Zelako usaina datorren!
Iñaki Atxutegi
Nire hasierako asmoa manifestazino eskubidearen ganean idaztea zan. Badakizue azken egunotan ezker abertzaleak Donostian eta Bilbon deitutako manifestazinoek hamaikatxu erreakzino eta adierazpen sortarazo dabezana.
Mingarria da demokrazia batean manifestazinoa antolatzeko batzuek egin behar dabezan errebueltak ikustea. Alderdi politiko bat ilegalizau egiten dan momentutik, ez da harritzekoa beste edozein eskubide urratua izatea.
Gauzak holan dirala, ikusten dogu zelan manifestazino bat ilegalizautako alderdi jakin batek deituta dalako galarazoten dala. Handik egun gitxira, lelo bardinagaz lagun batzuek egindako deialdia legala da. Lagun honeek ez dira, hain zuzen, zerutik jausitakoak. Inok uste dau Tasio Erkizia edo Txomin Ziluaga lako lagunek Alderdi Popularraren aldeko manifestazino baterako deialdia egingo dabenik? Holako kontuek adierazoten dabe, hain zuzen be, biziten dogun demokraziaren kalidadea. Edo euskal politikearen eskizofrenia mailea.
Baina ez zan manifestazinoa bera, hain zuzen be, konturik azpimarragarriena. Bilboko manifestazinoaren amaieran izan zan, nire ustetan, jazoerarik nabarmenena. Eta ez Pernando Barrenak berbea hartu ebalako. Ez dakit Barrenak berba egitea legala ete zan, baina bai ‘normala’, manifestazinoaren deia nondik etorren kontuan hartuta.
Gogoan izateko moduko berbak izan ziran Barrenak esandakoak. PSOEri eta Espainiako gobernuari dei egin eutsen ausartak izan daitezan. Horraino ez dago nobedaderik. Ezker abertzaleak beti eskatu deutse besteei bere buruari eskatu ez deutson ausardia. Jarraian eskatu eutson Espainiako Gobernuari ezker abertzaleak emon beharreko hurrengo pausua adierazo daiala. Hori harridurea nirea! Nork eta Barrenak esaten deutso Espainiako gobernuari: ‘Aitu! Orain, zer ein bigu?’
Denporea emon dot esaten usain goxoa daukan zeozer datorrela sukaldetik. Ez da kasualidadea atentaduetan hildako barik emon dogun denporea luzea (urte bi eta hiru hilabete daborduko). Ez da kasualidadea EHAK Eusko Legebiltzarrean izatea. Ez da kasualidadea zemendian Anoetan esandakoa. Ez da kasualidadea Madrileko Kongresuak adierazotakoa. Ez da kasualidadea azken asteotan ETAk ia aktibidaderik ez izatea. Horregaitik, ez da kasualidadea Pernando Barrenak holako dei publikoa egin izana. Suetetik zer datorren ez dakigu, baina gero eta seguruago nago platera ikustean gozamen handia hartuko dogula.