Kulturea  IV. urtea // 128. zenbakia

Picassoren barruko harrak


Tirada osoa bialdu jakon Picassori, baina ale batzuk baino ez zituan sinatu, eta sinatu bako beste xafla guztiak kutxa baten gordeta geratu ziran, margolariaren tailerrean. Seriearen izena (Ausikien kutxa) dala-ta, interpretazino bi egin leitekez, gitxienez: batetik, pentsau geinke Picassok ausikiak edo barruko harrak eukazala, ez eutsalako ekin grabadu guztiak sinatuteko lan aspergarriari. Edo, ostantzean, pentsauko dogu bere inguruko personak zirala ausikidunak, ez ebelako lortu Picassok obra hareek sinatzea.

Edozelan be, 1973an Picasso hil zanean, Kutxa ha barriro agertu zan, eta, urte batzuk geroago, artistaren oinordekoakaz elkarrizketak euki ostean, Louise Leiris arte galerista frantziarrak ale batzuk imini zituan merkatuan, eta, faltsifikazinoak ebitetako, Picassoren zigilua imini eutsien ale hareei.

Lehengo astean hasi eta zazpi astez Bilbon ikusgai eukiko dogun erakusketeak argi erakusten dau Picassoren maisutasun teknikoa, esperimentetako erabili zituan estiloak -kubistea, surrealistea, neoklasikoa eta abar- eta bere ibilbide artistiko osoan interesau jakozan gaietako asko. Emakumeen erretratuak, bainulariak, minotauroak eta bakanalak agertzen jakuz bertan, eta denporaren joana da grabadu horreen hari nagusia, Picassok 1919 eta 1955 artean egin zituan-eta estanpa horreek. Halanda ze, serie hau Picassoren autobiografiatzat hartu dabe aditu batzuek.

Julen Gabiria

Berben arteko jokoa eginda, Bilboko Arte Eder Museoak Artearen Papela izeneko programea imini dau martxan, papelean egindako artelanak erakusteko eta hedatzeko asmoagaz. Izan be, asko eta asko dira papel gaineko artea landu daben artista handiak, baina, halanda be, artelan horreek txikitzat hartzen dira, edo ez jake behar besteko garrantzirik emoten. Beste alde batetik, lan horreek gatxak dira museoetan edo erakusketa iraunkor zein luzeetan iminteko, papelak gorabehera handiak eukiten ditu-ta argiaren arabera eta, zer esanik ez, hezetasun eta tenperaturen aldaketen arabera.

Oingoan, Artearen Papela programearen bigarren aldi honek ikusmin handia sortu dau medio eta zaleen aldetik, eta ikusmin horren arrazoia lanon egilea da: Pablo Ruiz Picasso. Artearen historiako protagonista handien erakusketa guztiek sortzen dabe zelanbaiteko pasinoa, eta horretarako beti dago atxakia sanoren bat: lan ezagunen erakusketea egiten bada, jenteak lan ezagun horreek bertatik bertara ikusi gura ditu; eta oingoan moduan, lan txiki eta ezezagunak badira, jentea bardin egongo da gogotsu erakusketa horretara joateko, hain zuzen be obra ezezagunak diralako eta merezidu dauelako ikustea. Eta irailaren 12tik zemendiaren 6ra ikusgai daukagun erakusketa hau, benetan, interesgarria da, oin dala urte batzuk Bilbon Picassoren beste grabadu batzuk ikusteko aukerea be euki gendualako eta, duda barik, inor ezin dalako epel geratu tamainaz txiki baina kalidadez handiak diran lan horreekaz.

Esan dogun moduan, Picasso grabatzailearen serie bat aurkezten jaku oingoan: Caisse à remords edo Ausikien kutxa izenekoa. Lan sorta hau Picassoren grabaduen artean esanguratsuenetakoa da, eta historia bitxia dauka bere atzean: 1960. urtearen amaieran, Malagako margolaria eta sasoi haretan neskalagun eukan Jacqueline Roque (hurrengo urtean ezkondu ziran) Frantziako Mougins herrira joan ziran biziten, Canneseko badiaren gaineko muino batera. Etxe-aldaketaren lanetan egozala, kutxak hara eta hona eroaten, inork espero ez eban oparia agertu jaken begien aurrean: Picassok azken urte hareetan egindako kobrezko eta zinkezko ehun bat grabadu-xafla. Lanok topauta, Picassok bere grabatzaile-inprimatzaileari agindu eutsan xafla guztien frogak egiteko, ze egoeratan egozan jakin guran. Xaflak aztertu ostean, artisteak hango grabadu batzuen edizino barria eta lehenago editau barik egozan beste grabadu batzuen inpresinoa egiteko baimena emon eban. Halanda be, kasualidadez topautako sorta haretako beste grabadu asko atzera bota zituan. Guztira, berrogeita bost xaflari emon eutsen baiezkoa –‘bon a tirer’ idatzita proben gainean- eta, 1961. urtearen hasikeran, estanpazinoen lehenengo seriea egin zan xafla horreen gainean.