Hizkunea: soziolinguistikearen ataria
Xabier Paia
Soziolinguistikea. Auskalo zer dan hori! Gizarte-hizkuntzalaritza berba multzoa be inoz ikusi dot, baina ez oso leku fidagarrian. Bigarrenak, ostera, akaso argiago azaltzen dau berbaren esagurea. Askok pentsauko dabe soziolinguistika egiten dabela eguen gauetan Gasteizen, Bilbon edo edozein uri handitan trago batzuk edan artean berba egiten dabenean.
Beste batzuek pentsauko dabe 'soziolinguistika' soziologia eta hizkuntzalaritzearen arteko batuketea dala, hau da, beharrik bako karrera bat gehi holako beste bat.
Neurri batean paradoxikoa da, ze soziolinguistikea izango zan erdalguneko euskerearen ezin mantentzea azaltzeko gakoa. Akaso, gaurko nerabeek euskereari hainbeste erreparo izatearen arrazoia jakingo gendun. Eta fenomeno soziala izango zan hori jakitea.
Ba akaso soziolinguistikea hori dana izango da, baina baita askoz gehiago be. Berbarako, jendeak jakin daian Euskal Herriko soziolinguistikearen egungo gorabeherak zelangoak diran, Eusko Jaurlaritzeak Hizkunea sortzea erabagi dau. Hizkunea Eusko Jaurlaritzearen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarri elektronikoan argitaratutako buletina da, soziolinguistikeagaz zerikusia daukien gai eta ezaguerak zabaltzeko helburuagaz sortua. Aldizkariaren ale bakoitza lau ataletan egituratuko da. Horreen artean, bere lan-eremuan ezaguna dan egileren batek idatzitako artikuluak izango dau pisurik handiena. Argitalpen eta azterlanei buruzko barriak eta gertakizunen agenda dira Hizkunearen ganerako osagarriak. Holako argitalpen dinamiko bati jagokon legez, atalok astero, hamabostero zein hilero egunera daitekez, albisteek eskatzen dabenaren arabera.
Bere nortasun ezaugarriak galdu barik, eta Euskal Herrian argitaratzen dan aldizkaria dala ez ahaztu arren, edozein eremu geografikotan soziolinguistikearen arloko barriak jasoten dauzen argitalpena izan gura dau Hizkuneak. Ahalik eta zabalkunderik handiena lortzeko asmoz, orrialde nagusia eta artikuluen laburpenak lau hizkuntzatan eskainiko dira: euskeraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz. Artikulu osoa, ostera, euskeraz eta ingelesez argitaratuko da. Esandako legez, ahalik eta informazinorik aitagarrien, eguneratuen eta fidagarrienak eskaini gura deutsez aldizkariaren irakurleei atal eta hizkuntza ezbardinetan. Hizkuntzen erabilereari jagokonez, protokolarioa emoten dau ezer baino. Hau da, Eusko Jaurlaritzak bere zabalkunde-politikari jarraituz beti egiten dauan lez, euskerea hedapen handiko beste hiru hizkuntzagaz agertzen da testuotan, baina mamia bi hizkuntzatan baino ez da emoten. Horrek muga txiki bat egiten dau.
Artikulua egile espezializatuen esku itxi gura izan da. Agerkariaren ardatza izango da eta soziolinguistikeagaz lotutako gai jakin batzuen inguruan idatzitakoa izan behar dau. Artikuluaren ezaugarri nagusietako bat inoz argitaratu bakoa izatea da eta hilero barrituko da.
Berez, emoten dau proiektuaren asmo nagusia soziolinguistikearen inguruan egiten diran ekimenen barri izatea dala. Inork harpidetza egin gurako baleu, hona jo daiala: http://servicios.ejie.es/cgi-bin_listserv/wa?SUBED1=l-euskadi-hizkunea&A=1
Herria eta hizkuntzea.