Euskerea berbagai  IV. urtea // 128. zenbakia

AEK-k aurtengo ikasturterako matrikulazio epea zabaldu barri dau

'AEK, Euskerarako zure garraiobidea'


Bizkaie!


Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak 2005-2006 ikasturteko matrikulazino kanpainea aurkeztu dau egunotan Bilbon. Iraila osoan zehar zabalik egongo da 2005/2006 ikasturterako izena-emoteko matrikulazino epea. Aurtengo eskaintza anitzaren artean on-line eta autoikaskuntzea lako ikastaro bereziak nabarmentzen dira.

AEK Batzordeko kide Mertxe Mugikak adierazo dauenez, 'ordua da pasa dan Korrikan hartutako konpromisoak guztiz onartzeko' eta horretarako helduek euskerea ikasi behar dabela eta dakitenek erabili egin behar dabela aiderazo dabe Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundetik.

Esangura horretan 'bakotxak ahal dauena egiteko ordua heldu da euskerearen geroa bermatzeko, danon konpromisoa beharrezkoa' dala adierazo eban Mugikak. Era berean, aurtengo udan antolatutako ikastaro eta barnetegien arrakastea nabarmendu dau AEK-k, matrikulazinoak aurten % 6 gehiago izan diralako.

AEK-k urte osoko ikastaroak, ikastaro trinkoak, enpresa eta erakundeentzako planak eta ikastaro bereziak, hizkuntza eskakizunak eta EGA preparetako ikastaroak, Negu Barnetegia, autoikaskuntza ikastaroak, etorkinentzako ikastaro bereziak eta erabilerea bultzatzeko ikastaroak eta bestelako egitasmoak eskaintzen ditu.

Horrezaz ganera, aurten idazkuntza lantegia on-line eskainiko dabe, AEK-k komunikazino eta informazinaoaren teknologien esparrua landuz sortu duen lehen ikastaro birtuala.

Euskerea ikastea bidaiatzea lakoa dala azpimarratu dabe AEK-ko Nazino Batzordeko kideek: 'helmugea euskerea dauen bidaia proposatzen dogu, eta horretarako, AEK da zure garraiobidea'.

Urte osoko ikastaroei dagokienean, eskolak astelehenetik barikura bitartean emongo dira, egun bakotxeko bi ordu eta zenbait ordutegi egongo dira aukeran, bai goizez, arratsaldez zein gauez.

Ikastaro trinkoak, bestetik, eguneko lau edo bost ordukoak izango dira, goizez zein arratsaldez, hiru hilabetean eta urte osoan egiteko aukereagaz.

Enpresa eta erakundeetarako planak eta ikastaro bereziak be antolatu ditu AEK-K. Enpresa edo erakundeen euskerearen normalizazinoari begirako metodologia eta euskerea sustatzeko planek alkarlanean, helburuak eta jarduerak egokitzea bilatuko dabe, eta aholkularitzea eta laguntza zerbitzu iraunkorragaz hornitzea.

EGA ziurtagiria eskuratu gura dabenentzat azterketea gainditzeko ikastaroak (atarikoa, idatzizko azterketea eta ahozko azterketea) be emongo dira.

Barnetegien arloan, bost orduko eskolak izango dira egunero eta hainbat ekintza eta irteera egingo dira Foruko barnetegian (Bizkaian), Urdaibaiko natur erreserban. 24 orduz euskal giroan bete-betean egoteko, eskolan zein eskolatik kanpo hartu-emon guztiak euskeraz egitea bilatzen da.

Autoikaskuntza ikastaroa, euskerea ikasteko metodo mistoa (programa informatikoa etxean edo euskaltegian gehi mintza saioak), tutoretzan oinarritutakoa, ikasle bakotxaren helburuari begira antolatu da.

Etorkinentzako ikastaro bereziak be egingo dira, etorkinak euskerara hurreratzeko asmoagaz. Ganera, erabilerea bultzatzeko ikastaroak, mintza praktika ikastaroak eta mintzalagun programak lakoak be izango dira AEK-ren eskaintzearen artean.

Beste alde batetik, idazkuntza lantegia ON-LINE ikastaroa AEK-k komunikazino eta informazinoaren teknologien esparrua landuz sortu dauen lehen ikastaro birtuala izango da.

AEK-ko ikastaroren batean izena emon gura izan ezkero, hona hemen hartu-emonetarako telefono eta enparauak: 902 36 22 94, www.aeknet.net Interneteko helbidea edo hurren dagoan euskaltegia.