Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 127. zenbakia

Hegaldi merkeen prezioa


Ikuskapenak

Sustapen Ministerioak baieztu dau ikuskapen zerbitzuan 132 persona dabizela beharrean; edozelan be, horreetariko 117 mantenimentuaz arduratzen diran injineruak dira eta ganerakoek aholkularien estatusa daukie. Hegaldietako ikuskatzaileak bi besterik ez dira. 2004an Espainian 213 hegaldi baino ez ziran ikuskatu, hau da, 10.000etarik bat. Europa osoan 4.500 segurtasun kontrol egin ziran, horreetariko 43 Espainian eta 1.640 Frantzian.

OACIk iragarri dau 2020an hegazkin istripu bat izango dala astero. Horrek egungo estadistikea aldatuko leuke; izan be, gaur-gaurkoz istripu bat izaten da 1,5 miloe hegaldiko. Hegaldi komertzial baten hilteko posibilidadea 13 miloetarik 1ekoa da. Herrialde ez-garatuetan arriskua hogei bider handiagoa da.

Begiluzea

Segurtasun baldintzak hobetu ezean, 2020an hegazkin ezbehar bat izango da astero-astero. Datua Nazinoarteko Hegazkingintza Zibilaren Erakundeak (OACI) emonagaitik be, abuztura arte ez jakinean geratu da. Hile honetan, zoritxarrez, adituen aurreikuspenak bete dira, baina 15 urteko aurrerapenagaz. Hegazkingintzearen hilerik baltzenetariko bat izan da: 5 istripu eta 330 hildako. Astean bat baino gehiago. Jausitako abioietarik hiru kostu txikiko konpainienetakoak izan dira; horrek dudak handiagotu dauz hain hegaldi merkeen inguruan.

Prezio merkeen arrazoiak

Konpainia honeek behin eta barriro adierazo dabe hain prezio merkeak opesteko faktore nagusi bi dagozala: batetik, aireportu txikiago eta merkeagoetan jarduten dabe; eta, bestetik, Interneten bitartez baino ez dabe saltzen. Edozelan be, egunokaz beste jardun batzuen barri emon da prentsan: erregaiak erabilteko modua, pilotuen lan orduen kopurua, hegazkinen gorabeherak erregistretako prozedurak...

Hainbat komunikabidetan salatutakoaren haritik, erregaien politikea zorrotz-zorrotza izaten da mueta honetako konpainietan. Halan, aireportu batetik bestera joan ahal izateko, erregai kopuru zehatza ez eze beste zati gehigarri bat be behar izaten da, arazoei aurre egin ahal izateko; izan be, sarritan itxaron beharra dago eguraldia hobetu arte edo ibilbidea aldatu beharra dago, ekaitzen edo bestelakoen arriskurik ez izateko. Erregai hornikuntzan urri ibili ezkero, ez dago desbideratzerik eta, lehen ekaitzak ebitetako asmoz ibilbidea luzatzen zan arren, gaur egun biderik laburrena aukeratzen da eta kitto.

Kostu txikiko konpainetako hiru hegazkinek izandako ezbeharretan erregai akatsak izan dira: Helios (abuztuaren 14an, Atenasen, 121 hildako), West Caribbean Airways (abuztuaren 16an, Venezuelan, 152 hildako) eta ATR-42 Tunezeko txarterra (abuztuaren 6an, 13 hildako).

Bestalde, komandanteak matxurak edo akatsak apuntetako liburu ofizial bat dago. Lurreratzean, liburua mantenimentu zerbitzuari emon behar jako eta, azken honek OK emon arte, ezin da ostera be hegaz egin. Antza danez, hegaldietan atzerapenik egon ez daiten, liburu horretan ez da ezer apuntetan. Irregulartasunik atzemon ezkero, beste koaderno batean idatzi eta hurrengo komandanteari emoten jako, jazotakoaren barri euki daian. Matxurak gauez konpontzen dira beti.

Ganera, hegaldi mueta honeek praktikak egiteko eta esperientzia lortzeko be erabili ohi dira. Bigarren pilotu modura esperientzia bako persona gazteek jarduten dabe, hainbat miloe pagau ostean. Eta zer edo zer pasetan bajako komandanteari?

Azkenik, sarritan salatu da pilotuak presionetan dabezala beharrean ordu gehiago egin daiezan. Pilotu batek 90 ordu baino ezin dauz hegaz egin hilean; abuztuan hainbat pilotuk aitatu dabe eurek 100 ordutik gora egin dabezala behin baino gehigotan.