Kultur Errotaren 1000. ekitaldia abenduan
Bizkaie!
Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek formatu txiki baina kalidade handiko kultur zirkuitu lez definidu dau prentsaurrean Kultur Errota, Hego Euskal Herriko euskera alkarteek antolatutako ekitaldien egitaraua. Danetara, 166 emonaldi eskainiko ditu Kultur Errotak aurten irailetik abendura bitartean. Ikuskizunok Topagunean federautako 48 euskera alkartek antolatu dabez.
'Kultur sare handien osogarria da Kultur Errota', Mendizabalen esanetan. Formatu txikikoa da, baina zirkuitu handiko 'hainbat kulturgile' formatu horretara egokitzen saiatzen da. Era berean, profesionalek eta amateurrek osotutako zirkuitua da. Beraz, Topaguneko Kultura Saileko arduradun Manuel Morenok 'programazinoaren pluraltasuna' azpimarratu dau, 'edade-tarte guztietako ikusleei zuzendutako zenbait ikuskizun antolatzen da-eta': musikea, antzerkia, diaporamak, literatura emonaldiak, ipuin kontalariak, etab. Euskera alkarteen ahalegina bikotxa da. Alde batetik, euren inguruko eskaintza kulturala aberasteko zeregina euren gain hartu dabe eta, bestetik, aberaste hori kalidade eta iraunkortasunean oinarritu dabe. Aurtengo programazinoan literaturea ardatz daben ikuskizunen ugaltzea nabarmendu daiteke.
Kultur Errota egitasmo kulturalaren helburu nagusia euskerazko kultur eskaintzea aberastea da. Zirkuituak programazino jarraia eta kalidadezkoa eskaintzen dau eta euskerazko kulturea konsumiduteko ohiturea sortzen laguntzen dau. Azkenik, zirkuitua eskaintzean, kulturgileen produkzinoa sustatzeko ekimena be bada Kultur Errota.
Hori guztia antolatzeko, 145.000 euroko aurrekontua izan dau Topaguneak. Azken urteetako datu ekonomikoek agirian itxi dabe autofinantzaketa maila bikoiztu egin dala. Aldi berean, gero eta emonaldi gehiago eskaintzen dira eta horrek euskera alkarteen lana erakusten dau. Esaterako, 2002an, 125 ikuskizun antolatu ebezan alkarteek Kultur Errota egitasmoaren barruan eta, aurten, 166.
Kultur Errotaren 8. edizino honetan, zirkuituaren 1.000. emonaldia eskainiko da. 1998ko zemendian Elgoibarren hasiera emon jakonetik, bide oparoa egin dau Kultur Errotak eta, 2005eko abenduaren 17an, Elorrion, Bikoteatro taldeak eskainiko dauen 'Euskara sencilloaren manifestoa' emonaldia izango da lehen milakoa biribilduko dauena.
Azkenik, asko eta askotarikoak dira Kultur Errotan parte hartzen daben kulturgileak. Eskertzekoa da batzuk zirkuitu honetan jarduteko egiten dabezan formatu aldetiko egokitzapenak. Bateren batzuk nabarmentzekotan, hasierako edizinoetatik eskaintzaren parte izan diran ondokoak:
- Musikea: Arima Beltza, Amaia Zubiria, Jabier Muguruza, Petti.
- Antzerkia: Ander Lipus.
- Ipuin kontalariak: Pello AƱorga, Koldo Amestoy.
- Pailazoak: Pirritx eta Porrotx.
- Dantza: Urbeltz Dantza Ganbara.