Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 126. zenbakia

Suteen negozio handia


Atxilotuak, kontratuak eta amatauriko metroak

Garagarrilean Lugoko A Fonsagrada udalerriko erreten bateko lau kide atxilotu ebazan basoari su emoten jardun ebelako; hile horren 27an libre itxi ebezan, karguak eta guzti, eta horrek susmoen zauri zaharrak zabaldu ebazan. 1996an, kasu baterako, Bartzelonako Vilanova del Camí herrian babes zibileko kide bi atxilotu ebezan. Horreetariko batek suteak eragiten ebazala erakutsi zan, urte osoan kontratau eien. Memorian, Albazeteko Yeste herrian 1994an izandako sute ikaragarria; orain arte inguru horretan izandako tragedia ekologikorik handiena; lekuko batzuek abioneta bat ikusi eben suzko botilak jaurtitzen.

Eta datu kezkagarri bat: Gaztela-Leonen enpresek kobretan dabe amatauriko metroen arabera. Gauza bera pasetan zan Galizan 80ko hamarkada osoan. Sutea amatetan joan eta handitzen eta zabaltzen ixten eutsien metro gehiago amatau ahal izateko.

Euskal Herriko egoerea, zorionez, oso bestelakoa da. Gurean suteak amatetako ardura eta beharra ez dago esku pribaduen esku. Horrek suteak aberasteko bide modura erabilteari trabea jarten deutso. Batzuek publikoa dan guztia ez dala eraginkorra modu interesatuan behin eta barriz adierazo arren, argi dago hainbat arlotan egitura publiko sendo bati eutsi behar jakona, interes ilunak nagusitu ez daitezan.

Herritarren usteak bestelakoak izan arren, piromanoak eta espekulatzaileak ez dira suteen eragile nagusiak. Sasiak erreteko lanek sute ugari eragiten dabe, bai eta suaren atzean dagozan interes ekonomiko handiek be.

Begiluzea

Orain dala 2.000 urte inguru, Julio Zesarren Erroman, Marko Lizinio Krasori suhiltzaileen lehenengo zerbitzua sortzeko ardurea emon eutsien. Zeregina ondo be ondo bete eta suteen kopurua agiriko moduan murriztu zan; ondorioz, suteak amatatzearren kobrau ohi ebazan drakmen zenbatekoa be urritu zan. Hori ikusita, suteak biztuteko lana eukan talde paraleloa kontratau eban. Lizinio aberastu zan, suteek negozio modura eukien balioa topau eta gero. Milurte bi geroago, Iberiar Penintsulan Europako Batasun osoko 40.000 suteen erdia izaten da.

Suteak, kontratuak eta dirua

Esku interesatuek basoari su emoten ete deutsien bildurra kondaira edo mito baltzetik harantzago doa. Gero eta gehiago gastetan da suteak amatetako eta urterik urtera orduan eta azalera zabalagoa erreten da. Ekuazinoa, behinik behin, nahiko susmagarria da, ezta?

Estaduko administrazinoak 2005ean 370 miloe euroko gastua aurreikusi dau suteen kontrako burrukan. Ehundaka hegazkin eta helikopterori eustea eta 23.000 behargini ordaintzea ez da bape merkea diruzaintza publikoarentzat.

Basoko suteak eta beharginen kontratazinoa lotuta ikusten dabez hainbat ahots kritikok. Basoak erreten badira, kontratuak luzatu ohi dira. Baina, askoz be gehiago dago sute baten antzean; izan be, suteek ekonomia bizkortzen dabe arin be arin.

Mendiek eta arbolek sortu eragiten daben onurek ez dabe banketxeko konturik mobiduten (euriari laguntzea, higadurea ebitetea, akuiferoak betetea, klimearen aldaketeari aurre egitea, animalia eta landareen aberastasuna jagotea), baina basoa erretan bada, dirua barra-barra hasten da zirkulatzen. Suteak amatetako kontratazinoez ganera, sugarrei aurre egiteko hidrohegazkinak, helikopteroak, ponpen eta produktu kimikoen hornikuntzako enpresak... kontratau behar dira, bai eta baso pistak zabaltzeko makina astunak, egurra atarateko beharginak eta haztegi nahiz birlandaketa zerbitzuak be. Amatauriko baso hektarea bakotxeko 4.500 pagau behar doguz zergadun guztion artean.