Eszenatokitik, mugak apurtzen
Julen Gabiria
550.000 euroko aurrekontuagaz eta, batez be, ilusino handiagaz, Miarritzeko Chimeres antzerki talde ezagunak eta Donostiako POK produkzino etxeak 'Kaukasiar kreazko borobila' antzezlanaren barri emon eben joan dan astean. Bertolt Brechtek idatzi eta Itxaro Bordak euskerara ekarritako lan honetan 30 personak hartuko dabe parte, eta, urriaren 13an aurkeztuko bada be, daborduko ikusmina piztu dau.
Atentzinoa emoten dauen lehenengo datua aurrekontuarena da: eurotan esanda, 550.000; oindino guztiz ahaztu barik daukaguzan pezetatan esanda, errazago ulertzen da: ia 100 miloe. Horreetatik diruetatik, zatirik handiena Europar Batasunetik jaso dabe Chimeres eta POKekoek, hain zuzen be 178.000 euro. Beste laguntzaile asko be badagoz, tartean Euskal Kultur Erakundea, Akitania-Euskadi erakundea edo Eusko Jaurlaritza, besteak beste. Kostauta lortu ei dabe diru hori, eta proiektua urtebete atzeratu behar izan dabe, hasikerako diru faltagaitik. Eta ez gabilz alperrik berbetan diruaren gainean: inon dirua behar bazan, proiektu honetan zan. Proiektu konplexua dalako, muga asko apurtu gura ditualako, Iparraldean egin dalako eta euskerazko bersinoa baino ez dauelako eukiko, esate baterako.
Kaukason jazotako kontakizun bi alkartzen ditu antzezlan honek: lehenengoan, ama batek umea alboan ixten dau, eta beste andra batek heziko dau orduan. Bigarren kontakizunean, lehenengoagaz paraleloan, ama beharrean lurra agertzen jaku protagonista lez: persona batek lurra herentzian hartzen dau; besteak, barriz, landu egiten dau. Norena izango da umea? Norena lurra? Antzezlaneko arduradunen berbetan, 'galdera horreek gaurkotasun handia daukie gure gizartean', zer esanik ez kontakizun horreek euskal munduan emoten badira. Nortasuna, jabetza, gizartearen antolakuntza... ezagunak egiten jakuzan gaiak dira, duda barik. Pentsatzekoa zan, gainera, obrak irakurketa sozialen bat eukiko ebala, Brechtek idatzitako lana izanda.
Baina sakoneko irakurketea hor dagoan arren, arduradunek azaldu dabe 'Kaukasiar kreazko borobila' lana energia handiko komedia dala. Komedia musikala, gainera; izan be, kantuak, musikea eta Zuberoako dantzak alkartuko dira bertan. Baina, gainera, eta honek apurtzen ditu mugarik gehienak, antzezlana euskeraz baino ez da izango. Nonork pentsauko dau, euskeraz baino ez bada, mugak eregi egiten dituala, apurtu beharrean. Baina ez, kasu honetan ez: euskeraz izan arren, ikusleek ez daukie zertan euskaldunak izan. Ikusle horreek pantaila bat eukiko dabe aurrean, eta bertan testuaren itzulpena leidu ahal izango dabe. Antzerki lanaren zuzendaria dan Jean Marie Broucaretek azaldu ebanez, 'horren helburu nagusia da euskerazko antzerkia esportetako modukoa dala frogatzea'. Mugak apurtzeko ahalegin interesgarria da antzezlan hau, eta, izakera multikultural hori dala-ta, ez da hain harritzekoa nazinoarteko diru-laguntzak be jaso izana. Bestetik, Broucareten esanetan, lan honen gaiak eta berau produziduteko moduak aukerea emoten dau 'zelango Europa artistikoa osotu gura dogun' erabagiteko, eta alde horretatik be interesgarria izan daiteke.
Esan dogun moduan, antzezlana urriaren 13an estreinauko da Nafarroa Behereko Izpura herrian, eta hurrengo egunean be emonaldia egongo da bertan. Handik egun gitxira, Baionan egingo da aurkezpen ofiziala, eta, gero, azaroan, Gasteiz, Azpeitia, Hendaia eta Donostiako eszenatokietan ikusi ahal izango dogu. 2006ko martian, barriz, BaraƱain eta Bordelen egongo dira, baina ekitaldien zerrendea ez dago oindino itxita: hori programatzaileen esku dago. Eurei toketan jake oin ausartak izatea, Chimeres eta POK taldeetakoak izan diran moduan.