Antxina-barri  I urtea // 16. zenbakia - 2002ko abenduaren 15a

'Euskal ostikolariak' Sobiet Batasunean


Sobiet Batasunean jokatutako azken partidua Minskeko Dynamoren kontra jokatu eben euskaldunak 1 eta 6 irabaziz. Sobiet Batasunean hilebete eta erdi emon eben euskaldunak zazpi partidu irabaziz, bat bardinduz eta beste bat galduz. Baina hilebete eta erdi honetan ez zan dana futbola izan, atsedena hartzeaz aparte, euskal jokalariek bertan egozan ume erbesteratu euskaldunakaz egoteko aukerea be izan eben. Abuztuaren 16an, Leningradorantza urten eta handik Norvegia eta Danimarkara joan ziran euskal futbolariak. Gero etorriko ziran Ameriketako kontuak eta azkenik, selekzinoa desegitea.

Urte batzuk geroago, 1979an San Mameseko zelaian Euskadiko Futbol Selekzinoak bere historiako beste fase bati emon eutson hasikerea.

Aurten, Jose Angel Iribarren aginduetara, abenduaren 28an jokatuko dau Euskal Futbol Selekzinoak Macedoniako taldearen kontra San Mamesen.

Asier Madarieta,
Euskal Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.

Gabonak gainean doguz eta gabonakaz batera, turroia, intxaur-saltsea, txanpana eta barriro be Euskadiko futbol selekzinoaren partidua.

Aurretiaz ahalegin batzuk egin ziran, berbarako Iparreko Federazinoko taldea, Euskaldunen bidaia Ameriketatik edo Katalunia eta 'Baskonia'-ko selekzinoak jokatutako partiduak; edozelan be, Euskal Futbol Selekzinoa, 1937an Eusko Jaurlaritzeak sortu ebala esan daiteke.

Asmoa, dirua lortzeaz ganera, propagandea egitea zan. Horretarako, selekzinoa batu eta Frantzian pare bat partidu jokatzea pentsau eben. Arrakastea ikusita, euskal ostikolariek Europa eta Ameriketako ibilaldiari ekin eutsen. Artikulu honetan ibilaldi horretako ataltxu bat jorratuko dogu, hain zuzen be, Sobiet Batasunera egindako osterea.

1937ko bagilaren erdi aldera heldu ziran euskal futbolariak Sobiet Batasunera, Frantzian, Txekian eta Polonian hainbat partidu jokatu eta gero. Juan Gracia, Eusko Jaurlaritzako sailburuak esaten ebanez, Sobiet Batasunera joateak Euskal futbolariei, gehienak abertzaleak, komunistea zan herri baten zelan bizi ziran erakusteko eta, aldi berean, errusiarrei euskaldunen alde gerran emondako laguntzinoa eskertzeko balio izan behar eban.

Orduko euskal futbolari ospetsuenak joiazan selekzinoan, besteak beste, Langara, 'Emilin', Zilaurren, Blasco, Gorostiza, 'Pablito', Ciriaco, 'Kuki', Bienzobas, Zubieta eta Iraragorri, kapitain modura Luis Regueiro eukela. Entrenatzailea Pedro Vallana zan. Jokalariak gastu guztiak pagauta zituen baina ez eben dirurik kobretan jokatzeagaitik.

Moskun egin eutsien harrerea itzelezkoa izan zan: lore sorta eta musika bandaz ganera, uriburuko agintari guztiak joan ziran euskaldunei harrerea egitera. Bertan ziran Lokomotiv futbol taldeko jokalariak be, euren taldeko erropak jantzita. Uriburuko eraikin batzuk ikusi eta gero Bolsoi Konpainiak emondako ballet saioa ikusteko aukerea izan eben euskaldunek. Bagilaren 24rako egoan iragarrita lehenengo partidua Moskuko Lokomotiven kontra. Bezperan, errusiar futbol taldeko agintariek bazkaltzera konbidau zituen euskaldunak. Kontua da ze bazkaltzeko ez eutsiela ardaorik ipini eta Errusiako agintarien harridurarako euskaldunak ardao barik ez ebela bazkaltzen esan eben. Azkenean, ardaoa hemendik edo handik atara eta arazoa baretu egin zan. Hurrengo egunean, partidua jai giroan jokatu eben: hiru ordu arinago jentea zelaian egoan eta partidua hasi aurretik hegazkin batetik lorak jaurti zituen. Futbol zelaiko 90.000 jesarlekuak beteta egozala, 1 eta 5 irabazi eben euskaldunak.

