Kulturea  IV. urtea // 127. zenbakia

Getxoko Letren Terrazan 30.000 lagun inguruk irakurri dabe libururen bat


Bizkaie!

Getxoko Letren Terraza ekimena abuztuaren 31an amaitu zan eta azken balantzearen arabera, 30.000 lagun inguru hurreratu ziran libururen bat irakurtera; horreetatik % 68a umeak ziran Getxoko Kultura Gelak jakinarazo dauenez.

Jenteak ekimenaren 21. edizinoari egin deutson harrerea oso onuragarria izan da, izan be, egunero 850 persona hurreratu dira..

Urtero lez, hiru guneetan (Areetako Geltokian, Algortako Geltokiko Enparantzan eta Andra Mariko Sarri Enparantzan) kokatutako kale-liburutegi horreetara jente ugari hurreratu da. Terrazak zabalik egon diran hilabete eta erdian, edade guztietako lagunak izan dira irakurleak baina, duda barik, txikienak izan dira protagonista.

Aurten 2.000 liburuko eskaintzea egin da, bai euskeraz zein gaztelerazko liburu eta komikiakaz, eta lan horreek danak hiru terrazetatik banatzen joan dira egunetan zehar jenteari ale guztiez gozetako aukerea emoteko kale-liburutegi bakotxean.

Beste alde batetik, aurten 19.500 mailegu egin dira, igaz baino % 13 gehiago. Mailegu guztietatik, 5.000 liburu, euskerazko liburu eta argitalpenak izan dira eta datu honek igazkoagaz alderatuz % 2ko areagotzea dakar. Oro har, maileguei dagokienean, egunero 450 liburu mailegatu dira.

Beste behin, ipuin liburuak eta eleberriak izan dira jentearen irakurketarik gustokoenak, egunkari eta komikien aurretik. Era berean, Andra Mariko liburutegia erabiliena izan da, Algortakoaren aurretik eta azken tokian, jente gitxien erakarri dauen terraza Areetakoa izan da.