Tornadoak atrapautako artzainaren omenez
Bizkaie!
Etienne Iriberry, Euskal Herritik Johnson County-ra (Ameriketako Estadu Batuak) joan zan azken artzaina oraintsu hil da Wright Wyomingen. Iriberryk 54 urte eukazan eta tornado batek atrapauta hil da. Bai, bai, tornado batek atrapauta. Pelikula bateko gidoia emoten dau baina errealidadea da. Azken aldian fenomeno natural itzelek oihartzuna izan dabe mundu mailan, New Orleans eta inguruak erabat apurtu dituan urakana dala eta ez dala. Bada, natureak Katrina urakanaren zerrenda baltzean dagozan lagunez gan, beste bizi bat eroan dau, Iriberry artzainarena hain zuzen be.
Biografia
Etienne Iriberry 1951ko abenduaren 14an jaio zan Lasan (Nafarroa Beherea) eta Martin eta Marie Louise Iriberry ziran haren gurasoak. 1969an, ikasketak amaitu eta 1971n Johnson Countyra joan zan, Michel eta Pierre Iriberry osaben ardiak zaintzera. 1973ko urriaren 25ean Anita Curuchetegaz ezkondu zan Buffalon eta Kayceera joan ziran bizitera. Han, Linchen, Sierra Construction enpresan egin eban lan. 1995ean, Black Thunder Coal Mine ikatz-meategietan, Wrighten, hasi zan lanean eta han ibili da tornadoak ezustean atrapau eban arte.
Tornadoaren nondik-norakoak
AEBetako Meteorologia Zerbitzuak esan dauenez, 2. mailako tornadoa izan zan Iriberry hil ebana; orduko 113 eta 130 milia arteko abiadurea eta milia-laurdeneko zabalera izan eban, gitxi gorabehera. Tornadoak heriotza bi eragin ebazan, tartean euskal artzainarena. Horrezaz ganera, dozenaka lagun zauritu eta hainbat familia etxe eragin geratu ziran.
Orain dala gitxi, Euskadin
Hilabete eskas pasau da Iriberry Euskadin izan zanetik. Orain 34 urte alde egin ebanetik egiten eban lehenengo bidaia izan zan eta bost astez egon zan.