Bidaide  IV. urtea // 126. zenbakia

Txina eta gitxiengo etnikoak (II)


Uigur eta Tibeteko lider independentistek gero eta indar gitxiago daukie garapen ekonomikoaren eta mendebaldearen erakarpenaren aurrean amore emoten daben herritarren artean. Txinako Gobernuak badaki armen bidez ezarritakoa fikzino hutsa dala eta horregaitik, askosaz eragingarriagoak diran akulturazino kanpainak abiatu ditu.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Txinako gitxiengo etnikoen ganeko bigarren atal honetan, Tibet eta Xinjiangen bizi daben egoera larria aztertuko dogu.

Txinako gobernuaren burukomin handia dira eta herrialde barruko desegonkortasun giroa ez eze, nazinoartearen begiradea eta ardurea eragiten dabenak, Tibet eta Xinjiang, hain zuzen be. Alderdi Komunistearen ardura eta ahulgunea izan dira beti aitatutako gitxiengo etnikoak. ‘Han’ gehiengoak ez ditu ulertzen gitxiengo horreen asmo eta aldarrikapenak. Wi Xiang, Beijing uriburuko herritarrak adierazoten dau Han gehiengoaren jarrerea: ‘Gobernuak, berez, pribilegioak dabezan gitxiengo etnikoen bizi baldintzak hobetzeko horrenbeste diru gastetan badau, zergaitik sortarazoten deutsiez aberriari horrenbeste arazo? Arlo danetan egonkortasuna behar dogu hazkunde ekonomikoan etenik ez izateko eta, esangura horretan, traba baino ez dabe egiten gitxiengo etnikoek’.

Kontuak kontu, Tibet eta Xinkjiangeko herritarren esanetan, dana ez da diruan eta garapen ekonomikoan oinarritzen; norberaren identidadea, nortasuna eta buru-estimua be ez dira ahaztu behar eta, arlo horretan, euren hizkuntzan eta euren oinarri kulturaletan oinarritutako hezkuntza sistemarik zergaitik ez dagoan galdetzen dabe behin eta barriro. Txikitatik, gitxiengo etnikoetako umeek (datu ofizialen arabera, % 90 dago eskolatuta) Han ofizialek ikuskatutako eskoletan ikasten dabe. Eskolan, ‘putonhua’ irakasten jake, mendebaldean ‘mandarin txinera’ lez ezagutzen doguna, hain zuzen eta, horrezaz ganera, txinatar aberriaren baloreetan oinarritutako hezkuntzea jasoten dabe: komunismoa, nazino batasuna eta nazinoartearen buru-estimua.

Gauzak holan dirala, aitatutako gitxiengo etnikoen mobilizazino eta aldarrikapenei aurre egiteko Gobernuak errepresinoa eta Han inmigrazinoa apliketan ditu. Mohammed, Xinjiangeko Uigur gazte baten esanetan, ‘Beijingek Han gehiengoa diruz lagundu dau beti muga inguruetan eta gitxiengo etnikoek kontroletan dabezan lekuetan ezarri daiten. Errepresinoa agirikoa izan da; sezesionismoa gogor zigortua izan da beti eta Xinjiang independientearen alde egin daben Uigur herritarrek heriotza-zigorra jaso dabe’. Urumqui uriburuko kaletan osterea egitea nahikoa da militarren eta poliziaren neurriz kanpoko presentziaz jaubetzeko; ganera, tensinoa eta bildurra handiak dira asiar arpegikerea dabenen eta musulmandarren artean.

Halan da be, Txinako Gobernuaren burukomin handiena Tibeteko Lurralde Autonomoa izan da beti. 1949ko iraultza komunistatik Tibetek beti egin dau independentziaren alde eta ordutik protesta eta aldarrikapenak indarrez erasotuak izan dira; dana dala, Han gehiengoaren inmigrazino politikeari esker, Tibeteko herritarrak gitxiengo etniko bihurtu dira eta Lhasa edo Shigatse uriek ekialdeko uri handien gero eta antz handiagoa daukie. 'Tibet asimilazino prozesu larrian sartu da’ Sisi Liu, Hong Kongeko Amnesty Internationaleko zuzendariaren eretxiz. ‘Gazteak itsututa dagoz konsumismoaren indarragaz eta Han gehingoak ekarritako bizimoduagaz eta euren jatorria eta arbasoak erdi ahaztuta duakiez; Tibeteko balore tradizionalek atzera egin dabe nabarmen India eta Nepaleraino, kasurik onenetan. Tibeteko herritarren erresistentzia gero eta ahulagoa da, Gobernuak lurraldea kontroletako aplikautako neurriak eragingarriak izan dira eta laster indarra erabiltea be ez da beharrezkoa izango’.