Barriketan  IV. urtea // 126. zenbakia

Luis Prieto: 'kanpora joan behar izan ezkero, joango nintzateke'

Orain dala 26 urte jaio zan Luis Prieto. Dimoztarra, txikitatik kirolzalea, laster hasi zan futbolean jokatzen. Arratia futbol-taldean hasi, Eibarretik pasau eta Athletic Bn ibili ostean, hainbestetan amestutako eguna 2002ko irailaren 1ean heldu zan. Partidu berezia zan ha, Realaren kontrako derbia; eta partidu berezia izan da aurtengo Ligako lehenengo jardunaldian jokatutakoa. Prietorentzat, bereziagoa. Atzelari lana gogorra da baina, oraingoan bai, dimoztarrak barriro amesa bete eta Athletic gorenera eroaten lagundu dau, zelan lagundu be!.

Opor-sasoia amaituta dago baina eguzkiak ez eban kupidarik izan Bizkaie! Prietogaz alkartu zan egunean. Termometroak gora egin arren, dimoztarraren lasaitasunak eta berba egiteko tenpleak giroa eroangarriagoa egiten lagundu eban.

1.- Ligako lehenengo partidua 3-0 irabazi, San Mamesen, Realari, Bilboko Aste Nagusian. Ganera, hamabi urte pasau ostean (1993ko urriaren 3an Zaragozari San Mamesen 2-1 irabazi eutsen zuri-gorriek), Athletic lider barriro. Lorpen horretan zure ekarpentxua be badago, Realaren kontrako hirugarren golagaz.

Bai, golak sartzea pozagarria da beti. Ganera, ni ez nago oso ohituta eta ilusino gehiago egiten dau horrek. Amari eskaini neutson. Orain lau urte hil zan eta baneukan gogoa berari gol bat eskaintzeko. Aurrerantzean gol gehiago sartzea da nire helburua, urruneko faltaren batean edo...

2.- Gogor hasi bai, eta, gogor amaituko dozuela uste dozu?

Goizegi da hori esateko. Partidu bat baino ez dogu jokatu eta uste dot taldea oso ondo egon zala. Partidu ona jokatu genduan eta hau da aurrerantzean jarraitu behar dogun bidea eta ia hurrengo partiduetan be joko bera egiten dogun.

Horretarako, entrenamentuak oso garrantzitsuak dira eta aurredenporaldian be fin ibili da taldea. Presino aldetik taldea ondo dago, talde moduan bloke legez ondo presionetan dogula uste dot eta Realaren kontrako partiduaren giltza hori izan zala esango neuke. Azken baten, talde osoa da defensea eta atzean ondo egoteak asko esan gura dau eta taldeak asko irabazten dau. Mendilibarrek askotan esaten deusku hori, giltza presinoan dagoala, talde-presinoan.

3.- Aurten aldaketa ugari izan dira, Del Horno Chelseara joan da, Ezquerro Bartzelonara, entrenatzaile barria... Taldeari orekea galdu eragiten deutse gorabehera horreek?

Aldaketa nabarmenak izan dira horreek baina behetik datozan jokalariak oso ondo datozela be kontuan hartu behar da. Hutsune horreek eurak beteten dabez eta taldea, bloke moduan, bardin geratzen da.

Beti euki behar da gogoan talde moduan jokatu behar dala. Del Horno oso garrantzitsua zan guretzat, golak sartzen ebazalako eta oso jokalari trebea dalako eta Ezquerro be oso jokalari ona da. Hutsunea itxi dabe, bai, baina beste jokalari batzuk dagoz gauzak oso ondo egiten tarte horreek beteteko, Gutierrez berbarako.


4.- Jose Luis Mendilibarrek hanka onez hasi dau denporaldia. Lan gogorra egin dauenaren seinale?

Bai. Aurredenporaldian, hasieratik igarri geuntson entrenamentuetan asko eskatzen dauen entrenatzailea dala. Azken baten, entrenetan dozunaren araberako partidua jokatzen da beti. Horregaitik, hasiera batetik gure ganean egon da asko eta, oraingoz behintzat, ondo urten jaku.

5.- Ze desbardintasun nabarmenduko zeunke Jose Luis Mendilibarren eta Ernesto Valverderen artean?

Biak dira entrenatzaile oso onak. Ernestogaz oso ondo egon ginan eta Mendilibar beste era bateko entrenatzailea da. Akaso, zaldibartarra entrenamentuetan jokalarien ganean egoten da gehiago eta partiduetan be jokalarien ganean egotea gustetan jako. Ernestok, momentuan bertan ez deutsu esaten zelan egin dozun hau edo bestea. Mendilibarrek, barriz, bai.

