Barriketan  IV. urtea // 127. zenbakia

Patxi Ros: 'danok gara narzisistak'

Euskal Naturista Elkarteak Sopelanako VII. Lasterketa Nudistea, Patxi Ros Saria antolatu dau. Irailaren 17an izango da Barinatxe (Salvaje) hondartzan, goizeko 11:00etan hasita. Tartean, aparteko jarduerak be antolatu dabez: bazkaria Golfo Norten eta lasterketako argazkien erakusketea Bilboko Alde Zaharreko Txoko Landan.

Naturismoa eta kirola buztartu guran, 1999an sortutako lasterketea aitzindaria eta eredu argia da Espainian. Orain zazpi urte Patxi Ros, kirol eta naturismo zalea bi zaletasun horreek batzen ahalegindu zan eta, ondorioz, Sopelanako Lasterketa Nudistea sortu zan.

Lasterketa honetaz eta oro har, nudismoaren ganean berba egiteko, hona hemen Patxi Rosegaz egindako berbaldia:

1. Noiz hasi zinan nudismoa egiten eta zergaitik?

Francoren sasoian izan zan, 16-17 urte neukazala; Barinatxeko hondartzara anaia-arreba nagusiakaz eta amagaz joan nintzan eta ama kenduta ganerakoak narrutsik jarten zirala ikusita, nik be bardin egin neban, modu naturalean; hori bai, horrenbeste jente narrutsik ikusten neban lehenego aldia zan eta hasieran golpe handia izan zan. Ordutik familian neu naz nudismoa gehien praktiketan dauena.

2. Ze plazer topetan deutsazu narrutsik ibilteari?

Narrutsik ibiltea oso erosoa da eta bainu-jantzirik ez dozunez erosi behar dirua aurrezten dozu. Uretatik urtekeran ez dozu bainu-jantzia aldatzen ibili beharrik eta, ganera, ura eta harea gorputzean sentitzea gustetan jat. Horrezaz ganera, gorputza erakustea eta besteenak ikustea be gustetan jat; lodiak, txikiak, argalak, ederrak ikusten dira baina danek daukie berezitasunen bat. Gogoan daukat, Sopelanako Barinatxen edadeko emakume lodi bat ikusi nebala behin urertzean saltoka eta irudi hori ez daukat ez ahaztuteko. Beste baten, edadeko gizon bi ikusi nebazan narrutsik, buruan txapela jantzita paseoan urertzean; era horretako irudiak, benetan ikusgarriak dira.

Beste alde batetik, biluzik ez dago aberatsik, ezta pobrerik be, danok gagoz maila berean. Erropeak, barriz, zeozelako egoera soziala adierazoten dau eta asko dira erropea estatus bat marketako, proboketako erabilten dabenak.

3. Nudistak narzisistatzat hartzen dabezanak be badagoz, euren gimnasioko gorputzak erakutsi gura izaten dabezanak...

Bai. Kirolaria nazanez, gustetan jat gorputza lantzea eta nire gorputza begiratzea baina danok gara narzisistak, batzuek gorputza erabilten dabe erreklamo moduan eta beste batzuek, barriz, erropea. Nudismoarena atxakia izan daiteke norberaren burua erakusteko.

4. Erekzinoetarako ‘arriskurik’ ete dago nudismo guneetan?

Bai. Lehenengo egunetan, hondartzan behera begira pasetan neban egun osoa eta gero bueltea emoteko ausardia lortzen dozu, badaezpada begiak zarratuta, ezer ez pentsetako... Apurka-apurka, norberaren gorputza kontroletan ikasten dozu. Edozelan be, nik uste neban hori hasierako fenomenoa zala baina orain urtebete edo hondartzan, emaztegaz eta hamar urteko semeagaz nengoala, emakume eder-eder bat ikusi eta erdi mailako erekzinoa izan neban...

