Antxina-barri  IV. urtea // 127. zenbakia

Bilboko Kontsuladua


XVI. mendea izan zan onena Bilboko Kontsuladuarentzat. Urte horreetan itxas ontziz egindako merkatal tratuak ugaldu egin ziran eta honek etekin haundiak ekarri ebazan Bilbo eta Bilbotarrentzako zein Bizkaia guztirako. Espainiako Erregeek egindako gerrateak be ezin izan ebezan tratu eta onura guzti horreek ostopau.

XVII. mendean, Kontsuladuaren lanak beherakadatxua izan eban baina XVIII. mendeak haize hobeak ekarri ebazan. Erakundeak berak be, Bilbon San Anton elizaren alboan eukan lursail batean berreraiki eban egoitza. Eraikinean, ganera, Bilboko udaletxeak be jarri eban egoitza barria. Beraz, honek emoten deusku Kontsuladuak eukan garrantziaren barri, udaletxeagaz beragaz be ia bardinduz. Sasoi honetan, Kontsuladuaren banderea gorria zan, San Andres kurutzeagaz eta erakunde honen aginduetara egozan ontzi guztiakaz.

Erakundeak lan ugari egin ebazan, tartean Bilboko errekea garbitu eta sakondu, ubide barriak zabaldu eta kai barriak egin. Kontsuladuaren ardurak Bilboko Errekatik eta itsaso zabalera artekoak ziran. Urtean behin, honen barri emonaz, erakundeko arduradun danak Konsuladuak berak jaietarako eukan ontzi berezian sartu eta Portugalete aldera joaten ziran. Bertara heldu eta soka bategaz lotutako harria itsasora botaten eben. Sokeraren goiko partean egurrezko seinale bat jarten zan. Holan, Kontsuladukoek euren agintea nora arte heltzen zan ezagutarazoten eben.

Errekako joan-etorriak gero eta ugariagoak zirala ikusita, Nantes eta Brujaseko portuetako arauak Bilbon be jarri zairan indarrean. Berbarako, sasoi honetan hasi ziran portuko praktiko eta pilotoen garaiak.

1737an, Kontsuladuaren araudia egokitu beharra egoala eta, erakundeak lanari ekin eutson. Araudi hau, antza danez, nahiko ondo egin zan eta handik gitxira hainbat herrik be bere egin eben.

Baina Bilbok bizi eban garapena ez zan ondo ikusten ez Espaniako Gobernutik ezta Bizkaian bertan ziran beste herri batzuen aldetik be. Holan ba, 1801eko abenduaren 31ean emondako aginduaren bitartez, Madrileko Gobernuak agindu eban Bilbotik Portugaletera egoan beste edozein urik Bilboko moduko portuak zabaltzeko eta martxan iminteko aukerea eukiela. Agindu honek arriskuan jarten eban Bilbok ordura arte eukazan abantailak. Honek guztiak ‘Zamakoladea’ deitutako iraultzea ekarri eban. Dana dala, eta Kontsuladuari jagokonez, 1814an Bilbon inguruan egiteko zan ‘Bakearen Portua’ ideia bertan behera geratzea ekarri eban.

Baina 1828an Bilboko Kontsuladuak eukan indarra barriro izateko, Espainiako Gobernuak Merkataritza Araudia zabaldu eban. Araudi barri honen ondorioz Kontsuladuak eukan araudi berezia bertan behera geratu zan. Horixe izan zan Kontsuladuaren azkena.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

XVI. mendearen hasieran Bilbok garrantzi itzela eukan merkataritza munduan. Portutik urtetan eben Espainiarako, Ameriketarako zein Europa guztirako hainbat produktuk, batez be burdinak. Ganera, hain garrantzitsua zan Gaztela edo Castillako lanea kanpora eroateko be erabilten zan.

Lanearen merkataritzea Burgoseko Kontsuladuaren menpe egoan. Baina Bilbok gero eta garrantzi eta indar gehiago eukala eta, Juana Erreginari berton Kontsuladua izatea eskatu eutsien.

Bilboko Kontsuladua 1511ko bagilaren 21ean sortu zan. Bere aginduetara 500 bat itsasontzi egozan eta euren zeregina lanea eroan eta telak ekartea zan, batez be Brujas aldetik. Azkenean, uri honegaz izandako tratua oso handia izan zan eta Bilbotarrentzat baldintza bereziak adosten ebazan hitzarmema sinau eben. Ganera, ‘Bizkaiko Etxea’ izeneko ordezkaritzea sortu zan. ‘Bizkaiko Etxe’ honen eginbeharrak merkataritzeagaz zerikusia euken tratuak arautzea, laguntzea eta indartzea ziran.