Bidaide  IV. urtea // 127. zenbakia

Taiwaneko gatazkea (I)


Atzera begiratua

Taiwan eta Txinaren arteko gatazkea 1949an hasi zan, Mao-ren komunistek Txinan boterea lortu eta Kuomintang nazionalistek Taiwanetik bertako altxor eta urre-erreserbakaz alde egin ebenean. Txinak ‘Txina Herri Errepublika’ izena hartu eban baina nazinoarte mailan urteak pasau behar izan ziran hori autortzeko. Orduan Formosa ugartea zanak lehenagoko izena hartu eban, Txinako Errepublika, oraindino gaur egun erabilten dana. 1950ean, Mao-k ugartea erasoteko eukan ideia behera etorri zan, Estadu Batuek Kuomintang-en gobernuari laguntzinoa eskaini eutselako. Handik lau urtera, alkarkidetzako hitzarmena sinatu eben herrialde biek.

Osteko hamarkadetan, mundua gitxika-gitxika Txina komunistea autortzen eta haregaz hartu-emon diplomatikoak gauzatzen hasi zan. Horrek arazo ugari ekarri ebazan eta urtenbidea ‘Txina Bakarra’ politikea izan zan. Aldaketeak Taiwan baztertzen eban, Herri Errepublikearen parte izatera behartu ebelako ugartea. 1979an, Ameriketako Estadu Batuek Txina kontinentalagaz hartu-emonak arautu ebezan eta Taiwan albo batera itxi eben. Halanda be, Kuomintang-ek laguntzino militar ez-ofiziala izaten jarraitu eban. Laguntzino hau gaur egun be mantentzen da oraindino eta, lantzean behin, AEBen eta Txinaren arteko burrukak sortarazoten ditu.

1975ean, Chiang Kai-Shek fundatzailearen heriotzeak bide barriak zabaldu ebazan Taiwaneko panorama politikoan. Berak, demokraziarako trantsizinoari traba ugari jarri eutsozan eta ordurako ‘armada gorriaren’ erasoaren mehatxupean egoan ugartea. ‘Demokrazia 1989ko hauteskundeen ostean ezarri zan’, dino Lai I-Chung-ek. Taiwan Thinktank gobernuaren kontsultarako organoko Kanpoko Hartu-emonetarako zuzendaria da bera. ‘Ordutik aurrera, Kuomintang-en boterea independentziaren aldeko apustu garbia egiten eben partidu politikoen alde jausten hasi zan’. Holan, 2000. urtean, Chen Shui-bian Txinako Errepublikako (edo Taiwaneko, modu ofizialean ezagutzen zan legez) presidente hautatu eben.

Shui-bian presidenteak astiro, baina seguru, ekin deutso bideari, independentziarantz zuzen. Horrek egoneza sortu dau Pekinen eta, gobernu txinatarrak ‘antisezesino legea’ eskuan hartuta, helburu unionistei legezko izaerea autortu deutse. Holan, inbasino militarra aintzatesten dabe baina, beti be, ‘azken pausu legez, bateratzea ezin danean baketsua izan’. Gobernu komunisteak Taiwaneko kontua barruko arazotzat joten dau eta ez dau ezelako nazinoarteko eskusartzerik onartzen.

Munduan ahots barik

Ernegazino politikoa Taiwaneko uriburuko, Taipeiko kale zaratatsuetan igarten da. Taiwandarrak arduratuta dagoz eta badakie, zirt edo zart egitean, ondorioak larriak izango dirala. ‘Pasetan dagoanaren aurrean ezin dogu isilik geratu’, dino Rick Liaok, 22 urteko ekonomia ikasleak. ‘Norabide zehatza hartu behar dogu, derrigorrez, eta bateratu edo independente izan erabagi behar da. Baina ezin dogu legeetan dagoan hutsuneagaz jarraitu’.

Askok pentsetan dabe Liaok legez. ‘Taiwan estadu independentea da: zerga eta diru propioak daukaz, edukazino-sistemea sano desbardina da eta armada nazionala be badauka’, dino Lai I-Chung-ek. ‘Halanda be, nazinoarte mailan ez gaitue estadu legez autortzen eta, ondorioz, ezin dogu parterik hartu hainbat erakundetan. Nazino Batuen Erakundean be ez daukagu lekurik, Palestinari pasetan jakon legez. Taiwanek ez dauka ahotsik munduan eta hori konpondu egin behar da’.