Tratuan, entrenatzaile biak dira onak eta uste dot subertea euki dogula eurekaz.

6.- Datozan lau denporaldietan Athleticen jokatzeko kotratua daukazu. Ganera, urtebetez luzatu leiteke. Etorkizuna seguru ikusteak lasaitasuna emoten deutsu?

Alde batetik, bai. Orain arte, urtebeteko edo, gehienez, urte biko kontratuak euki dodaz eta horrek urduri jarten zaitu, ez dakizulako hurrengo urtean zer egingo dozun edo non egongo zaran. Horregaitik, lau urterako kontratuak konfiantzea eta seguridadea emon deust.

Jokatzeko eran be igarten da hori, denporaldi amaieran ez dozulako zertan urduri egon behar hurrengo urtean zer egingo dozun pentsetan. Trankilago jokatzen laguntzen deust eta bete-betean sartzen naz neure zereginean. Hori bai, lau urterako kontratua euki arren, entrenamentu bakotxean eta partidu bakotxean daukadan dana emoten dot eta emongo dot, intensidade beragaz egingo dot behar.

7.- Denpora hori pasau ostean, kanpoko talderen baten jokatzeko ateak zabalik ala zarratuta eukiko dozuz?

Futbolaren munduan inoiz be ez dakizu non amaituko dozun. Egia da oraintxe bertan ez dodala pentsetan beste talderen batera joatea. Lau urte eta, akaso, bost daukadaz aurretik Athleticen. Gero, hemen lekurik ez daukadan eguna heltzen danean, heltzen bada, orduan pentsauko dot zer egin. Niri Athleticen amaitzea gustauko litxakit baina, kanpora joan behar izan ezkero, joango nintzateke, baita atzerrira be. Kanpora joan diran jokalariek esperientzia ona izan dabela ikusten gabiz eta holako aukeraren bat euki ezkero, neu be joango nintzateke.

8.- Ligako hamaikako gazteena dauka Athleticek aurten, Mallorcagaz batera. Horrek taldeari bizitasuna emon eta mesede egiten deutso ala urteakaz hobeto jokatzen ikasten da?

Talde danei gustetan jake jokalari gazteakaz jokatzea. Halanda be, egia da beti egon behar dirala jokalari ‘beteranoak’ lasaitasun apur bat eta esperientzia hori emoteko. Lehengo eguneko hamaikakoa ikusita, talde sendoa egon zala uste dot, gehienak gaztetxuak izan arren. Partidu oso garrantzitsua izan zan, derbia ganera, eta taldeak arpegia emon eban.

Jokalari ‘beteranoak’ daukiezan talde asko dagoz eta hori igarten da, batez be esperientziaren aldetik.

9.- Futbolean jokatzeaz gan, pelotaka be ibilten zara batzutan.

Bai, asko gustetan jat frontoian jokatzea, batez be palaka. Asko gustetan jat kirola egitea eta Diman beti egon da frontoian jokatzeko ohiturea. Nik, udan batez be, beti jokatzen dot han lagunakaz. Txikitatik gustau jat frontoia eta telebistan be askotan ikusten dot. Futbolaren kontuagaz ez daukat denpora lar, baina libre daukadanean askotan joaten naz. Ganera, hango inguruko pelotariei asko jarraitzen deutsiet, batez be Imanol Agirreri.

10.- Jokalari batzuk jokatzera baino, zelaira euren burua erakustera joaten dirala esaten da askotan. Zer deritxazu joera horri?

Danetarik dagoala uste dot. Batzuk kalidade handiko jokalariak dira eta ‘filigrana’ asko egiten dabez. Beste batzuk, ostera, oso serioak dira eta euren lana modu diskretuan egiten dabe. Munduan danetarik egon behar da!

11.- Eta futbolaz kanpo, modeagaz eta bestelako kontuakaz sortu dan munduari?

Bakotxa libre da futbolaz kanpo gura dauena egiteko. Zelaian, Athleticen kasuan, danak gara bardinak.

12.- Jairik-jai ibiltea gustetan jatzuela be entzuten da. Realaren kontrako partidua amaitu eta Bilboko Aste Nagusiari zelako amaierea emon eutson Luis Prietok?

Ondo, aprobetxau genduan! Taldea oso ondo egon zan, irabazi egin genduan eta hiru puntuak Bilbon geratu ziran. Ganera, Aste Nagusia amaitzear egoan. Misterrak esan euskun libre geunkala eta aprobetxau egin genduan, gogoagaz ganera! Astean zehar, lagunak eta inguruko danak Bilbora parrandan doazela ikusten dozu eta zuk ezin dozu! Sikeran, azkenengo eguna aprobetxau genduan!

Saioa Torre Gereketa