa be.

7.- Ameriketako Estadu Batuetako presoek boto-eskubidea eta behar egiteko eskubidea galtzen dabe. Ganera, heriotza-zigorra indarrean dago. Zer deritxazu?

Guztiz kontra nago. Estadu Batuetan liberalismo hutsa dago indarrean eta giza-eskubideak ez dira baloretan. Zentzu horretan, akats ugari dagoz. Oraintsu izandako urakanaren ondorioak agerian itxi dabez sistemearen gabeziak. Dirurik ez badaukazu eta osasun-zerbitzurik be ez, hor konpon! Kartzelakaz, han, antzeko zeozer pasetan da eta guztiz kontra nago. Gogoratu kartzelen egoereak gizartearen egoerea edo maila islatzen dauela.

Zuzenbidezko estadu sozial eta demokratikoaren alde egin behar dala uste dot, gogor. Erakundeek parte hartu behar dabe gitxiengoei laguntzen eta benetan arazoak daukazan personak aurrean daukiezanean, ezin dabe albo batera begiratu. Gauzak ondo egin behar dira eta kartzela-sistemeagaz ez bagagoz ados, esan, ez da ezer pasetan. Hemen, berez, badaukagu sistemeari aurre egiteko pasino berezia, baina amerikarrek ez. Hori da alde nabarmenena eta hango egoerea ikusita, pentsau geinke hemen hobeto gagozala, baina hori ez da nahikoa.

Kontu handia euki behar dogu ze hango eredua askotan hona etorten da eta, azken aldian, kartzela pribadu gehiago dagoz. Nik uste dot kontrol publikoa ezinbestekoa dala holako kontuetan, dirua tartean sartzen danean, giza-eskubideak askotan ahaztu egiten diralako. Horregaitik, gizartearen erantzuna ezinbestekoa da. Eskubide-urraketak salatu egin behar dira eta, uste dot, Euskal Herriak kontzientzia hori euki badaukala. Esangura horretan pozik nago eta komunikabideen laguntzinoa be badaukagu, askotan heriotzen arabera jokatzen badabe be.

8.- Zein izan beharko litzateke kartzelen funtzinoa?

Ni abolizionistea naz. Ez dot kartzeletan sinisten. Hori bai, utopia hutsa dala jakin badakit. Zentro zarratuek bildurtu egiten nabe. Inork edo jente gitxik daki han barruan zer pasetan dan. Horregaitik, nire helburua, utopikoa bada be, kartzelak desagertarazotea da. Hori posible izateko denporea behar da eta gehienok kontzientzia hartu behar dogu.

Onartzen dot persona oso gatxak dagozala, arazo larriakaz. Baina oso gitxi izaten dira. Beste danak barriro gizarteratu leitekez, tratamentu bereziakaz, kartzelara eroan barik.

9.- Abogadua izanda, zer eretxi deutsasu daukagun kartzela-sistemeari eta, oro har, justizia-sistemeari?

Ez nago konforme sistema honegaz. Delitu mueta asko dagoz baina, normalean, poliziak betiko persona-muetak atxilotzen ditu, drogatan sartutakoak, lapurreta txikiak... Baina inoiz ez benetan atxilotu beharreko maila altuko horreek! Hori lotsagarria da! Boterea eta dirua daukien horreen artean be delinkuenteak dagoz. Inoiz ez gara horra heltzen, gatxa dalako eta poliziek beste formazino mueta bat beharko leukielako, gaur egun ez daukiena nire ustez. Askotan, droga-kopuru txikia daukien lagunek hiru urtez egon behar dabe kartzelan. Negargarria. Guk zergak pagetan doguz eta kontu horreen danen atzetik zer dagoan jakiteko eskubidea daukagu. Horregaitik esaten dot sistemea ez dala justua, kaleko jenteari eragiten deutsolako gehien bat. Oso kritikoa naz kontu horreekaz eta Salhaketak be jarrera bera dauka.

Saioa Torre Gereketa