Antxina-barri  IV. urtea // 126. zenbakia

Banketxe baten porrota

Credito de la Unión Mineraren historia


Azkenean, holan konpondu zan Credito de la Unión Minera Banketxearen porrota. Hortik aurrera, Aldundiek itun barria negoziau behar izan eben Madrilen eta eztabaidatu zan egoeratan ezatabaidatuta, Itun barri hau ez zan bape ona izan euskaldunontzat, batzar horretan eta eztabaidetan parte garrantzia izan eban Horacio Etxebarrieta enpresarioak hilebete batzuk geroago onartu eban moduan.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


Banketxe berbea entzun eta berehala jatorku burura diru kontua, izan be, horixe dira banketxeak, dirua gordeteko erakundeak. Inoren dirua, ze eurek ez dabe euren eskutik ezer ipinten; egiten daben guztia inoren dirua gorde eta diru horregaz jokatuz, etekinak lortzea baino ez da. Eta gero eta etekin handiagoak, prentsan agertutako datuen arabera.

Baina ez daigun pentsau banketxeak eta etekinak batera doazenik. Joan dan mendearen hasieran izan zan Bizkaian, etekinik atara ez eta porrota bizi izan eban banketxe bat, eta porrot honek hainbat bizkaitarren hondamendia be ekarri eban; banketxe horren izena Credito de la Unión Minera zan.

Banketxe hau 1901eko bagilaren 13an sortu zan sasoi horretan bizi zan industria garapenaren itzalpean, Banco de Bilbao edo Banco del Comercio bere garaian edo urte berean Banco de Vizcaya sortu ziran moduan. Sortzaileak mehategi eta enpresa nagusietan zerikusia euken Bizkaiko enpresa gizonik garrantzitsuenak ziran. Horrezaz ganera, hainbat bizkaitarrek be ipini ebezan banketxe barriaren eskuetan euren diru apurrak. Banketxe barria sortu eta urte batzuetara Bizkaian ziran banketxeen artean garrantzitsuenetarikoa izatera heldu zan, Banco de Bilbao eta Banco de Vizcayaren atzetik.

Dana dala, 1914an bere lehenengo porrota ezagutu eban banketxeak baina beste banketxe batzuen laguntzinoagaz eta Espainiako Banketxeak emondako kreditu baten bitartez, egoera ekonomikoari aurre egitea lortu eban. Gero Lehenengo Mundu Gerrearen sasoian etekin handiak lortuz barriro banketxeak bere momenturik onenak ezagutu ebazan 1920an. Sasoi horretan, Espainiako banketxeen arteko sailkapenean, zazpigarren postuan egoan.

Edozelan be, gerrea amaitu eta egoerea aldatu zanean, banketxea, Bizkaiko gizarte osoaren antzera, sasoi ilunak biziten hasi zan. 1925ean, banketxeak beste Bizkaiko kreditu erakunde batzuen moduan, esaterako Banco Vasco edo Banco Agricola Comercial izenekoak, porrot egin eta ateak zarratu egin behar izan ebazan.

Banketxeak 92 miloe pezetatako zuloa eukan. Porrotaren errudunak izateagaitik banketxeko batzordekide, gerentea zein langile batzuk sartu ebezan Bilbon egoan Larrinagako kartzelan, besteak beste, Acillonako Marquesa, Vicente Llaguno, San Martin, Santisteban, Federico Meltzer zenbatzailea edo Iñaki Belaustegigoitia kutxazaina; danetara, 17 bat persona.

Ikusiz banketxeak bizi eban egoera eskasa epaileak izentautako Administrazino Batzorde barriak zezeilaren 10ean egindako batzarrean ordainketak bertan behera ixtea erabagi eban. Zarratzeko asmoa ezaguna zan Bilbon eta Bizkaia osoan eta apirilaren 1erako antolatu zan bazkideen arteko batzar orokorra. Bertan Ahaldun Nagusia zan Ceferino Urienek, epaileak banketxeko zuzendari izentauta, porrotaren barri emon eta erakundearen likidazinoa egiteko erabagiaren barri emon eban.

Porrot honek kalte haundiak ekarri ebazan hainbat bizkaitarrentzat eta horregaitik edo beharbada banketxearen gidaritzan bizkaiko industria gizon haundienetarikoek diruak sartuta eukiezalako apirilaren 1ean Merkataritza Ganberako buru zan Anjel Jausorok batzarra antolatu eban Ateneoko gelatan Bizkaian ziran “nagusien” edo erderaz esanda “fuerzas vivas” guztien artean. Batzar horretara deitu ebezan Bizkaian ziran 60ren bat alkarte, enpresa, banketxe zein partikularren ordezkariak. Euren bildurrik nagusiena banketxeak porrot egin ezkero, Bilbok eta Bizkaia osoak emongo eben irudi negargarria ez zabaltzea zan. Horretarako, Madrileko Gobernuagaz batera, Aldundiak beharrezko neurriak hartzea erabagiorra zan. Kontuak kontu, Aldundiko burua zan Ceferino Urienengana joan eta euren asmoen barri emon eutsien eta hau horretan jardun eta lan egitearen alde agertu zan.

Bizkaiko Aldundiak zeozer egin beharra eukan arazoa konpontzeko eta Madrileko Gobernuari laguntzinoa eskatzea erabagi eban, batez be, kolokan ikusi zalako Aldundiaren etorkizun ekonomikoa eta etorkizun ekonomiko horretan zerikusia eukalako hurrengo urtean adostu beharreko itun ekonomikoak.

Madrileko Gobernuak Itun Ekonomikoa barriztauko ebala esan eban baina baldintza bategaz: Bizkaiko Aldundiak 70 miloeko kreditua eskatu behar eban, behin batzordekideen ondasunekaz 20 miloe pezeta lortu eta gero horretan geratzen zalako banketxearen zuloa eta diru horreek banketxearen porrotean kaltetuentzako erabiltea jarri eban. Bizkaiko Aldundiarentzat kreditua lar handia zan eta Itun Ekonomikoaren etorkizuna be jokoan zala ikusirik, Arabako zein Gipuzkoako Aldundiek lagundu eutsen Bizkaikoari..