Igor Elortza: 'bizkaierea neureago sentiduten dot, bertsoak barruagotik urtengo baleu legez'
Durangarra, hirugarrenez txapeldun
Bizkaia mailan, gogor dabil bertsolaritzearen geroa, baina errelebua ez da ikusten oraingoz. Igor Elortza eta Unai Iturriaga jaun eta jabe izan dira azken urteotan eta ganerakoak kikilduta dagozala emoten dau, munstro handi horreen kontra ezer egiterik ez dagoala pentsaurik.
Kontuak kontu, bertso eskoletan behar handia egiten dabe bertsolariek, baina akaso plaza faltea igarten jake gazteenei.
1. Zorionak Igor. Bizkaiko Txapelketea 2002 ederra izan da, eta finala be ez da edozelakoa izan. Momentu hunkigarriak, barregarriak, serioak, danetariko gaiak eta finaleko 2. zatian indarrak pare-parean. Unai ondo ezagutzen dozu, berak be ondo ezagutzen zaitu; baina kontaiguzu noiz igarri zenduan txapela zeurea zana.
Azkenean Unai izentau baeben txapeldun, ez nintzan asko harrituko. Orain urte bi txapela Aritzegaz jokatu nebanean, garbiago ikusi neban, baina aurten nire izena entzun arte dudak nituan. Buruz burukora pasau ginanean bardinketea zan nagusi; geroago, zortziko txikiko eta 'Aizak hi mutil mainontzi' neurriko saioetan: amoma lentzeriaren bila eta banderen gaiagaz biok ondo ibili ginan, eta kartzelako bertsoakaz oso gustora geratu nintzan, Unairenak be entzun nituan eta akaso hor pentsau neban txapela hurrago egoala.
2. Unai Iturriagak be nahikoa meritu egin eban txapela irabazteko. Makalaldirik igarri zeuntsan?
Saioaren hasikeran, zortziko txikian Unai eta Oihane aurrez aurre izan ziran: Unai inmobiliaria bateko beharginaren papelean eta Oihana etxe bateko mamuarenean. Biak eta publikoa bera be nahikoa sustauta geratu ziran gaiagaz, eta atzean gengozan bertsolariok nasaitua hartu genduan gai hori entzunda. Unaik eta Oihanek ez eben ondo pasau, baina hor galdutako terrenoa geroago errekuperau eben. Makalaldi larririk ez neutsan igarri, beharbada azken partean, beharbada ni baino apur bat nerbiosoago ikusi neban kartzelakoan. Dana dala, saioetan danok be hiru-lau momentu txar izaten doguz.
3. Txapelketa honetan beste izen batzuk be azpimarratu leitekez: Igor Muniategi, Fredi, Iratxe Ibarra, Oihana Bartra... . Gazteak zelan ikusi dozuz?
Ondo. Gazteei plazak falta jakez eta igarri egiten da txapelketetako momentu batzuetan, berbarako bakarkako gaietan. Edozelan be, polito ikusi dodaz. Oihana Bartra Getxon asko gustau jatan; zaindu beharreko neskea dala iruditzen jat. Ezustea ez da izan niretzat, ze eskolarteko sasoietatik ezagutzen dot. Etxahun Lekuek be inpresino ederra itxi deust. Bermeon saio ederra egin eban eta finalean be bai. Bertsoak txukun osotzen ditu eta bertsolari zorrotza eta fina da ideietan. Bestalde, aurten eskertzekoa izan da Frediren jarrerea; izan be, durangar biei gauzak gatx ipinteko mehatxua jaurti eta bete egin eban. Iratxe Ibarrak be, nire ustez, orain arteko finalik onena egin dau aurten. Azkenik, laprastada batzuk egin arren, Igor Muniategi eta Beñat Gaztelurrutia be gustau jataz. Oihane Enbeita, barriz, oso zentrauta ikusi neban. Duda barik, Bizkaian maila polita dago, baina, jakina, aukerak emon behar jakez.
4. Parte hartu ez dauen arren, Aritz Lopategi danon ahotan egon da.
Bai. Danok be Aritzen faltea hartu genduan. Pena handia izan da, baina neurri baten ulertu be ulertzen dot txapelketea egin gura ez izatea. Ez dakigu hurrengorako animauko dan, baina ona izango litzateke agertzea, ze nik pentsetan dot Bizkaia mailan zeresan handia dauela.
5. Kanporaketa saioetan ezuste batzuk izan dira; izan be, aurrera egiteko geunkazan faborito batzuk kanpoan geratu dira. Zer erakusten dau horrek?
Beharbada kasu nabarmenena Arkaitz Estiballesena izan da. Kontua da Bizkaian finaleko zortzikotean sartzea gero eta gatxagoa dala; orain urte batzuetakoagaz konparauta, bertsolarien mailea handiagoa da orain, eta ezin da inor despistau edo lokartu.
