Jan-edanak  IV. urtea // 126. zenbakia

Plagizidak (II)


Imanol Sarasola,
enologoa

Plagiziden gaineko aurreko idatzia txiki geratu zala eta, hona hemen jarraipena, plagiziden eraginen gainekoa, hain zuzen.

Plagiziden hondakinak ager daitekez bai mahastietan, bai muztioan eta baita ardaoetan be. Izan be, mahastiei egiten jakezan tratamentu batzuk produktu fitosanitarioakaz egiten dira eta aurreko artikuluan esaten genduan lez, tratamendu horreek behar dan moduan egiten ez badira, hondakinak geratu daitekez. Tratamenduok mahastiaren hazkunde begetatiboa emoten danean egiten jakez landareei eta batez ere fruitua agertu eta heltzen edo umotzen dan bitartean.

Plagizidei dagokienean, ezagutu beharreko ezaugarri bat da mahatsa zuzenean jateko izango dan edo ardaoa egiteko. Jateko bada, kontuan hartu behar dira alde batetik, plagizidak landareari eragingo deutsozan eraldaketak, komerzializazino tartea zenbatekoa izango dan eta baita mahatsa egongo dan hozkailuetan jasango dauen degradazinoa be.

Ardaoa egiteko bada, mahastietan jasotako mahatsa bodegetara garraiatzen da eta bertan hasten da ardaogintza prozesu enoteknikoa: ardao zapalketea, iraztea, beratzea, prentsatzea, muztio garbiketea, hartzidura alkoholikoa, trasiegoa, klarifikazinoa, estabilizazinoa eta iragazketea, haizn zuzen be. Alde horretatik, prozesu enotekniko guztiak modu egokian egin ezkero, hondakinak eta bakteriak desagertarazo egin daitekez (muztioaren zufrearen % 90 bertan geratzen da eta baita fungizida dikarboximilikoen % 40 inguru be).

Plagizida gehienak ez dira ondo urtzen uretan. Urtzen diranen artean, benzimidazolak dagoz; honeek ardaoa egiteko prozesuan desagertzen dira bentonita, silize gela edo ikatz aktiboa erabiliz.

Azken buruan, ardaogintza prozesuko filtrazino desberdinek ez dabe bermatzen hondakinen desagerketea.