Halanda be, barruko zatiketa politikoa nabarmena da. ‘Populazinoaren % 90 dago independentziaren alde, baina ez gara ados jarten Txinari aurre zelan egin erabagiteko orduan. Nazinoartera zabaltzeko daukagun traba bakarra Txina da’, dino 'Taiwan Thinktank'-en Kanpoko Hartu-emonetarako Zuzendariak. ‘Kuomintang buru dauen ‘Urdinak’ taldeko partidu politikoen aldekoak Txinagaz berba egitearen alde dagoz; alkarrizketa horren bitartez, orain daukagun ‘status quo’ hori onartzea da helburua. Taldearen politikea eskoindarra da eta oraintsu liderrak Txinara egindako bisitea porrot biribila izan da. Askok traizino moduan hartu dabe. Modu demokratikoan hautatutako gobernuak baino ez leukez izan beharko hartu-emon instituzionalak Txinagaz. Kontrako taldean ‘Berdeak’ deritxanak dagoz eta, tartean, gobernuko partidua bera. Euren esanetan, hartu-emonetan, Txina eta Taiwan maila berean egon behar dira eta, independentziari jagokonez, jarrera sutsuagoa daukie. Euren politikea sozialdemokrazia legez definidu daiteke’, dino I-Chung-ek. Alde bien arteko aurrez-aurrekoek ez deutse parlamentuari erabagiak hartzen ixten, ‘horregaitik, inoiz be ez dogu ezelako emoitzik lortuko’.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Etenbako mehatxuak 24 miloe laguni eragiten deutse. Taiwandarren bizimodua eta pentsetako erea baldintzatuta dagoz, Txinaren eraso posiblearen menpe bizi dira. Herria independente sentiduten da baina, aldi berean, Nazinoarteko Komunidadeak baztertu egiten dauela uste dau. Bertakoak zelan bizi diran jakiteko etorri gara hona eta, datozan hiru artikuluetan, planetan pil-pilean dagozan gatazka garrantzitsuenetarikoaren ganeko informazio sakona eskainiko deutsuegu.

Golpe siku baten ostean, balaztada gogorra. China Airlines konpainiako Airbus hegazkina lehen Formosa legez ezagutzen zan ugartera heldu dala adierazoten dauen seinalea. Hegaldia Txinatik Taiwanera hegazkinez joan daiteken uriburu bakarretik dator: Hong Kong. Barruan, Herri Errepublika osoko txinatarrak doaz, derrigorrez jo behar dabelako lehenago britainiar kolonia izandako uriburura. ‘Lurralde bien arteko ibilbide barriak laster zabaltzea gurako geunke, hartu-emon ekonomikoak normalizau daitezan’, dino Shanghaiko negozio-gizon batek. Astiro-astiro, hegazkina uriburuko aireporturantz hurreratzen doa: Taipei. Eraikinak herrialdearen fundatzailearen izena daroa, Chiang Kai Chek, eta, goi-goian, Txinako Errepublikako banderea dago, Taiwan legez ezagutzen dan lurraldearen banderea hain zuzen be.

Munduko estadu gehienen politikea, ‘Txina Bakarra’ legez ezagutzen dan hori indarrean egon arren (Pekinetik gobernetan dan Herri Errepublikea baino ez dabe aintzat hartzen), Taipeiko aireportura heldukeran ikusitakoak Taiwan estadu independentea dala emoten dau. Bidaiariak etorkinen ‘hall’ berezira daroan pasillo luzean zehar doaz. Han, Hu Jintaoren gobernuagaz zerikusirik ez daukien agenteek pasaporteak goitik behera begiratuko deutsiez. Ofizial horreek dira, ganera, bidaiako dokumentuei zilua jarriko deutsienak. Txinako gobernuari ez gustau arren, laukizuzen urdin baten barruan sartutako R.O.C siglek erakusten dabe Taiwanek arau, sistema eta ibilbide propioak daukazala.