Zinea  IV. urtea // 127. zenbakia

Wilby wonderful


"Wilby wonderful" drama gazi-gozoa da, egun bakar batean personen bizimoduak goitik behera irauli daitekezala aditzera emoten dauena. Daniel MacIvor-ek ezer jazoten ez ei dan herri txikietako beste arpegi hori erakutsi gura izan deusku: ustelkeria kasu txikerrak, nortasun sexual gordeak, itxurakerietan diharduen bikotekideak, ama ezkonbakoak, nontzebarriak... Film honetan giza hipokresiaren alderdi guztiak agiri dira.

Halanda ze, drama koral honek hartzen dauzen hogeita lau orduetan herri txiki eta, ustez, lasai honetako lurpeko jazokizun guztien barri eukiko dogu, pasetan dana errez aurreikusi daitekean arren. Filmea ez dago txarto; antzezleek ondo bete dabe beharra eta asmoak onak dira, beharbada lar onak. Edozelan be, erritmoa nahiko geldoa eta motela da eta hurrengo eszenetan ezusteko modura azaltzen dana aldez aurretik igarten da ezelako arazo barik.

Beste batzuetan bakardadeak lotzeko samurtasunari kritika bikainak egin jakoz, baina, egia esan, kasu honetan oinarrizko beste osogai garrantzitsu batzuk falta dira, berbarako bizitasuna eta harridurarako tartea.

Joseba Terreros

- Zuzendari eta gidoia: Daniel MacIvor.
- Herrialdea: Kanada.
- Iraupena: 99 minutu.
- Antzezleak: James Allodi (Dan Jarvis), Maury Chaykin (Brent Fisher), Paul Gross (Buddy French), Rebecca Jenkins (Sandra Anderson), Sandra Oh (Carol French), Ellen Page (Emily Anderson), Callum Keith Rennie (Duck MacDonald), Daniel MacIvor (Stan Lastman), Kathryn MacLellan (Deena), Mary Ellen MacLean (Irene).
- Musikea: Michael Timmins.
- Argazkia: Rudolf Blahacek.
- Muntaia: Mike Munn