'Albania kulturaz barriro konkistetako'
Iratxe Ormatza
Uharteko (Nafarroa) Ardanbera fanfarrea Iru-eko Oberena dantzariakaz batera Albania aldera eroango dabez Euskal Herriko doinuak eta dantzak.
Albaniara joatearen arrazoia Erdi Aroan dogu. Orduan Nafarroako espedizino batek Albania aldera jo eban herria konkistau guran. Oraingo espedizinoa, barriz, baketsua eta kulturala da. Ardanberako 14 musikari eta Oberenako 20 dantzari joango dira hamar bat egunerako.
Lehenengo, Vlorara doaz. Vlora herriaren hegoaldean dagoan leku turistikoa da. Bertako Dantza eta Polifonia jaialdian hartuko dabe parte, eta bat egingo dabeAlbaniako independentziaren ospakizunakaz. Izan be, Vloran urian aldarrikatu eben euren burujabetasuna.
Durres izango da hurrengo herria, Albaniako porturik garrantzitsuena. Eta, azkenik, Tirana uriburura hurreratuko dira.
Aitatutakoa berbatuta daukien agendea da. Halanda be, Aritz Azparren Ardanberako flauta jolearen berbetan: 'holako biajeetan aldez aurretik berbatutako ekitaldiak baino gehiago egiten doguz. Leku batean jo eta jenteari gustetan bajake, beste leku batzuetan joteko aukerea izaten dogu eta'. Beraren aita Jokin Azparrenek esan dauenez, 'guk beti iminten dogu ilusino osoa holako biretan. Oraindino sano hur dogu joan dan urtean Argentinara egindako bidaia'. Orduko birak 'Argentinan Etxez Etxe' izan eban izena; aurten, barriz, 'Albania kulturaz barriro konkistetako' dauka izenburu.