Jan-edanak  I urtea // 16. zenbakia - 2002ko abenduaren 15a

Gabonetako menurako ardaoak eta Ardaoaren Legearen harian


Euskaldunok eta Ardaoaren Legea (II)

Nire ustez barrikuntza serioa behar zan ardaoaren legean, indarreko legea zahartuta gelditu dalako, izan be, Europako Batasunean sartu ginanean be ez zan aldatu. Kontuak kontu, lege barri bat indarrean sartzeko guztion adostasuna behar izaten da eta askotan badirudi ohituta gagozana eta euskaldunok Madriletik jarritako legeen morroi izaten gara.

Lege hau aztertu ondoren, Gasteizko gobernuak autonomia dauka bere legea sortzeko eta horrexegaitik sortu dau bertoko ardao lege proiektua.

Legearen hiru ardatz:

1- Kalidadezko ardaoen aldeko politikea ahalbideratuko dau.
2- Euskal Erkidegoko lurralde guztietako araudiak batu gura ditu, orain arte lurralde bakotxak bere ardao legea izan dauelako.
3- Kontrol gehiago eta sailkapen barriak egongo dira.

Zein da ardaogintzearen garrantzia Euskal Erkidegoan?

Lau Jatorri Deitura doguz: Bizkaiko Txakolina, Getariko Txakolina, Arabako Txakolina (Jatorri Deitura sailkapena aurtengo abuztuko 20an lortua) eta Errioxa Jatorri Deitura barruan dagoan Araba Errioxa. Guztien artean 13.000 hektarea mahasti beteten ditue eta horreetako % 98 Araban dagoz.

Euskal Erkidegoan 85 miloe botila produzidu ziran 2001. urtean (kontuan izan, 1992an 45 miloe botila produzidu ziran eta 10 urteko aldian kopuru hau bikoiztu egin da). Produkzinoaren % 23 esportazinoetara doa eta dirutan 330 miloe euro dira edo 54.907.380.000 pezeta. Beste datu bat emotearren, Araba Errioxan 10.000 biztanle dagoz eta horreetatik 2.300 lagun ardaoari esker bizi dira.

Azken ikerketen arabera, gero eta ardao gitxiago edaten da baina jenteak gero eta kalidade handiagoko ardaoak eskatzen ditu. Giro horretan, kontrolak nahitaezkoak dira.

Lege barriak izango dituan aldaketen artean, ardaoaren sailkapen barria izango da.

Gaurdaino ardaoa lau mailatan sailkatu izan da:

- Mahaiko ardaoa: oinarrizko kategoria da, hau da, ardao sinpleak, ez dabe jatorri geografikorik adierazoten, estadua izan ezik; ez dabe agertzen ez urterik, ez mahatsaren bariedadea zein dan. Honeen artean oso ardao onak be sailkatzen dira, burokraziaren edo gogo faltearen eraginez, jatorri-deituran sartzen ez diran batzuk.

- Lurraldeko ardaoak: jatorri-deiturea baino kategoria xumeagoa dabe eta ezaugarri batzuk beteten dituan lurralde jakin batean produziduten dira. Urtea, bariedadea eta bestelako informazinoa be agertzen da.

- Jatorri-deiturea: ardaoaren jatorria eta kalidadea kontrolau eta arautzeko sistema batek bermatzen dauen eskualde jakin bateko izentapena. Bertan sartu ahal izateko, araudi bati jarraitu behar jako: mahatsaren bariedadea, azterketa organoleptikoa, gitxieneko alkohol graduazinoa, hektarea baten produkzinoa, mahatsondoaren landare kopurua...

- Jatorri-deitura kalifikatua: kategoria bereziko jatorri-deiturea. Gaur egun, Espainian bi dira: Errioxa eta Priorat.

Tirabira handiak izan arren, ondoko sailkapena erabili beharko dogu aurrerantzean:

- Jatorri geografikoa adierazoten daben mahaiko ardaoak: zein eremu geografikotakoa dan, erabilitako mahats-bariedadea eta egingo diran ardao muetak zehaztuko dira.
- Lurraldeko ardaoa: aurrekoaz ganera, gitxieneko alkohol kopurua izango dau, ezaugarri fisiko-kimikoak aztertuko dira eta, azkenik, azterketa organoleptikoa egin beharko jako.
- Jatorri geografikoa adierazoten daben kalidadezko ardaoak: leku jakin batekoak eta bertako mahatsagaz egindakoak izango dira.
- Jatorri-deiturako ardaoak: lehen azaldutako eran.
- Jatorri-deitura kalifikatua: kategoria hau hartzeko, hamar urte bete beharko ditu jatorri-deitureagaz; mahastiak maila honetan erregistrauta egon ondoren, upeltegian bertan botilaratu beharko da eta egiten dauen upeltegiak maila horretako ardaoa baino ezin izango dau egin.
- Lur-eremuko ardaoa: mailarik altuena izango da. Kategoria horretara heltzeko, lurrak ezaugarri berezi batzuk izango ditu eta ataraten dan ardaoak ezaugarri parebakoak izan beharko ditu. Ardao honeek lur eremuaren jabeak produzidu eta botilaratu beharko ditu.

Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.

Menu polita BeƱat Ormaetxeak, Aretxondo Jatetxeko Sukaldariak preparau deuskuna. Hona hemen, plater bakotxerako nire gomendioa ardaoen aldetik:

Perzebe egosiak: marisko fresko honegaz ardao fresko bat sartuko dogu, merkatura orain dala gitxi heldu dan Gorrondona 2002, Bizkaiko Txakolina.

Langostinoak plantxan erreta: plantxeak itxitako lurrinakaz ezin hobeto doa barrikan fermentautako ardao zuri bategaz eta nire gomendioa Araba Errioxako Ostatu 2001 izango litzateke.

Azalore egosia: topikoak apurtuz, (batzuk pentsetan dabelako apardunak amaieran, postreakaz edaten dirala bakarrik) Cavea bat sartuko neuke Agustin Torrelledo Brut Nature.

Bisigua laban erreta: Araba Errioxako ardao baltz gazte bat sartuko neuke, Luberri 2002, orain dala egun gitxi merkaturautakoa.

Baserriko oilaskoa saltsan: Irulegiko ardao bategaz buztartuko neuke eta ardao hau Baigorriko Koperatiban eginiko Omenaldi 1999, ardao baltza izango litzateke.

Karakolak bizkaitar saltsan: Haroko Roda I 1999 ardaoagaz ezkonduko neuke.

Turroi gogor eta biguna: amaitzeko Nafarroako ardao gozo bat aukeratu dot: Otxoa 2001 moskatela.