5. Naturismoa eta nudismoa gauza bera dira?

Sarritan berba biak erabilten dira gauza bera adierazoteko baina naturismoa mobimentu zabalagoa da (ekologia, imgurumena, natureagaz integretea, naturea narrutsik disfrutetan dabe...) eta nudismoa, barriz, mobimentu edo filosofia horren barruan sartzen dan atala litzateke (etxean edo gune nudistetan biluztea). Errazago ulertzeko, persona bat naturistea izan daiteke baina ez, ostera, nudistea eta alderantziz.

6. Nudismoa leku zehatzetan (ghettoetan) praktiketan da eta gizartean gero eta onarpen maila handiagoa dagoan arren, zeintzuk dira erronkak? Zer falta da? Zer eskatuko zeunke?

Egia da orain urte batzuk baino hobeto ikusia dagoala nudismoa baina onarpen eta errespetu handiagoa beharko litzatekela uste dot. Ghettoena aitatu dozu eta beti egon naz ni horreen kontra. Egia da gizakiok jokerea dogula gure ohiko zereginetan (leku publikoetan, autobusean...) antzekoengana hurreratzeko, hori aukera naturala da, era inkontzientean egiten doguna; nudistok be bardin jokatzen dogu, hondartzan narrutsik dagoan jentearen ondoan jarten gara. Dana dala, agintariek leku zehatzak ezartzea edo inposatzea nudismorako ez jat bidezkoa iruditzen. Askatasunez aukeratzeko modua euki behar dau gizakiak. Normalena eta naturalena alkarrenganako errespetuan oinarrituta, hondartza guztietan praktika danak (nudistak eta ez nudistak) onartzea izango litzateke baina gizartea oso berde dago oraindino...


7. Kalean biluzik ibiltea ez da legez kanpokoa baina eskandalu publikoa izan daiteke...

Bai, biluzik ibilteagaitik ez dago zigorrik baina edade txikiko zein gitxitu sikikoen aurrean exhibizionismo kasuengaitik, ostera, bai, gehienbat kutsu sexuala egoten dalako (probokazinoa, keinuak..).

Eskandalu publikoari jagokonean, gero eta gitxiago emoten dala esango neuke; pentsaizu edozein produktu saltzeko, publizidaderako biluzik agertzen diran modeloak erabilten dabezala eta telebistan zein kaleko karteletan gero eta gehiago agiri dirala. Gorputz biluziak gero eta gehiago ikusikeran, sasoi bateko ikarea, lotsea eta enparauak desagertzen doaz gizartean.

8. Eguneroko zereginetarako (lana, kirola, eskola, erosketak, aisialdia...) eta higiene eta garbitasunerako, ez ete da deserosoa nudismoa?

Ez. Ohitura kontua da. Jakina, nudistok erropea be erabilten dogu kasu askotan erosoagoa dalako, eguraldiagaitik eta bestelako arrazoiengaitik eta beste kasu batzuetan derrigor jantzita ibili behar dalako. Edozelan be, gu oporretan nudismo guneetara edo kanping nudistetara joaten gara eta horreetan eguneko jarduera guztiak narrutsik egiten doguz: erosketak, jolasak, otorduak...eta oso erosoa da. Lantzean behin erropea jazten dozu, akaso iluntze-gau partean giro freskoa dagoanean baina normalean egun osoa egiten dozu biluzik. Garbitasunari dagokionean, igerileku edo hondartzako hamaketan batzuk eskuoihala erabilten dabe eta jatetxeetan pareoa; dana dala, salbuespenak salbuespen nudistok ez gara zikinak eta gelatik urten aurretik denporea hartzen dogu garbitzen eta apaintzen.

9. Korrika biluzik egitea be ez da bape erosoa izango, ez gizonentzat ezta emakumeentzat be...

Korrika narrutsik egitea emakumeentzat da deserosoagoa, batez be, bular handikoentzat titietako minagaitik baina bularretakoagaz be ez da arazoa konpontzen.

