Eretxia  IV. urtea // 126. zenbakia

Berba egin beharrean, hasi daitezela lanean


Iñaki Atxutegi

Udako oporrak pasau ostean, arotzak bildurtuta dagoz euren beharra egiteko konpetentzia handia izango dabelako. Eta altzari diseinugileak zer esanik ez. Danok gabiz arduratuta mahaia dala eta ez dala. Zelakoa izan behar dan, nor jarriko dan, ze baldintzatan, zer lortzeko eta, batez be, zenbat aulkigaz.

Euskal politikagintzearen ezaugarri nabarmena da: oraindino existiduten ez danaren ganean berba egiteko prest dagoz danak. Eta ez hori bakarrik: egin beharrekoa egin baino lehenago, egindako ekimen haretatik zerk urtengo dauen esaten orduak eta orduak emoten dabez. Ez ete da hoba izango lanean hastea alperreko txutxumutxuetan denporea galdu barik?

Baikorrak bagara onartuko dogu danak (PP kenduta) bat datozela mahaiarena nahitaezkoa dala esaterakoan. Zorioneko mahaia. Mahai horreen inguruan betiko gai politikoak eztabaidatuko dira (autodeterminazinoa, lurraldetasuna, ordezkapen politikoa, Euskadi eta Espainiaren arteko hartu-emonak…) eta subertea badago, akordioren bat urtengo da ditxosozko mahaitik. Horri akordio erabagiorra deitzen deutse.

Baina Gaztelako errefrau zaharrak esaten dau deabrua detaileetan ezkutau egiten dala. Hara, mahaia izango dala eta izan behar dala esan eta berehala nor joan leitekeen eta nor ez dan joango eztabaidatzen bazterrak nahasten hasten dira. Honeek dira komeriak, holako gauzak ez dira eta komunikabideetan eztabaidatzen. ‘Mahai azpiko lanak’ dira arazoa konponduko dabenak eta mahaiarako bidea egingo dabenak. Beste modu batean, daborduko danok esaten dogun modura, ditxosozko sukaldea.

Ez daigun ahaztu diskurtso ofizialak alde batera itxita, euskal politikagintzearen eragileek ez dabilzala pakea lortu guran bakarrik. Ondo ulertu esan dodana: ez dot esan inor gerrearen bila dabilenik, bakearen baldintzak izango dirala eztabaidagai nagusiak baino. Su-eten hutsa izango dan ala ez. Autodeterminazino eskubidea tartean izango dan ala ez. Euskadi eta Espainiaren arteko hartu-emonek orain arte legez jarraituko daben ala ez. Horrenbeste edukin politiko egon leitekez tartean eta urtengo dana bata ala bestea izanda, eragileak garaile ala galtzaile urten leitekez prozesutik.

Ez dautsat nik garrantzi berezirik emoten jentaurrean esaten diran horrenbeste adierazpeni. Garrantzitsuena eragileek zer egiten daben ikusi ahal izatea da eta ez zer esaten daben. Ez da lan erraza balio dauena eta balio ez dauena bereiztea, baina panoramea ikusita, badirudi baikor egoteko arrazoiak badaukaguzala.