Euskaldunok munduan  IV. urtea // 128. zenbakia

Errenteriako Landarbaso Abesbatza Belgikan


Bizkaie!

Errenteriako Landarbaso Abesbatza iraileko azken astegoienean, 23tik 25ra, Belgikako Flanders-Maasmechelengo Nazinoarteko Lehiaketa ospetsuan izango da euskal ordezkari lez.

Goriziako (Italia) Nazinoarteko Abesbatzen 44. Lehiaketan laugarren postua lortu eta gero, Landarbaso abesbatzako partaideak abuztuaren azken astean hasi ziran entseguak egiten euren hurrengo helburuari aurre egiteko.

Landarbasoko abeslariak 20 minutu inguruko programea eskaini beharko dabe eta lehiaketako oinarriek hurrengo ezaugarriak beteten dabezan kantuak aurkeztera derrigortzen dau abesbatza: lehiaketako derrigorrezko obra, bertako konposatzaile flamendar batek idatzi barria, berpizkunde edo erromantikoko kantu bat, abesbatzaren herrialdeko folkloreko abesti bat eta 1980 ondorengo kantu garaikidea, abesbatzaren herrialdeko musikari batek asmatua.

Aurtengo lehiaketea irailaren 23 eta 25a bitartean izango da. Egun horreetan lehiaketan ez eze abesbatzek kontzertu pare bat emoteko aukerea be izango dabe, bai Maasmechelen bertan bai inguruko beste uri eta herrietan be.

Lehiaketa honetara, bi urteetan behin Maasmechelengo flamendar urian ospatzen dana, aurten 19 abesbatza etorriko dira eta bi ataletan banaturik egongo dira, 11 ahots nahasietan eta bederatzi ahots bardinetan.

Abesbatzak herrialde desbardinetatik etorriko dira, gehientsuenak europarrak. Belgika bertako bi talderen alboan hurrengo herrialdeetako abesbatzak izango dira lehian: Alemania, Holanda, Italia, Hungaria, Suedia, Txekiar Errepublika, Lituania, Norbegia eta Bulgaria eta Filipinak.

Aurten maila handiko txapelketea espero da, talde gehienak sariatuak izan baitira nazinoarteko lehiaketa desbardinetan.