6. Plaza kontua aitatu dogu lehen. Bertso saio edo jaialdiak antolatzen dituenak bertsolari konsagratuak edo ezagunak gura izaten ditue eta, jakina, gazteak desanimetako arriskua dago. Zein da konponbidea?
Ez da erraza. Betiko arazoaren aurrean gagoz. Alde batetik, logikoa da antolatzaileek ahalik eta saiorik erakargarriena preparau gura izatea puntako bertsolariakaz eta, bestetik, ulertzekoa da gazteenek plazak eskatzea. Oreka lortzea ez da erraza. Hori bai, arazo hau musikan, literaturan edo antzerki arloan be pasetan dala uste dot. Bertsotan, maila profesionalean edo amateur mailan dabilzan bertsolarien artean ez dago horrenbesteko alderik, baina egia da plaza kontuan sekulako aldeak dagozana. Sasoi baten guk errazago izan genduan, hutsune bat egon zalako. Aitatutako maila bi horreetako bertsolariek nahastean kantetea ona izan daiteke, baina maila apalagoko bertsolariak euren artean trebatzea be egokia da. Horretarako, badakit Bizkaian gazteak hasita dagozana, alkartearen babespean, baina eurakandik hasita lekua topetako ahaleginetan. Bizkaiko eskualde bakotxean bertso eskolak dabilz beharrean eta eurek dakie hobetoen ze leku eta zein egun izan daitekezan onenak saioak antolatzeko. Eskualde batekoak beste baten kantau leikie eta alderantziz. Ideia batzuk badagoz, eta danon ausardia behar da orain.
7. Bizkaierea entzun da txapelketan, baina larregi be ez. Motz emoten izan dau, bikoteka, batek batuaz bertsoa bota eta besteak bizkaieraz erantzutea edo alderantziz. Zuk zeuk, Igor, bizkaieraz kantau dozu.
Berez, nik uste dot jenteak eskertu egiten dauela bizkaieraz kantetea; Bizkaian bizkaieraz kantetea naturalagoa, aberatsagoa da eta komunikazinorako mesedegarria. Bizkaierea neureago sentiduten dot, bertsoak barruagotik urtengo baleu legez. Dana dala, gehienok batuaz hasi ginan bertsotan eta batuaz trebatu ginan eta, beraz, apurka-apurka egin beharreko gauzea da, pausu hori emoteko bertsoa dominauta euki behar dozu eta nahikoa natural eroan behar dozu. Pozik eta itxaropentsu egoteko arrazoiak badagozala esango neuke, ze orain urte batzuk Juanjo Respaldizak baino ez eban bizkaieraz kantetan, eta gaur egun gehiago gara.
8. Euskal Herriko Txapelketan Egaña tronutik kentzea ezinezkoa da?
Ezinezkorik ez dago. Azkenengo txapelketan Maialen be txapela janzteko moduan ikusi genduan. Egunen baten destronau beharko da zarauztar hori. Oraingoz, plazatan emongo deutsagu egur apur bat, bildurtzen joan daiten. Hiru urte barru izango da hurrengoa eta oraingoz ahaztutea izango da onena. Azken EHko txapelketan txarto pasau neban eta gero pare bat hilebete egin dodaz bertsotan egin barik; trankilago ekin deutsat bertsolaritzeari gero eta mesedegarria izan dalakoan nago.
9. Durangoko azokan 'Kontuak kantu' aurkeztu dozu. Idazle ala bertsolari sentiduten zara?
Bertsolari, ezelako duda barik. Bertsolari sentiduten naz; bertsolaritzea afizinoa da, baina ofizio legez be hartzen dot. Hamabost urtegaz Bizkaiko finalera heldu ostean, geratu barik ibili naz bertsotan plazarik plaza, bizitza erdia ia-ia, orain 27 urte daukadaz eta. Bertsolaritzearen osogarri moduan hartzen dot idazle zeregin hori. 'Kontuak kantu' honetan, nire beharra oso gertu egon da bertsolaritzatik: Azkuek Euskalerriaren Jakintza liburuko hainbat ipuin bertsotara ekarri dodazalako. Dana dala, argi dinotsut idaztea be gustetan jatala.
10. Gabonak ganean dagoz. Erregaluak Olentzerori ala erregeei eskatzen deutsazuz?
Olentzerori lehen eta orain amari eta neska-lagunari. Etxean beti izan da Olentzero, baina amoma eta aititarenean erregeen erregaluak hartzen nituan umetan. Orain pozago hartuko neukez aitita eta amoma, baina harek be joan ziran eta, duda barik, gustora hartzen dodaz ingurukoek egindako erregaluak.
11. Urte barriari eskatzen deutsazuna bertsotan adierazoko zeunke?
Urte barria jatorku laster
joan da beste urtebete
Neutzat gura neuke gustora
bizitzeko lain suerte
Euskal Herria euskaldun, libre
ta baketsu gura neuke
Baina hori urteak ez dau egingo
Joan jakuz hamaika urte
Hori, eskean ibili barik
lortu egin behar geunke.
Koldo Isusi Zuazo