Jan-edanak  IV. urtea // 128. zenbakia

Ardaogintzearen berezitasunak Indian


Merkadu itxaropentsua: Indian 5-6 miloe litro ardao kontsumiduten dira urtero, urterik urtera % 20-25eko gorakadeagaz.

Kontsumorako, % 15-20 kanpoan erosten dabe, batez be Frantzian. Ondorioz, mundu zabaleko produktore askoren itxaropena izan daiteke India, bertako 200 miloe biztanlek Europar Batasunekoon gaitasun ekonomikoaren parekoa daukiela aurreikusten dala kontuan hartuta.

Biztanle bakotxaren kontsumoaren batezbestekoa oraindino bajua bada be, biztanleko urtero 10 mililitro edan ezkero eta jentetzea kontuan hartuta, (1.080.388 biztanle), merkadu potentziala izugarria da.

Kanpoko merkadua: Indiak ardao asko erosten dau kanpoan. Kanpotarrek han ardaoa saltzeko pagau behar dabezan zergak oso altuak izan arren, % 140-250 bitartekoak, bertako merkadu potentziala ikusita askok gura dabe han saldu. Bestalde, Indiako gobernuak ardao produktoreei laguntzinoa emoten deutsie bertako ardaogintzea sustatzeko.

Bertako ekoizpenaren berezitasunak urtean bitan jasoten dabe uztea, apirilean eta udagoienean. Uzta-batze honeek oraindino ez dira mekanizaduak. Indiako enpresetan leinuak dagoz, bakotxak bere zeregina dauka eta horri ekingo deutso. Langile bakotxa ondo antolatutako lan-kate baten zatia da.

Sula Vineyards da indiako mahasti nagusienetariko bat. Sei urte baino ez dira pasau fundau ebenetik eta itzelezko hazkuntzea dauka urtetik urtera. Bombaytik lau ordura dago eta 120 hektarea ditu. 2004. urtean 550.000 botila produzidu ebazan instalakuntza modernoetan eta 2005ean miloe bat botila produzidu gura dabez. Diseinuzko etiketea eta marketing kanpaina eraginkorrari esker, Sula Vineyardsek merkadu nazionalaren % 20 inguru bereganatzea lortu dau eta bertako jatetxe eta hotel handi danetan saltzen dabe. Ganera, Indiatik kanpo be saltzen dau, Estadu Batuetan, Italian eta Frantzian, berbarako. Bodega honen arrakastea miresgarria eta eredugarria da. Honakoak dira hango mahastien bariedadeak: Sauvignon, Chenin, Cabernet, Zinfandel, Syrah, Merlot,Viognier, Garnacha... Danak Frantzia eta Californiatik eroanda.

Amaitzeko esan, adituentzat, hango ardao baltzak ez dirala oso goi mailakoak kalidadeari jagokonean. Bestalde, ardao zuri eta gorriak gozoagoak izan arren, hobeak ei dira.

Imanol Sarasola,
enologoa

Aurreko artikulu batean Txinako ardaogintzearen bilakaerea aitatu genduan eta oraingo honetan Indiakoa aztertuko dogu. Izan be, urtetik urtera ardaoaren produkzinoak eta kontsumoak gora egiten dau herrialde horretan, nabarmen ganera.

Ardaoaren kulturea antxinakoa da han, nahiz eta 1947an, independentzia lortu zanean, daborduko mahastia eta ‘savoir-faire’ dalakoa desagertuta egon.

Ingelesak eta portugesak izan ziran lehenengoak Indian ardaoa egiten, Goa, Cachemira eta Maharashtra eskualdeetan, baina astiro-astiro ohiturea galduz joan zan.

Gaur egun, barriz, kontrakoa pasetan hasi dala esan daiteke eta Chardonay eta Ugny Blanc bariedadeetako ardao zuriek itzelezko gorakadea izan dabe.