Bilerearen konturik garrantzitsuenak esan ez deuskuezanak dira
IƱaki Atxutegi
Egia esanda, ez dot sinisten egia osoa esan deuskuenik. Ez dot uste Presidenteak eta Lehendakariak, Zapaterok eta Ibarretxek diru kontuen ganean bakarrik berba egingo ebenik.
Jakin badakigu sarri askotan jentaurrean esaten danak ez daukala zerikusirik benetan jazotakoagaz. Eta uste dot nik oraingo honetan horixe bera pasau dala.
Bilerearen aurreko egunak oso "dinamikoak" izan ziran. Grande-Marlaska epaileak deklarazinoa hartu deutse EHAK eta ezker abertzaleko hainbat kideri ETA erakundeagaz zerikusia daukielakoan. Batasunako bozeroaile batzuek normalizazino prozesua arriskuan ikusten dabela dinoe. Eta prentsaurrekoetan eta artikuluetan berba egiten daben ia guztiek hilabeteak emon izan dabez oraindino ez dagoala ezer esaten!
Deigarria izan da kontu honeetan fiskala mutu eta gor egon izana eta operazino guztia instrukzino epaileak eroan izatea. Deigarria da, bestalde, epailea bilbotarra izatea eta holan jokatzea, euskal gizartea ondo baino hobeto ezagutzen dauenean. Bilbon jaio, ikasi eta epaile lez lana izan eban Fernando Grande-Marlaska Entzutegi Nazionaleko epaileak. Batzuek esan izan dabe bere kabuz dabilela epailea eta holan jarraitu ezkero, berak bakarrik bialduko leukela pikutara prozesua. Eta ez dakit nik eretxi honeek benetan sinisgarriak ete diran.
Kontua kontu, aurreko egunetan Ibarretxe eta Zapatero alkarregaz egon izan ziran, ustez, euskal Kupoaren ganeko ezadostasuna desblokeau guran. Baita lortu be. Honeen ondorioz, Presidente Autonomikoen konferentzian egon izan zan Ibarretxe. Interes handia agertu eban Zapaterok Ibarretxe ditxosozko konferentzian egoteko. Baina, halanda be, nahiz eta horrenbesteko interesa izan, ez ete da lar kontu txikia presidente bien denporea beteteko?
Honexegaitik uste dot nik honez ganera bestelako gaiak izan zirala mahai ganean. Are gehiago, alderdien mahaiaren diseinuaren ganean hamaikatxu eretxi kaleratu izan diranean, Katalunyako estatutuaren ganean danak baikor agertzen diranean (Ez dira ezkorrak izango Diadaren egunean!), eta arestian esan dodan lez, bilerearen aurreko egunetan horrenbeste gauza pasau diranean. Euskal kupoaren arazoa desblokeetea kontu pozgarria da, jakina, baina dirua baino inportanteagoak diran beste kontu batzuk dagoz mahai ganean (edo mahai azpian, nork daki!) Ia honeek be ahalik eta arinen desblokeetan diran.