'Iparreko Ibarra': Kaliforniako Sakramento uriko Euskal Etxe barria
Bizkaie!
Estadu Batuetako Kaliforniako estaduan, Sakramento inguruan hain zuzen be, Euskal Etxe barri bat zabalduko dabe urriaren 1ean Rocklin izeneko herrian egingo daben Jaialdian; 'Iparreko Ibarra' izango da bere izen ofiziala eta Noel Goyhenetche sanfrantziskotarra izango dabe lehendakari.
Euskal Etxe barri hau euskal-kaliforniar bikote gazteek osotu dabe, jatorria San Frantzisko, Bakersfield, Los Banos edota Chino lako urietan dabenak hain zuzen eta Sakramento inguruan biziten hasi eta gero, euren gurasoek emondako euskal kulturearen oinarriak seme-alabei irakasteko asmoz.
Abade baten gidaritzapean, euskal etxe honek dantzari txikien talde bat dauka daborduko, Bakersfield-etik datorren Rosemary (Etchamendy) Caballero dabelarik zuzendari. Euskal etxe honetako gazteak amerikarrak dira baina izatez bigarren edota hirugarren belaunaldi eusko-amerikarrekoak dira. Euren bizitza euskal etxeen giroan egin dabe eta bai jai, dantza zein euskal ohiturak euren bizipen amerikarren oinarri izan dira beti.
Danak batera, euskal etxeen urteroko topaketan izango dira Rocklin herrian urriaren 1ean. Hitzordu horretara Kaliforniako euskal etxeak eta auzokide diran Nevadakoak joatea espero dabe antolatzaileek. "1st Annual Basque Club Mus Tournament & Besta" izena jarri deutse jaialdiari.
Familia giroko jaia izango da, umeentzako estalperik bako joku eta ekimenak egongo dira eta Estadu Batuetako euskaldun nagusien jokuaren txapelketa bat egingo dabe, mus lehiaketea hain zuzen be.
Arratasaldeko ekimenak 17:30etan hasiko dira, ohikoa danez amerikar kulturan goizetik afalduko dabelarik, euskal-amerikar erako barbakoa eskainiz (ensaladea, indabak, artxoa, oilaskoa, gaztaia, izozkiak, ardaoa...).
Arratsaldeko 19:30etan dantzaldia hasiko da, musika eusko-amerikar doinuakaz lagunduta eta Jean Flesherrek eta bere bandak joko dabe. Musikari hau Estadu Batuetako mendebaldeko euskal picnic eta jaietako ohiko abeslaria da eta Rocklin-era Utah uritik joango da, han bizi baita bere emakume eusko-kaliforniarragaz eta bost urteko semeagaz; Jean-Julesek bere aitaren esanak euskeraz bakarrik erantzuten ditu. Jean Flesher musikariak, barriz, euskerea, frantsesa, gaztelera eta ingelesa dakiz.
Lehen Jaialdi iparkaliforniar honetan dantzari txikien ekitaldia be egongo da ikusgai, Rosemary (Etchamendy) Caballero (Bakersfield-eko Etchamendy familia ezterenzubiarreko alabea) andereƱoaren zuzendaritzeagaz.