Ahozkotasuna irakaskuntzan
Astelehena, irailaren 5ean
10etan. ‘Ahozko estiloaren psikodinamikak: zenbait adibide’
Asier Barandiaran Nafarroako Unibersidadeko irakasleak emon euskun lehenengo berbaldia. Ong, White eta Foley izan ebazan ahotan etenbarik, ahozkoa be berbaldi antolatua dala probetako. Adibide gehienak Enbeitatarren bertso aleetatik atara ebazan.
12etan. ‘Ahozkotasunaren alder erretorikoa’
Jon Kortazar Euskal Herriko Unibersidadeko irakasleak ahozko testuen banaketa egin eban berak ezarritako parametroen arabera, generoak euren artean era isolatuan aurkeztuz. Bertsolaritza ez eban bere azalpenaren ardatz lez planteau, baina batetik edo bestetik, sarritan aitatu eban.
16.30ean. ‘Ahozkotasunaren erretorika bertsolaritzan’
Joxerra Gartzia Euskal Herriko Unibersidadeko irakasleak bere tesian oinarritutako berbaldia emon eban, ahozko diskurtsoen sailkapenetik abiatuta.
Martitzena, irailaren 6an
10etan. ‘Haurra eta ahozkotasuna’
Juan Kruz Igerabide aditua da gai honetan. Berak sutsuki defendiduten eban ipuinak erabiltea ume eta gazteen ikasbide lez. Ahozkotasuna pasiboa bultzatzen eban zelanbait esateko, hau da, ‘entzunezkotasun’ bidezko ikasketea.
12etan. ‘Ahozko estiloa eta idatzizkoa elkarrekiko eraginean’
Unai Elorriaga idazleak bere obra oinarri izan eban ahozkotik idatzizkora pasetako baliabideen ganean berba egiteko. Forma bien alkarreraginaren aberastasun eta oztopoak nabarmendu ebazan.
Eguaztena, irailaren 7an
10etan. ‘Ahozko euskararen kalitatea’
Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak egungo euskerearen kalidadea edo alderdi batzuetako kalidade eza agerian itxi eban. Egindako txostenaren ondorio eta alternatibak azaldu ebazan.
12etan. ‘Ahozkotasuna eta bertsolaritza: saio praktikoa’
Estitxu Arozena bertsolariak ‘bertsofitxa’ batean oinarritutako eskolea antolatu eban belarriak lasaitu eta mingaina esnatzeko.
16.30ean. ‘Gazteen beharrizan komunikatiboak eta ahozkotasuna’
Ezaguna da Kike Amonarrizek gazte berbakerearen ganean hainbat azterketa eta esfortzu egin dituala. Horren adibide, Iruñean Euskal Herri osoko gazteen berbakerea islatu eban aretoaren pantailan.
Eguena, irailaren 8an
10etan. ‘Ahozko jardunaren pedagogia’
Leire Diaz de Gereñu ahozko kontaketa hartu eban ardatz, gai horren didaktika landu eta apliketako beharrizana azpimarratuz.
12etan. ‘Ahozkotasuna eta euskal curriculuma’
Erramun Osa bizkaiekidea espero bagendun be, Itziar Elortza agertu jakun berbaldira. Edozelan be, berak be hitzaldi ederra egin eban euskal curriculumari buruz, ahozkotasunaren inguruan emon gura diran pausoak adierazoz. Hizlari ederra.
16.30ean. ‘Solasaldiaren didaktika: saio praktikoak’
Luis Mari Larringan EHUko irakasleari tokau jakon gai honen lanketea.
Barikua, irailaren 9an
10etan. ‘Hizkuntza-komunitateak bere jatorritik kanpo’
Joxe Malleak Ipar Ameriketako bertsolaritzearen ganean berba egin eban luze.
Orokorrean, ahozkotasunaren aldeko ekintza positiboa izan zan, batez be Iruñean izan zala kontuan izanik.
Xabier Paia
Joan dan astean Iruñean egon nintzan. Berez, ez dakit Iruña, Iruñea, Iruinea edo zelan idaztea komeni dan, bertan zuzentasunaren ganetik egokitasunari lehentasuna emon behar jakola ikasi eta gero. Nafarroako Unibersidadeak ‘ahozkotasuna irakaskuntzan’ jardunaldiak antolatu dauz udako ikastaroen zikloaren barruan, ahozko zein idatzizko hizkuntza aztertzen daben hainbat irakaslek aukera izan dagien ahozkotasunaren garrantziaz berba egiteko.
Gaur egungo eskoletan ez ei da berba egiten irakasten. Gurasoek beti jakin gura dabe euren seme-alabek idazten eta leiduten dakien, baina inork gitxik galdetzen dau bere semea edo alabea berba egiteko kapaz dan. Horren kontura, joan dan asteko programea erabiliko dot irakasle bakotxaren azalpena pantailara ekarteko.