Euskaldunok munduan  IV. urtea // 127. zenbakia

'Abarketak Uruguain' berbaldia arretaz entzun eben Haize Hegoa euskal etxean


Iratxe Ormatza

'Haize Hegoa' Euskal Etxean antolatutako 'Alpargatas en Uruguay' berbaldia sano arrakastatsua izan zan eta Montevideoko komunikabideetan izan eban oihartzuna be gogoan hartzekoa. Berbaldia Danilo Maytiak egin eban. Edozelan be, aurkezpenaren beste izarra Pierre Errazola euskal inmigranteak orain 100 urte baino gehiago egindako abarketa txikia izan zan.

Abuztuko azken barikuan egin zan berbaldia Montevideoko Inmaculada Concepcion ikastetxean, 'Colegio de los Vascos' esaten deutsen horretan.

Abarketagintzea sano garrantzitsua zan Euskal Herrian zehar, izan be, asko erabilten ziran sasoi batean. Euskal inmigranteak Atlantikoaren bestaldera joan behar izan ziranean, XIX. eta XX. mendeetan, abarketak be eurekaz eroan ebezan. Rio de la Plataren inguruan abarketearen erabilerea eta fabrikazinoa be zabaldu zan.

Gaur egun be horretan dihardu Fabrica Uruguaya de Alpargatas-ek. Berbaldira hurreratu ziran lagunen artean, fabrika horretako aspaldiko beharginak eta gaur egungoak be baegozan; hori dala eta, euren jankingurea asetzeko hartu-emonetan ibili ziran. Batez be, abarketearen historiaren ganeko informazino gehiago gura eben, baita Euskal Herriko aberketagintzearen barri be.