Selekzinoko jokalariek erakutsitako trebezia eta estrategia, barriak ziran errusiarrentzat, hurrengo egunean kazetarien esanetan eta idatzietan argi erakutsi eben moduan.

Bigarren partidua 27rako iragarri eben, Moskuko Dynamo taldearen kontra. Talde hau Sobiet Batasuneko ligako lehenengo postuan egoan sasoi haretan. Azkenean, 1 eta 2 irabazi eben euskaldunak.

Moskutik Leningradora (gaurko San Petersburgora) joan ziran gure ostikolariak bertako Dynamoren aurka jokatzeko. Aurreko partiduetan erabilitako taktikea aldatu eta azkenenan bardintzea baino ez eben lortu eta partidua bina amaitu zan. Hurrengo asmoa Ukraniako Kiev urira joatea zan, baina Moskuko langile askok uriburuan euskaldunak jokatutako partiduak ezin zituela ikusi eta bidaia aldatu eta Moskura heldu ziran barriro jokalariak.

Ordurako, lau futbolari minduta egozan eta hamabi baino ez ziran jokatzeko moduan. Barriro ba, garagarrilaren 4an Moskuko Dynamoren kontra jokatu eben euskaldunak 4 eta 7 irabaziz. Euskaldunen abiada eta indarra erabagiorrak izan ziran. Euskal selekzinoko entrenatzailea zan Vallanak, errusiar futbolariek talde modura gehiago jokatu beharko leukiela adierazo eutsien bertako kazetariei eta ausardia gehiagogaz eta atera baloiak jaurtiteko beldurrik barik jokatu behar ebela.

Garagarrileko 8an, barriro Moskuko Spartaken kontra jokatu eben euskaldunak eta partidu honetan galdu eben lehenengoz Sobiet Batasunean ziranetik. Entrenatzailearen ustez, jokalariak nekatuta egozan eta ganera epaileak euskaldunen kontra egin eban, errusiarren aldeko penaltia erabagiz eta jokoz kanpo errusiarrek sartutako gola ontzat hartuz. Kontuak kontu, 6 eta 2 izan zan azken emoitzea. Adituen esanetan, euskaldunen ganean egindako markaketak izan ziran erabagiorrak, izan be, Gorostizak, Zubietak eta Langarak ezin izan eben euren jokua erakutsi. Arerioak holan marketea, sobietarrentzako gauza barria izan zan eta Spartak taldeko entrenatzailearen esanetan, lehenengoz hasi ziran teknika hori erabilten. Beraz, euskal selekzinoaren kontra jokatutako partiduek Sobiet Batasuneko futbola barritzeko eta indartzeko be balio izan eben.

Garagarrilaren 15ean, Kievrako bidea hartu eben euskaldunek eta hango Dynamoren kontra 1 eta 3 irabazi eben. Handik Georgiara joan ziran Tbilisiko Dynamoren kontra 0 eta 2 irabaziz. Bitxikeria moduan, esan daigun partidu horretan arbitro laguntzaile batek ikurrinea erabili ebala partiduan banderatxu modura.

Georgian jokatutako bigarren partidua herrialde honetako selekzino baten kontra jokatu eben gure futbolariek. Azkeneko emoitzea 1 eta 3 izan zan euskaldunen alde. Georgian harriduraz hartu zituen talde bietako jokalariek herri bietako abestien artean egozan antzekotasunak: urte batzuk georago, georgiar jokalarietariko batek gogoratzen eban moduan, partidu hau jokatu baino lehenago, georgiarrak abesti bat kantetan hasi ziran eta berehala jarraitu eben musikea euskaldunak. Gero euskaldunak beste abesti bat hasi eta berehala jarraitu eben georgiarrek.