Bertsotan  IV. urtea // 127. zenbakia

Bidaia baten kronikea: bertsolari gazteak Lisboan


Azken eguna Lisboan libre. Beraz, gosaldu ostean metroa hartu eta alkarregaz joan ginan dendaz denda, kalerik kale, familia eta lagunei opariak erostera: kanpoan bazkaldu, kantaldia egin, leku ederrak ikusi, portugesa praktikau… Gauean, azken afariaren ostean, urian zehar ibili ginan, gaueko Lisboa eta egunekoa ez diralako bardinak.

Tabernatan kantaldia gauero legez, batez be 2 ahotsetan kantatutako ‘txikia’ edo ‘No woman no cry’ doinuarekin inprobisautako letrak. Azkenerako reggae kontzertu batean egon ginan jantzan. Hurrengo goizean gosaldu eta autobusa hartu genduan gure herri maitera bueltetako. Bide lasaia izan zan, baina ez zan kantarik ezta bertsorik faltau. Arabar eta Bizkaitarrok alde egin genduan lehenengo, euri zaparrada baten erdian, triste, agurraren ordua zalako, baina pozik aurreko 5 egunetako barreak akorduan.

’No Lisboa no cry…No Lisboa no cry…
Busa hartuta alde egingo dugu
berriro Euskal Herrira,
dena den lasai gozatuko dugu
zure argazkiei begira…
No Lisboa no cry…No Lisboa no cry…
Edarto pasatu dugunez irriz aste bete bat Lisboan,
5 egun ero hauek beti izango ditugu gogoan…
No Lisboa no cry…’


Bidaia bikaina izan da, lekua ederra izan dalako, lagun artean egon garalako. Eskerrak emotea baino ez jaku lotzen. ‘Moito obrigado’.

Itsaso Paia

Lisboarako bidaia ahaztuko ez doan bidaia da. Astelehenean goizean goiz jaiki ginan astebetez Lisboan zehar garraio izango gendun autobusera igoteko, Laudioko peajean hartu genduna arabar eta bizkaitarrok. Gurasoak 2 muxugaz agurtu ostean, busera igon gendun irribarre handi bategaz, abentura ederra itxaroten geunkalakoan. Julio Soto nafarra gaixorik egoala-eta ez zan etorri; suberte txarra beretzat eta zoritxarra geuretzat. Beste guztiok autobusean sartuta pasau genduan eguna, kantari, tarteka bazkaltzeko eta hankak luzatzeko paradak eginaz. Hotelera ailegau orduko eguna ilundu zan eta danak ahozabalik lotu ginan 4 izarretako hotel handi eta txukun bati begira. Gelak gure artean banatu eta maletak bertan itxi ostean afaltzera joan ginan: jantokian zerbitzarien eta orokorrean hotelaren profesionaltasunaz harrituta lotu ginan, batez be harritu gintuen bigarren platerari egunero botaten eutsien likido berde berezi batek. Afaldu eta Lisboa ezagutzera urten genduan kalera, metroa hartuta kaleetan barrena ibiliz. Giro ederrean eta bertso artean, zer edo zer hartu eta hotelera buelta. Egun gogorra izan zan eta biharamunerako prest egon behar ginan.

Hurrengo goizean altzau, dutxau, jantzi eta armozua jatera joan ginan (bikaina). Gero, autobusean sartu eta gida bategaz batera (persona fisikoa, ez liburua), Lisboa ezagutzen jarraitu genduan. Zurina gidak espainolez azaldu euskuzan hango bazterretako kontuak. Jeronimoen monasterioa, Belengo torrea, museoak eta hainbat leku garrantzitsu bisitau genduzan historia entzun artean. Kanpoan bazkaldu gendun eta arratsaldean gure kontura uria bisitetan jarraitu genduan, afalordura arte. Hotelean afaldu ostean, metro eta tranbiak Marizzaren, Lisboako punta-puntako kantari baten kontzertura eroan gintuzten. Gozau, txaloak jo eta ohera.

Sintra, Cascais eta Storil bisitau genduzan hurrengo egunean eta ikusi dodazan herririk ederrenetarikoak izan ziran. Cascaisen bazkaldu genduan, tipo galego baten tabernan, Manolo eukan izena. Leku zoragarria aukeratu eban taberna iminteko.

Ezin genduan sinistu ikusten genduana, holako paraje ederrak ikusteko ohitura falta handia daukagu eta. Une bereziak gogora neikez baina dudarik barik hunkigarriena eta ahaztezinena Cascaisen egin genduan kantaldia da: gu gitarraren laguntzinoagaz kantuan eta turistak gu bideoan grabetan eta argazkiak ataraten, haize hegoak gure ulea harrotu eta olatuak harkaitzen kontra apurtzen ziran bitartean. Gauean Lisboako tabernatan ibili ginan bertsotan eta kantuan. Joaquin Sabina gustuko eukan tipo baten tabernan saio txiki bat egin genduan eta euskara apur bat be irakatsi geuntson. Harrigarriak izan ziran tabernari portugesaren berbak alde egin genduanean: ‘eskerrikasko eta ondo pasa’.