Ardaoaren santutegira erromesaldia
Osorik bete genduan plana. Lapueblan hamaiketakoa egin eta bodega bi bisitau genduzan, bata txikia eta tradizionalagoa eta bestea handiagoa eta egungo teknika aurreratuetara egokitutakoa. Bietan edan genduan ardaua, zelan ez, eta bietarik egin genduan, edan eta kantau, eta dantzarako be animau ziran batzuk, payatarren soinu txiki eta panderoaren erritmora. Eguna itzel girotuta egoala Biasterin egin genduan urteroko osteratxoa eguerdiz, kaleak trikiti doinuz beteaz eta tabernak bertso desafio txikiekaz zipriztinduz.
Biasteriko bazkalostea be polito luzatu zan, kantu zahar, bertso barri, eta Kubako segidillen doinupean. Edozeinek izaten dau kantetako aukerea, ez dago gidoirik, gairik, ezta ordenik be, alkar zirikatu, ahal dauenak bere burua defendidu eta bertsoen itzalean barre batzuk bota. Bertsolariek eurek oso gustokoa izaten dabe giro horretan kantetea, plazetako formalidade eta publiko zabala ahaztu, eta informaltasunik sanoenean (ardauagaitik ez balitz) eta lagunartean bertsotan gozatzeko. Lagunarteko bertsozaleok be majo gozetan dogu entzuten. Iluntzetik aurrerakoak Bastidan emon genduzan. Lehenengo bertsotan, eta beranduago batera musikeak eta dantzak lekukoa hartu eben Herriko Tabernan. Giro ederrean amaitu zan eguna, eta gauerdia ondo jota hartu ginduzan autobusak etxerako bidean. Nekatuta amaitu genduan, baina gose eta egarri guztiak polito asetu ostean.
Iñaki Aurrekoetxea
Urteroko zitara hutsik egin barik, joan dan zapatuan antolatu eban Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Arabar Errioxarako txangoa. Ohiturea da zuzendaritza taldeak urtean zehar Elkartean lan egin eta laguntzinoa emon dabenei gonbitea luzatzea eta alkarregaz egun pasa ederra egitea. Hogei bat laguneko taldea batu da aurton, bertsolari eta bertsozale lagunarte aparta: Xabier Amuriza, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Fredi eta Xabier Paya, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Elkarteko lehendakari Karmelo Uriarte... eta enbeitatar autobuskadea. Moises Enbeita izaten dogu erromesaldian artzain, eta eguneko lehenengo geldialdian, Trebiñun, kafeagaz batera pasetan dau bidaia orria. Aurton be ez dau hutsik egin, eta ondoko bertsoak kantau genduzan paperetik Markoxen txarria doinuan:
Nagi barik jagi ta
motxila lepora,
ilusinoz beteta
etxetik kanpora.
Hemen gatoz barriro
mahatsaren orpora...
ia bueltatzen garan
sano ta gustora.
Ez da faltako janik
ezta be edanik,
horretan behintzat inok
ez euki dudarik!
Baina neurriak hartu
Ez dago hobarik...
ondo pasa nahi bogu
baina pasa barik.
Bareusie ez dogu
betiko lekuen,
gura bai baina ez dau
gaur nire eskuen.
Sukaldaria bere
barrie gaurkuen,
baina gure sabela
ez dau arriskuen.
Lapuebla de Labarka
gaur gune zentrala,
bertan jakin doguna
ez da ez makala:
‘patilladun’ bat oso
ezaguna dala,
hori zelan dan berak
azaldu daiala.
Beti lez Biasterin
gure jatordue,
hirurak inguruen
jarteko ordue.
Mahaia eukiko dogu
ondo hornidue,
genero ona eta
ganera mordue.
Etxerako bidean
Bastida ezagun,
paradatxo bat bertan
ein barik ezin jun.
Kantue ta bertsoa
bota eta entzun...
ia gaur erromesik
galduten ez dogun.