Bertso zaharrak Bilboko Zazpi Kaleei jarriak
Goizeetan ez dago argirik
desagertu baitzen ziplo
eta eguzki dirdiratsua
noizko dugu ikusiko?
Gizakiz bete den hiri honek
badauka hainbat musiko
puta, makarra ta polizia
ertzain eta kilimiko:
ZEIN IZANGO ETE DEN HIRI HAU
BERBERA EZ BADA BILBO?
Eta zerurik nik ez dakusat
tartean baita geruza
kutsaduraz eta pitzaduraz
horniturikako putza.
Ta gure itxaropen usuak
bete dira malerusaz
jeringak, tripiak, soldadutza
ditugularik bezuzak:
ZEIN IZANGO ETE DEN HIRI HAU
BERBERA EZ BADA BILBO?
Ba omen zegoen rokero bat
pitzaturik zegoena
hiria berarentzako zeukan
aterperik maiteena.
Larrua jo eta zaldiz joan
haiek ziren lasterketak
behin helmugarantz zihoala
ase zituen apetak:
ZEIN IZANGO ETE DEN HIRI HAU
BERBERA EZ BADA BILBO?
Hauxe duzue nire hiria
polita, nazkagarria
hemen dago neronen kabia
doilorra, maitagarria.
Zirriborro hutsa den hesia
abaro zebaezina
hor dut denboraren eraginaz
amatatuaz geldika:
ZEIN IZANGO ETE DEN HIRI HAU
BERBERA EZ BADA BILBO?
Aurreko astean Iñaki Aurrekok Urtzi Urrutikoetxearen bertso barriak ekarri euskuzan Aste Nagusiari jarriak. Marijaia etxera joan da, baina Bilbo ondino bizirik dago. Neuk bertso zaharrago batzuk dakardaz, Gotzon Loberak orain aspaldi argitaratutako liburu batetik: Botxoa zatalka.
Bilboko deskripzinoa egiten dau orduko Angel Lobera Revillak (izan be, liburua 1985ekoa da). Urtziren bertsoakaz alderatuz, honeek bertsoak sano “gordinak” dira, baina ez dagoz Santutxuko gaztearen bertsoak baino azauago errealidadetik.
Xabier Paia