Gizonezkoentzat, barriz, ez da bape deserosoa, zakila oso ondo moldatzen da gorputzaren mobimentuetara, dantzan ibilten da batera eta bestera armonia ederrean. Atara kontuak, nik neuk lasterketak ez eze, entrenamentuak be narrutsik egiten dodaz azken 4-5 urteotan, hondartzan zein mendian.

10. 1999an zu zeu izan zinan Sopelanako lasterketearen sortzailea eta 2003an Euskal Naturista Elkarteak Patxi Ros Saria lez ezagutarazo eban. Zelan otu jatzun lasterketea antolatzea?

Egun sargoritsu bateko korrika saioaren ondoren, lagun bati lasterketa nudista bat antolatzeko ideia azaldu neutson eta barreka hasi zala ikusita, orduantxe pentsau neban ideia ona zala. Horrezaz ganera, lagun bat daukat lasterketak antolatzen dituana eta horrek be animau ninduan, lasterketa nudistea zeozer barria, apurtzailea izango zala esanaz. Hori izan zan abiapuntua. Lehenengo hiru lasterketak neuk antolatu nebazan eta gero ENEk hartu dau ardurea ze holako kontu bat antolatzea ez da bromea, dirua eta denporea behar diralako eta ni nahiko urri nenbilen bietatik.

11. Bost kilometroko lasterketan parte hartzea dobanekoa da eta lasterketa egunean bertan egin daiteke izena emotea. Urtero zenbat inguru izaten dira parte-hartzaileak?

Lehenengo urtea berezia izan zan. Danetara, 49 korrikolarik parte hartu eben. Bitxia izan zan, hasieran, ez eban inork izenik emoten, lasterketea hasi baino ordubete lehenago ez egoan inor apuntauta. Hondartzan jente asko egoan, ikusmina sekulakoa zan baina oso astiro hasi zan jentea animetan.

Bigarren urtean, promozino kanpaina erraldoia egin genduan, liburuxkak 3-4 hizkuntzatan atara genduzan, 30-35 bat komunikabidetan agertu ginan, munduko bazter askotako korrikolariekaz jarri ginan hartu-emonetan, sari garrantzitsuak emon genduzan eta parte-hartzaileak ia 300 izan ziran, tartean, kalidade handiko korrikolariak. Jakina, maila horri eustea oso gatxa zan, azpiegitura zein aurrekontu aldetik. Hurrengo edizinoetan diru-sariak kendu egin ziran eta parte-hartzaileen kopurua ehun, ehun da piku bueltan ibilten da urtero. Leku guztietatik dator jentea Sopelanako lasterketara eta bitxikeria lez, japoniarrak, mexikarrak eta frantziarrak be etorten dira.

12. Zure ohiko zereginetatik aparte, aktore lana be egin behar dozu ‘Kutxidazu bidea Isabel’ filman…

Bai. Emoten dau jentea ez dagoala prest filmeetan narrutsik agertzeko eta nik ez daukat ezelako arazorik horretarako. Galiziatik film labur batean parte hartzeko deitu eustien eta orain, barriz, ‘Kutxidazu bidea Ixabel’ filmerako deitu deustie emaztegaz batera parte hartzeko. Horrezaz ganera, oraintsu ETB1eko programa baten be narrutsik agertu nintzan.

13. Ze mezu bialduko zeunskie nudismoa sekula egin ez dabenei?

Nudismoa oso lagungarria da muga, aurreretxi eta eragozpen asko gainditzeko. Arazo asko geure barruan dagoz, sarritan guk geuk erreprimiduten dogu geure burua, eredu, arau eta jarraibide zehatzak ezartzen deuskuez eta zeozelan horreekaz apurtzen be jakin behar da; esangura horretan, nudismoagaz muga horreek errazago gainditzen dira eta mundua beste modu baten ikusten dozu.

Koldo Isusi Zuazo