Zinea  IV. urtea // 127. zenbakia

Darwin's nightmare


“Darwin's nightmare” filmak inori interesetan ez jakonaren barri emoteko meritua dauka, bai eta hori guztiori mundu guztiari azaltzeko interesa sortu eragiteko balio ukatuezina be. Dokumental eredugarri honen arretagunea gizateriaren sorleku ahaztuan dago, Afrikan, pribilegiatuen helmuga turistiko bihurtu dana, baina batez be Sartaldeko potentzien zabortegi eta jaki-tokia dana. Pobrezia gorriaren ispilu honek emoten deuskun irudia zeharo garbia da: ahul eta makalenen ondasunak indarrez eta kolonialismo barri nahiz basati baten bitartez ostuten jarraitzen dogunon eskrupulo faltea, egoera hori ontzat emoten dogunon adostasuna eta beste alderdi batera begiratzen dogunon ardurabakokeria.

Inork entzun eta ikusi gura ez dauen arren, filmean gordinkeria osoz azaltzen da mundu honetako egia biribila: lehenengo munduan oso ondo bizi gara, hirugarren munduan ezin txarrago bizi diralako. Eta guztion ardura eta erantzukizun hori da dokumental bikain baizen gogor hau irunsteko arazoak emoten deuskuzana. Hubert Sauper-ek fabula izugarri baten barri emon dau, izenburu bikain baten pean.

Ez da beharrezkoa Spielberg-en fikzino alienigenetara jotea, munduen gerrea zein dan ikusi ahal izateko. Dokumental honen ondorioak guztiz ezkorrak dira. Oraingoan, baina, besteakanako pena eta errukia sentidu beharrean, geure buruaren lotsea izango gara. Guzti-guztiok pelikulearen gaian inpliketako daukan ausardiagaitik, argitasunaren zaplastekoa eskertu behar jako.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Hubert Sauper.
- Herrialdeak: Frantzia, Austria eta Belgika.
- Iraupena: 107 minutu.
- Generoa: Documentala.
- Ekoizpena: Edouard Mauriat, Antonin Svoboda, Martin Gschlacht, Barbara Albert, Hubert Toint eta Hubert Sauper.
- Argazkia: Hubert Sauper.
- Muntaia: Denise Vindevogel