'Ametz', Iker Yurrebasoren lehenengo narrazino liburua
Bizkaie!
'Ametz' izenburukoa da Iker Yurrebaso Igorreko gazteak idatzi barri dauen lehenengo narrazino liburua. Hogeita sei urteko egileak hainbat literatur-sariketa irabazi ditu (euren artean, Urruzuno) baina orain bakarreko lehenengo obreagaz ausartu da. 'Zantzoa' literatur taldeko kide izandakoa da Yurrebaso, bost aldizkari argitaratu eta hainbat errezital eskaini ebazana. Hamahiru geldialdiz osotutako bidaia proposatzen deusku, basamortuan zehar. Idazkera ausarta darabil Yurrebasok, zuzena, ukutu magiko eta fantastikoduna. Horrezaz ganera, Maite Yurrebasoren irudiakaz horniduta dator liburua.
'Ametz' liburua 34 orrialdez osotuta dago eta 3 eurotan dago salgai.
Zertu Kultur Elkartea eta Harriketarrak Lemoako Gazte Asanbladaren artean atondutako argitalpena da 'Ametz'. Arratiako Zertu Kultur Elkarteak 'Begitu', Arratia, Ubide eta Zeberioko euskerazko aldizkaria kaleratzen dau eta euskal kulturearen inguruko ekimenak sustatzen jarraitzeko asmoa dauka.