Zinea  IV. urtea // 125. zenbakia

I heart Huckabees


Film hau premisa interesgarri batetik abiatzen da: personen bizitza osoa aztertzen daben ikertzaile existentzialen zerbitzuak kontratetako aukerea. Gauzak holan dirala, ustezko osogai filosofikoen atxakian, film honen garapena oso irregularra da. Istorioa nahiko delirantea da eta personaiak guztiz estrafalarioak. Eta munduaren egoerearen eta giza existentziaren ganean berba egikeran, adar jote baten aurrean gagozana jakin arren, pelikulea erritmoa galtzen doa, gogaikarri bihurtzeragino.

Edozelan be, gag eta eszena batzuk nahiko barregarriak dira; ganera, pelikuleak oso antzezle onak daukaz. Gidoiaren eta kontakizunaren gorabeherak albo batera itxita, Dustin Hoffman-ek eta Lily Tomlin-ek bikain jardun dabe ikertzaile existentzial eta eszentrikoen zereginean. Hain ezaguna ez dan Jason Schwartzman-ek pelikulearen pisua eroateko gauza dala erakusten dau. Eta bigarren mailako antzezleek euren zeregina ondo be ondo beteten dabe, kasu baterako azkenengo sasoian lan etan lan diharduan Jude Law-ek, bai eta Mark Wahlberg, Naomi Watts edota Tippi Hedren-ek be.

Laburbilduz, filma ganberrokeria hutsa baino ez da; ez dago gidoiari eta filmaren garapenari nondik oratu; dana dala, adar jotearen logikea onartuta, ondo pasetako eta barre egiteko pasarte batzuk opesten dauz.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: David O. Russell.
- Herrialdeak: AEB eta Alemania.
- Iraupena: 106 minutu.
- Antzezleak: Dustin Hoffman (Bernard), Isabelle Huppert (Caterine), Jude Law (Brad Stand), Jason Schwartzman (Albert), Lily Tomlin (Vivian), Mark Wahlberg (Tommy Corn), Naomi Watts (Dawn), Kevin Dunn (Marty), Ger Duany (Nimieri).
- Gidoia: David O. Russell eta Jeff Baena.
- Argazkia: Peter Deming.
- Muntaia: Robert K.